Irakasleen topaketek aukera aparta eskaint zen dute prestakuntzarako eta profesionalen arteko loturak indart zeko. Halaber, eta artikulu honetan azalduko den bezalaxe, sare sozialak erabili litezke, bai topaketetan zehar komunikatzeko, bai horiexek amaitutakoan bertan landutako gaiei buruz hausnartzeko. Hurrengo lerroetan, Twitterri erreparatuko zaio, eta Interneteko plataforma batzuk –blogak eta Google Drive– aztertuko dira. Are gehiago, erakutsi nahi da tresna eta zerbitzu horiek lagungarriak direla, irakasleen etengabeko prestakuntza indartu eta sustatzeko.
Euskal Herriko Unibertsitateko GHyM1 ikerkuntza-taldeak garatu du Babelium ekimena, Elurnet2 enpresarekin batera. Hitz gutxitan esanda, euskararen ahozkotasuna praktikatzeko kode irekiko proiektua da Babelium. Webgunean parte hartzen duten ikasleek beste ikaskideek edo irakasleak berak prestatutako euskarazko mintzapraktika egiteko bideo-ariketak aurkituko dituzte: ahozko aurkezpenak, bikoizketak, ipuinak eta komikiak kontatzeko erronkak… Ariketa horietan, bideo bat grabatu beharko du ikasle bakoitzak unean bertan, mikrofonoa edota web-kamera erabiliz eta proposatzen zaizkion ahozko probak gaindituz. Aplikazioa erabiltzeko, Interneteko arakatzaile bat besterik ez da behar, bertan egikaritzen baita Babeliumek behar duen guztia. Ariketen erantzunak burutu ondoren (grabaketak, alegia), Babeliumen argitaratuko ditu erabiltzaileak; horrela, irakasleaz gain, beste ikaskideek ere ebalua ditzakete elkarlanean.
Ikasbilek urte mordoxka darama ikasle eta irakasleei zerbitzu didaktikoak ematen. Atariaren kudeatzaileak beti saiatu izan dira hartzaileen iritziak eta usteak jasotzen eta, horien arabera, ematen duen zerbitzua hobetzen.
Oraingoan, ordea, iritzi-bilketa hori modu sistematikoan antolatzea erabaki zuten, eta, horretarako, 2013ko azaro-abenduan inkesta bat zabaldu zuten erabiltzaileen artean. Bestalde, atariaren zerbitzarian edo Interneteko trafikoa gainbegiratzen duten zerbitzuetan gordetzen diren datuak ere informazio ugari ematen dute atariaren erabileraz, eta ondo islatzen da atariak denboran zehar izan duen bilakaera. Beraz, hainbat iturritako informazioa oinarri —erabiltzaileen iritzi, zerbitzariko datu objektibo eta editoreen esperientzia, hain zuzen—, Ikasbilen argazki ahalik eta zehatzena egiten saiatu dira, honako alderdi hauek jorratuz: atariaren egoera, erabilera eta bilakaera. Artikulu honetan, editoreen irakurketa azalduko den arren, datuak eta interpretazioak bereizi agertuko dira, irakurleak nork bere ondorioak atera ditzan.
EIBZ (Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa) duela 12 urte sortu zuen Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, eta, bertan, gure zereginetako bat da Nafarroan lanean ari diren irakasle ez unibertsitarioei ikastaroak ematea. Eskaintzen ditugun formazio-ikastaroetan parte hartzeko, irakasleek Nafarroako ikastetxeren batean egin behar dute lan hezkuntza arautuan, eta EGA agiria izan behar dute.
Irakasleek ikasturtero justifikatu behar dute 35 formazio-ordu (gutxienez) bete dutela, ikastaroa edozein dela ere, eta ikastaro horiekin irakasleek, beren burua janzteaz gain, puntuak lortzen dituzte lehiaketetan parte hartzeko (leku-aldatzeak, karguak...). Hezkuntza Departamentuak eskaintzen dituen ikastaroak dohainik izaten dira, eta, normalean, ikastaroa hasi gabe edo bukatu gabe utziz gero, ez da zigorrik izaten, berriz ikastaro bera egiteko lehentasuna galtzea-edo ez bada.