TxatGPT baliatu eskolak prestatzeko

Argitaratua: Tuesday, 28 March 2023, 10:22 AM
Marga Ibáñez

Abel Camachok (2023), TxatGPTri etekin didaktikoa ateratzeko erronka luzatu digu duela gutxi; idazmenari dagokionez, besteak beste, ideiak jaso eta ordenatzeko aukera ematen digu, ekoitzitako testua osatzeko, birplanteatzeko, zuzentzeko.... Tutore lanak ere egin ditzakeela diosku eta areago, ikaslearen autonomiaren mesederako dela dio.

ELEInternational erakundeko kidea den Campanok (2023) emandako web-mintegia ere gure eskoletarako gako batzuk azaldu zizkigun, duen ahalmenaz konturatzeko. Martxoaren 1ean gauzatutako saioak ahoa bete hortz utzi ninduen. Bertan azaldu zitzaigun nola sortu materialak martxoaren 8rako, nola asmatu Nazioarteko Emakume langileen egunerako era guztietako jarduerak. Gero azalduko dudan jarduera polit  bat egiteko parada eman zidan ikasleekin.

Erraza da kontua, TxatGPT zabaldu eta eskolaren iraupena, jarduera-kopurua eta ikasle-mota zehazten dituen hizkuntza-aktibitate bat iradokitzeko eskatzen diozu.

Ana Campanok (2023) dioenez, ondorengo jarduerak diseinatu ahal dira txatbota erabilita:

  • Rol-joko interaktiboa. Txatari emakume garrantzitsu baten nortasuna hartzeko eskatu ahal zaio, ikasleak galderak egingo dizkio zuzenean eta berarekin hitz egin ahal izango du (biografia, iritziak…).
  • Feminismoari buruzko galdetegi bat. Hori bai, galdera kopurua eta ikasleek ondo ulertzeko nola formulatu adierazi behar diozu txatari; halaber, esan behar diozu nahi duzun erantzun mota (bai/ez; egia/gezurra; galdera irekia..).
  • Ipuina edo istorio pertsonalizatuak. Ikaslearen esku geratzen da zehaztea nor den protagonista eta zer gertatzen den istorioan. Utz diezaiokezu funtsezko ideia (prompt) idazten txatean.
  • Hainbat testu-eredu ekoitzi, hala nola, kexa-gutuna soldata arrakalari buruz, manifestaziorako pankarta bat egiteko esloganak bilatu, etab.
  • Instrukzioak emateko tutorialak. TxatGPTk edozein tresna erabiliz produktu bat sortzeko urratsak eman ditzake, edo emakume ospetsu bati buruzko joko bat sor daiteke, Learning APPs erabilita.
  • Aipu famatuen zerrenda sortu. Txatari eska dakioke aipu batzuk itzultzeko hizkuntza batzuetara eta batzuetatik eta taula batean ordenatu; irizpide jakin baten araberako hiztegia ateratzeko ere eska dakioke.
  • Olerki edo kanta RAP bat egin(edo bertso bat gurean). Feminismoarekin lotutako errima-zerrenda bat edo sinonimo-zerrenda bat ere eska dakioke.
  • Elkarrizketa bat osatu. Sarrera emanda, zehaztutako helburuen arabera solasaldi bat osatzeko eska diezaiokegu Txatari. Adibidez, emakumeen kosifikazioaz ari diren bi lagunen arteko hizketaldia bat osatzeko eska dakioke, edo urliak jasandako esperientzia matxistei buruz hitz egin dezake.
  • Ikasle baten testua ebaluatu, ebaluazio-irizpidea zehaztuta (zuzentasuna, kohesioa…). Hobetzeko aholkuak ere eska dakizkioke, estilo-aldaketak barne.
  • Mugimendu feministaren alde edo kontrako ideia berriak eskatu ahal zaizkio argudiaketa sendoa erabilita.

Guk TxatGPTri pankartak egiteko leloak eskatu genizkion eta ondokoak eman zizkigun: “Aske maite zaitut”, “Emakumeak indartsuak gara”, “Ez da mehatxua, etorkizuna feminista da”, “Igualitatea da helburu, borroka da bidea”, “Baietz baietz da eta inork ez du zalantzarik izanen”, “Errespetatu bizitzak, emakumeak errespetatu”, “Gure gorputzak gure erabakiak "


Barakaldoko udal euskaltegiko ikasleekin egindako lanak

Gai jakin hori alde batera utzita, Edutopian (George Lucasek sortutako webgunean) Findley-k (2023) gai bera jorratu du. Harrigarria da goiburuak bidaltzen duen mezua, alegia, TxatGPTk irakasleoi 6 ordu eta 40 minutu aurrezteko denbora ahalbidetzen digula. Aditu horrek ere iradokizunak egiten dizkigu, eta erremintaren ahalmena aprobetxatzeko esparru batzuk zedarritzen.

