Didakteka
"Teoría sociocultural y español LE/L2" (Negueruela-Azarola, E., García, P. N., & Escandón, A.)
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:

- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Bisitak: 147
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Liburu honek teoria soziokulturalaren ideiek gaztelaniaren ikas-irakas prozesuan izan duten eragina aztertzen du xeheki. Ikuspegi soziokulturala hizkuntzen ikaskuntzan, ikerketan, ebaluazioan eta irakasleen prestakuntzan eragiten ari den eraldaketa dokumentatzen du.
Liburuaren ezaugarri nagusiak honako hauek dira:
- James P. Lantolf-i egindako elkarrizketa jasotzen du; bera da bigarren hizkuntzen irakaskuntzan teoria soziokulturala aplikatzen duen ikertzaile nagusietako bat.
- Kapitulu guztiek egitura homogeneoa dute, kontsulta errazteko.
- Ez du ingelesezko literaturan aurretik argitaratutakoa errepikatzen, baizik eta jatorrizko proposamen teorikoak eta ikerketa berritzaileak garatzen ditu.
- Teoria soziokulturaleko kontzeptu garrantzitsuen glosario bat du, online eskuragarri.
Bigarren hizkuntzen irakaskuntzan eta ikerketan dabiltzanentzat, ezinbesteko baliabidea izan liteke; horrela, teoria horren azalpen argi eta ulergarriak eskaintzeaz gain, adibide zehatzak eta hizkuntza-eskoletan aplikatzeko moduko proposamenak ere biltzen ditu.
Egiturari dagokionez, liburuak hiru zati ditu:
Lehen zatia: bitartekotza eta garapen soziokulturala
1. kapitulua: Eduardo Negueruelak eta Yvonne Gavela Ramosek kontzientzia eta bitartekotzaren definizio soziokulturala azaltzen dute. Hizkuntzen irakaskuntzan irudimena, narrazioa eta ikus-entzunezko artea erabiltzeko proposamen pedagogikoa aurkezten dute.
2. kapitulua: Próspero N. Garcíak eta Kara Moranskik ZDP (garapen-eremu hurbila) eta obuchenie (prozesu kolaboratiboak) kontzeptuak lantzen dituzte.
3. kapitulua: Arturo Escandónek eta Montserrat Sanz Yagüek interlingua kontzeptu tradizionala gainditzea proposatzen dute, interlingua pragmatikoa ikuspegi soziokulturaletik indartuz.
4. kapitulua: Sonia Bailinik eta Javier Muñoz Basolsek feedbacka aztertzen dute erregulazio pertsonala sustatzeko tresna gisa.
Bigarren zatia: proposamen pedagogiko soziokulturalak
5. kapitulua: Albert Vílchezek eta Natalia Morollónek eragiletza lantzen dute, eta pertsonen arteko komunikazioan garrantzia azpimarratzen.
6. kapitulua: Antoni Fernández Parerak eta Elizabeth M. Kisslingek kontzeptu bidezko irakaskuntza irakaskuntza metalinguistiko tradizionalarekin kontrajartzen dute.
7. kapitulua: Susana Madinabeitiak eta Alberto Andujarrek ebaluazio dinamikoa proposatzen dute, ikaskuntzaren garapena sustatzeko tresnatzat.
8. kapitulua: Marília Mendes Ferreirak eta Mónica Ferreira Mayrinkek literazitatea eta testuinguratutako irakurmen-idazmena aztertzen dituzte.
Hirugarren zatia: ikerketa eta irakaskuntza
9. kapitulua: Francisca Aguilók eta Magnolia Cetinak Vygotskyren metodo genetikoa aplikatzen dute hizkuntzen ikas-irakaskuntzaren ikerketan.
10. kapitulua: Alba Medialdeak, Alberto Bruzosek eta Iranzu Peñak ikerketarako metodologia berriak proposatzen dituzte.
11. kapitulua: Olga Estevek eta Elena Verdíak TSCren (Teoria Soziokulturala) ikerketa parte-hartzailea eta irakasleen prestakuntzarako proposamenak azaltzen dituzte.
12. kapitulua: Àngels Ferrerrek eta Malba Barahonak perezhivanie kontzeptuan sakontzen dute, eta irakasleen garapen pertsonala eta profesionala nabarmendu.
Argitaletxearen aurkezpena:
Teoría sociocultural y español LE/L2 liburua sarrera akademikoa da, gaztelania H2/AH gisa irakasteko prozesuan teoria soziokulturalaren funtsezko kontzeptuak ezagutarazteko. Mundu osoko adituek idatzi dituzte kapituluak, bai ibilbide luzeko ikertzaileek, bai ikertzaile hasiberriek. Lan honek teoria soziokulturalek gaztelaniaren ikas-irakaskuntzan duten eraginaren berrikuspen zehatza eskaintzen du.
Ikuspegi hori gaztelaniaz lantzen duen lehen argitalpena da liburu hau. Bertan, ikuspegi soziokulturala arlo ezberdinetan sortzen ari den eraldaketa dokumentatzen da —bigarren hizkuntzen ikas-irakaskuntzan, ikerketan eta ebaluazioan eta irakasleen prestakuntzan—. Liburu honek ikaskuntza zein garapena jarduera soziokultural eta pertsonen arteko jarduera gisa ulertzen ditu, eta ebaluazioaren zein ikerketaren helburua nabarmentzen du ikasteko eta hazteko esku-hartze dinamikorako tresna gisa. Eta, azkenik, liburuan ikuspegi soziokulturalak pertsonaren ikas- eta garapen-prozesuetan bitartekotzak duen garrantzia argitzen da.
Teoria soziokulturala aldez aurretik ezagutzen ez dutenentzat diseinatuta eta pentsatuta dago. Teoría sociocultural y español LE/L2 liburuak teoria soziokulturalari buruzko azalpen argiak eta eskuragarriak ematen ditu, adibide zehatzekin eta hizkuntza-eskoletarako aplikazio praktikoekin batera. Funtsezko baliabidea da gaztelania AH/H2 gisa irakasten duen edonorentzat, bai eta haren jabekuntza ikertzen dutenentzat ere.
Erreferentzia bibliografikoa:
Negueruela-Azarola, E., García, P. N., & Escandón, A. (eds.). (2024). Teoría sociocultural y español LE/L2. Taylor & Francis.