Ekainean ebaluazioa: ez soilik ikasturtearen amaiera

Published: Tuesday, 16 June 2026, 7:55 AM
Banda

Ekaina heldu da, eta, horrekin batera, ikasturtea ixteko premia administratiboa: aktak, bilerak… Zurrunbilo horretan, interesgarria da Guerreroren ekarpena (2026) ikaslearen ebaluazioaz. Txostenak betetzeko unean, arriskua dago soil-soilik oroimenera jotzeko, eta horrek informazio generikoa, etiketatzailea eta laguntza gutxikoa sortzea ekar lezake. Horregatik, azken balorazioa ikasturtean zehar bildutako ebidentzietan oinarritu behar da (errubrikak, oharrak, ekoizpenak…), oroimenaren alborapenak saihesteko.

Guerrerok hiru ataleko egitura proposatzen du: 

  1. Ikasleak zer lortu duen.
  2. Bidean dagoena, ikasleak oraindik autonomiaz menderatzen ez duena, denbora luzeagoa eta praktika zabalagoa eskatzen diona.
  3.  Aurrera egiteko proposamen zehatzak.

 Halaber, beste ekarpen esanguratsu bat egiten du: errealitatea etiketatzeari uko egitea eta jokabidearen zein ikasprozesuaren deskribapen zehatza egitea. Adibidez,  “adigalkorra da” esan beharrean, egokiagoa litzateke honela adieraztea: “jarduera luzeetan arreta mantentzea kostatzen zaio, batez ere bakarka lan egiten duenean”. Ildo horretan, CCA printzipioa erabiltzea proposatzen du (conducta [jokabidea] + contexto [testuingurua] + acción [ekintza]), era batera edo bestera ematen dugun informazioa, zehatzagoa, orientatzailea eta motibatzailea izan dadin.

Ikuspegi hori bat dator Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumak (HEOC) dioenarekin: ebaluazioa informazio-bilketa sistematikoa da, hobekuntzara bideratutako deskribapen eta iritzi arrazoitua emateko. HEOCaren arabera, ebaluazioak ez du funtzio sumatibo hutsa; funtzio formatiboa du nagusi, prozesua bera erregulatzeko, moldatzeko eta doitzeko. Gainera, ebaluazioak ikuspegi zabala eskatzen du; izan ere, ikaslea ez da ebaluagai bakarra, irakaslea eta euskaltegia bera ere hobekuntzarako unitate gisa aztertu behar baitira.

Hori horrela, ebaluazio-prozesu hori maila instituzionalera eramateko une estrategikoa da ekaina. Gairínen hitzetan (2026), hobekuntza ez da berez gertatzen; horretarako, elkarrekin lotuta dauden lau arlo garatu behar dira: curriculuma, erakundea, arlo profesionala eta komunitatea. Zentzu berean, Arizak (2026) proposatzen du ikasturte-bukaerako memoria ez izatea amaierako puntu bat, banda edo bisagra bat baizik, bizi izan dugunaren eta irailerako erabaki nahi dugunaren arteko lotura-puntua, alegia. Arizak gogorarazten digun bezala, hurrengo ikasturtea ekainean hartzen diren erabakietatik hasten da. Hala, helburua ez da memoria luzeagoak idaztea eta dokumentu gehiago pilatzea, bizi izan duguna hobeto irakurtzea eta funtsezkoa identifikatzea baizik: zer ikasi dugun, zer erabaki hartuko ditugun eta horretarako zer baldintza behar ditugun. 

Laburbilduz, ikasleen emaitzak aintzat hartuta, ekaineko ebaluazioa eta memoria euskaltegia "ikasten duen erakunde" bihurtzeko iturri nagusiak dira. Gogoeta banakakoarena izatetik kolektiboarena izatera igarotzean, esperientzia hori guztia ezagutza partekatu eta irizpide bilakatzen da hurrengo ikasturterako plangintza berrirako. Horrela, ekaineko itxiera ez da tramite burokratiko bat izango, hurrengo ikasturteko lehen hobekuntza-ekintza baizik, ikas-irakas prozesuen kalitatea etengabe sustatzeko eta pertsona zein erakunde gisa ikasteko.

Erreferentziak

Ariza Pérez, M. A. (2026, ekainaren 5a). Junio no debería ser solo cerrar actas: debería ser aprender como centro.  Miguel Ariza. https://miguelariza.es/2026/06/05/junio-no-deberia-ser-solo-cerrar-actas-deberia-ser-aprender-como-centro/

Gairín Sallán, J. (2026). Hezkuntza-erakundeak hobetzea. Etengabe ikasten duten profesionalak eta erakundeak. e-Hizpide, 107. https://doi.org/10.54512/EJEU5118

Gonzalez de Txabarri, J., Elosegi, L., Agirre, H., Larramendi, A., Maiz, A. eta Gonzalez de Txabarri, L. M. (2015). Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma (HEOC). HABE, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea. https://doi.org/10.54512/HEOC-2021  

Guerrero, I. (2026, ekainaren 7a). ¿Cómo hacer los informes en menos tiempo? Educlaustro – Boletín Educativo.  https://educlaustro.substack.com/p/como-hacer-los-informes-en-menos

Show comments
  • Ainara Maya UrrozAinara Maya Urroz - Tue, 16 June 2026, 12:19 PM
    Artikuluak ebaluazioaren inguruko hainbat ideia interesgarri planteatzen ditu, baina praktikara eramatea ez da beti hain erraza. Ebaluazio formatiboaren onurak argiak izan arren, askotan denbora faltak, ikasleen interes indibidualek eta curriculumaren nahiz azterketa ofizialen presioak zaildu egiten dute haren aplikazio eraginkorra. Horrez gain, autoebaluazioa eta koebaluazioa sustatzea positiboa bada ere, ikasleek horretarako prestakuntza eta jarraipen egokia behar dituzte benetan erabilgarriak izan daitezen. Azken batean, irakaslerik onena norbera da, eta ikasle bakoitzak badaki zein puntutan dagoen, bere buruarekin zintzoa bada behintzat. Azterketa ofizialen emaitzak jakinda eta mintzamen-proben atarian gaudela, azken egunean lasaitu gaitezen: har dezagun kafe bat alboko tabernan, egin dezagun mintzapraktika-saio bete-betea eta murgil gaitezen euskaraz gure hiri eta herrietan. Azken finean, hizkuntza bat benetan ikasteko modurik onena hura erabiltzea baita. Bizi gaitezen euskaraz!

Other interesting content

Miguel Ariza

Memoriatik planera: egindakotik ikasi, egingo duguna hobetzeko

Euskaltegietan, memoria eta plana ikasturtearen ondorengo uneei dagozkie, baina gertutasun horrek ez du esplizitu egiten egindakoaren ebaluazioak nola bideratzen duen ondorengo plangintza. Bi dokumentu horiek HABEren araudian eta Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOCean) duten lekua aztertzen du artikulu honek, eta barne-ebaluazioari, ebidentzien erabilerari eta antolaketa-ikaskuntzari buruzko ikerketarekin lotzen ditu. Ikuspegi horren arabera, ebaluazioaren eta plangintzaren arteko zubia da memoria, eta tresna orientagarri bat proposatzen du ebidentziak, interpretazioak, ikaskuntzak eta erabakiak plan berriaren helburuekin, jarduerekin eta ebaluazio-aurreikuspenekin lotzeko. https://doi.org/10.54512/ENBC7637