  • Planifikazioa:
    • Ikasgai plangintza bat eskatu gai bati buruz; ebaluazioak, jarduerak, aldamiatzeak eta helburuak. Erronketan oinarritutako ikasgai-plana diseina diezazuke edo gela-iraulirako. Irakasleak emandako instrukzioen araberako ikasgai bat prestatuko dizu.
    • Diapositiba-aurkezpen bat, edozein gai eta mailatarako aurkezpen bat deskribatzeko eska dakioke; antolakuntza intuitibo bat egin diezazuke, baita ebaluazio-hezigarrirako galderak ere.
    • X faktorea; adibidez, metaforak irakasteko ikuspegi berriztatzaile bat diseinatzeko eskatuta TxatGPTk ikusmen-generoen bitartez (komiki-bandak adibidez) transmititutako istorio tradizionaletan ikasleek sortutako metaforak txertatzeko jarduera bat diseinatu zuen.
    • Gai konplexuak modu sinpleagoan eman ditzake; esate baterako, gai korapilatsu bat lehen mailako ikasle bati emateko moduko azalpen bat prestatzeko eskatu ahal zaio.
    • Eztabaida galderak sor ditzake; edozein gairi buruz eztabaidatzeko goi-mailako mezu erakargarriak idatzi ahal ditu.
  • Eskuorriak eta bestelako materialak: beharrizan espezifikoak ardatz dituzten liburuxkak eta esku-orriak egiteko gaitasuna du:
    • Lankidetzako ikaskuntza deskribatzen duten funtzioak edo igurikimenak garatzeko instrukzioak.
    • Lan osagarrirako instrukzioak sortu ahal ditu; deskripzioa, kalifikatzeko irizpideak, formatua eta jardueraren ñabardurak.
    • Aurretiko antolatzaile edo aurre-irakurketa bat sortu ahal du; gako-hitzak edo hiztegi ezezagunaren zerrendak egin ahal ditu definizio eta guzti.
    • Ikasketa-plan bat egin dezake, lanak garaiz eman ezean alternatibak ematen dituena, jardueren ebaluazioen deskribapenak edota ikastaroen programak azaltzen dituena.
    • Galdera-erantzun txartelak egin daitezke.
  • Korrespondetzia profesionala:
    • Ikasleekiko komunikazioa hobe dezake, ongi-etorri gutunak, boletinen kopiak, dirulaguntzen proposamenak, txangoak, hitzaldiak, bilera-deiak eta baimen-orriak eginda.
  • Ebaluazioa: ebaluaziorako materialak egin ditzake:
    • Galdetegiak; edozein galdera formatua erabilita probak diseina ditzake; txatbotean erants daiteke pasarte bat edo liburu baten izenburua edo atal bat atxiki daiteke eta proba-banku bat sor diezazuke erantzun ta guzti.
    • Errubrikak; TxatGPTk edozein errubrika-mota sor diezazuke: analitiko, holistiko edo garapenezkoa, hala nola, kalifikazio-mailak.
    • Egiaztatze-zerrendak; ikasleen aurrerapen akademikoa, soziala, emozionala eta fisikoa egiaztatzeko behaketa-zerrendak egin ditzake.
    • Cloze testak; irakurriaren ulermena egiaztatzeko cloze-testak egin ditzake.
  • Idazketa eta atzeraelikadurarako instrukzioak: ikasleen idazteko gaitasuna hobetzeko funtzioak eta tresnak eskaintzen ditu TxatGPTk:
    • Oharrak sor ditzake; edozein testu-motatarako oharrak idatz ditzake, errubrika eta guzti.
    • Idazlanaren hobekuntza; ikasleen idazlanen zatiak bidal dakizkioke eta hobekuntzak iradokiko ditu.
    • Iruzkin gramatikalak; TxatGPTri akatsak identifikatzeko, deskribatzeko eta definitzeko aholkuak eska dakizkioke, adibide eta guzti.

Argi dago TxapGPTk gure irakaste-jarduerak automatizatu ahal dituela eta erreminta bikaina dela gure lana hedatzeko; baina ez ahaztu akatsak ere egiten dituela eta emandako informazioa egiaztatu behar dela. Gainera, euskaraz oraindik ez da oso zuzena; beraz, ekoizten dituen testuak errepasatu behar dira.




Erreferentziak:

  • Camacho, A. (2023, urtarrilaren 23a). ChatGPT aplikazioa: harriduratik erabilera didaktikora. Irakasbil.  https://www.ikasten.ikasbil.eus/mod/habecms/view.php/irakasbil/didakteka/chatgpt_aplikazioa_harriduratik_erabilera_didaktikora 
  • Campano, A. (2023, martxoaren 1a). Usos de ChatGPT para crear material didáctico para el día de la mujer en menos de un minuto. [Web-mintegia].  
  • Findley, T. (2023, martxoaren 13a). 6 ways chatgpt save teachers time. Edutopia. https://www.edutopia.org/article/6-ways-chatgpt-save-teachers-time/

Show comments

Beste eduki interesgarriak

pexels-thisisengineering-3861969

Adimen artifizialari buruzko erreferentziak (2023ko ekaina)

Adimen artifizialaren inguruko gaiaren inguruan dagoen informazio-uholdeari (infoxikazioari) aurre egin nahian edo, hona hemen hizkuntzen ikas-irakaskuntzaren esparrurako erreferentzien zerrenda eguneratu bat (testu idatziak, bideoak...). Argazkia: ThisIsEngineering