"Paradigmas lingüísticos en la enseñanza y aprendizaje de lenguas" (Soto Aranda, B., Penas Ibáñez, M. ª A. eta Ivanova, O.)

Argitaratua: Wednesday, 29 January 2025, 12:54 PM
Paradigmas lingüísticos en la enseñanza y aprendizaje de lenguas

Atzerriko hizkuntzen eta bigarren hizkuntzen didaktikaren garrantzia nabarmen areagotu da azken hamarkadetan. Bigarren hizkuntzak menderatzea funtsezkoa da XXI. mendeko herritarren garapen profesional eta pertsonalerako. Hori dela eta, hizkuntza-irakasleek, filologian, hizkuntzalaritzan edo itzulpengintzan adituak izateaz gain, bereziki prestatuta egon behar dute gai pedagogiko zehatzetan, hala nola metodologian, teknologia berrien bidezko irakaskuntzan, irakaskuntzaren berrikuntzan edo ebaluazio-sistemetan.

Liburuaren helburua da atzerriko hizkuntzen irakaskuntzara hurbiltzea, gaur egungo ikuspegitik. Bederatzi kapituluz osatzen da lana, eta horietan hizkuntzen ikaskuntzaren funtsezko hainbat gai jorratzen dira; adibidez, irakaskuntza- eta ebaluazio-metodoak, gaitasun eta trebetasun espezifikoen didaktika, ikasleen profil desberdinak edo informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT).

Lehenengo kapituluan, hizkuntzen didaktikaren definizioa ematen da. Gainera, honako gai hauei buruzko gogoeta egiten da: eskuratze- eta ikaste-kontzeptuen arteko erlazioa, ikasprozesua baldintzatzen duten hizkuntzaz kanpoko elementuak eta hizkuntzalaritzan izandako paradigma-aldaketek edukietan izan duten eragina.

Bigarrenean, hizkuntzak irakasteko metodorik egokienak aipatzen dira, egungo ikasleen helburu didaktikoak eta beharrak kontuan hartuta. Horretarako, paradigma garrantzitsuenak aztertzen dira, irakaskuntzan parte hartzen dutenek euren egunerokoan oinarri teorikoa izateko.

Hirugarren kapituluan, komunikazio-gaitasunari eta Europako Erreferentzia Marko Bateratuan (EEMB) duen tratamenduari buruzko gogoeta egiten da. Halaber, tarteko hizkuntza definitzen da, eta akats interlinguistiko/intralinguistiko ohikoenak zehazten dira.

Laugarren kapituluak komunikazio-gaitasunaren eremuan kokatzen diren lau alderdi jasotzen ditu. Lehenik eta behin, maila fonetiko-fonologiko, morfosintaktiko eta lexiko-semantikoaren hizkuntza-gaitasunaz ari dira egileak. Ondoren, gaitasun soziolinguistikoa ebaluatzen dute gizarte-arauei, dialektoen aldaketari eta erregistroei dagokienez. Hirugarrenik, gaitasun pragmatikoa aztertzen dute diskurtso-antolaketa eta gaien progresioa kontuan izanik. Eta, azkenik, gaitasun estrategikoa ikas estrategien bidez deskribatzen dute.

Egileen hitzetan, CLIL (Content and Language Integrated Learning) da hizkuntzen irakaskuntzan egindako aurrerapen nabarmenetako bat. Horren printzipio orokorren deskribapena egin eta praktikan jartzeko funtsezko oinarriak aurkezten dira bosgarren kapituluan.

Seigarrena hizkuntzen ikaskuntzaren barnean dauden hizkuntza-jardueretan oinarritzen da. Atal horretan hizkuntzen didaktikan jasotako sei komunikazio-moduak azaltzen dira: ahozko/idatzizko ulermena, ahozko/idatzizko adierazpena, elkarreragina eta bitartekotza.

Zazpigarren kapituluan, "didaktika espezifikoak" aipatzen dira, hau da, ikaskuntza-egoera berezietarako egokitzapen metodologikoak. Egileek arreta jartzen dute hizkuntzen irakaskuntzan tradizioz aintzat hartu izan diren helburu espezifikoetan eta gizarte-erronka berrietan, zehazkiago, etorkin heldu zein haurrei irakastean.

IKTak luze eta zabal lantzen dira zortzigarren kapituluan. Bertan, Internetek, komunikazio birtualak eta ikasteko espazio digitalak izan duten eragina aztertzen da. Ikasgelako hainbat baliabide teknologiko ere aurkezten dira, eta arreta jartzen da irakasleek eta ikasleek ikaskuntza-testuinguru berri horretan jokatzen duten rolean.

Azkenik, bederatzigarren kapitulua ebaluazioari buruzkoa da. Atal horretan, gogoeta egiten da programatutako helburuen lorpen-maila neurtzeko gaur egun erabiltzen diren sistemen inguruan, baita irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko hezkuntza-programak baliozkotzeak duen garrantziaren inguruan ere.


Argitaletxearen aurkezpena:

Nola irakasten da atzerriko hizkuntza bat? Hizkuntza bat irakastea gramatika irakastea edo hizkuntza horretan hitz egitea bezalakoa al da? Irakasle guztiek berdin irakasten al dute? Zer ikasten du benetan hizkuntza bat ikasten duen ikasle batek ikasgelan? Eta zer ebaluatzen da ikasleengan hizkuntza-maila jakin bat lortu duen (edo lortu ez duen) erabakitzeko? Hizkuntzen didaktikak irakasleari planteatzen dizkion galdera horiei eta beste hainbati erantzutea da liburu honen helburua. Ikasleak askotarikoak dira, eta, maiz, argi eta garbi ikusten dute zer nahi duten beren hizkuntza-eskoletatik atera: erraz komunikatzen jakitea. Irakasleek, berriz, badakite erraz komunikatzea ez dela batere erraza, hainbat trebetasun-mota irakastea eta irakaskuntza- eta ebaluazio-metodo koherenteak eta zorrotzak aplikatzea eskatzen baitu. 

Hori dela eta, eskura dauden gaur egungo irakaskuntza- eta ebaluazio-metodoak eskaintzeaz gain, funtsezko zenbait gaitan sakontzen du, hala nola gaitasun eta trebetasun espezifikoen didaktikan, hiztun-profil desberdinak dituztenentzako irakaskuntzan eta teknologia berrietan.

HABE liburutegian.


Erreferentzia bibliografikoa:
Soto Aranda, B., Penas Ibáñez, M. ª A. & Ivanova, O. (2023). Paradigmas lingüísticos en la enseñanza y aprendizaje de lenguas. Síntesis.

Beste eduki interesgarriak

Paradigmas lingüísticos en la enseñanza y aprendizaje de lenguas

Hizkuntza-jardueren ikuspegi integratua hizkuntzen irakaskuntzan (Soto Aranda, B., Penas Ibáñez, M.ª A. & Ivanova, O.)

'Paradigmas lingüísticos en la enseñanza y aprendizaje de lenguas' liburuaren seigarren kapituluaren izenburua honako hau da: “Didactica de las actividades lingüisticas implicadas en el aprendizaje de lenguas”. EEMBaren Liburu osagarriko komunikazio-moduak lantzen dira ikuspegi integratu batetik. Seigarren kapituluak hizkuntza-trebetasunen ikuspegi integratua eskaintzen du, irakasleei teoria eta praktika uztartzen laguntzeko.