Hizkuntza-jardueren ikuspegi integratua hizkuntzen irakaskuntzan (Soto Aranda, B., Penas Ibáñez, M.ª A. & Ivanova, O.)

Argitaratua: Wednesday, 12 March 2025, 1:01 PM
Paradigmas lingüísticos en la enseñanza y aprendizaje de lenguas

Paradigmas lingüísticos en la enseñanza y aprendizaje de lenguas liburuaren seigarren atalean, hizkuntzaren irakaskuntzarako jarduera linguistikoen didaktika integratua lantzen da. Komunikaziorako gaitasuna garatzea da hizkuntza-irakaskuntzaren helburu nagusia. EEMBaren LOak ekintzara bideratutako ikuspegia eta ikaslea beti erdigunean jarri behar dela nabarmentzen du, baita komunikazio-moduen (ulermena, ekoizpena, elkarreragina eta bitartekotza) arteko erlazioa azpimarratzen ere.

Liburuaren egileek ezinbestekotzat jotzen dute ikuspegi integratua aplikatzea. Ikuspegi horretan, hizkuntza-jarduera nagusiak ez dira isolatuta lantzen, baizik eta elkarrekintza eta testuinguru errealetan. Euskara-irakasleentzat ere ikuspegi baliagarria izan daiteke, komunikazioaren garapena modu holistikoan lantzeko aukera ematen baitu.

Hiztunek, komunikazio-jarduera egokiak egin ahal izateko, hainbat estrategia-mota erabiltzen jakitea da hizkuntza-jarduera horien didaktika integratuaren alderdi garrantzitsuenetako bat. Komunikazio-modu bakoitza lantzeko estrategia-multzo bana azaltzen da liburuan; esate baterako, bitartekotza elkarreraginarekin estuki loturik dago, eta bi norabidekoa da: ulermena eta ekoizpena uztartzen ditu, eta horiekin batera mezua egokitu behar da, hartzailearen arabera. Komunikazio-modu hori aurrera eramateko zenbait mikro-trebetasun behar ditu bitartekariak, hala nola laburpenak egiten jakitea, baita azalpen argigarri bat ematen edo parafraseatzen jakitea ere. Ikasgelan mikro-trebetasun horiek ikasteko honako zenbait jarduera egin daitezke:

  • Testuko gakoak identifikatzea
  • Testuak laburtzea
  • Ezagutza lexiko-semantikoak aktibatzea
  • Gako-hitzak identifikatzea
  • Inprobisatzea
  • Itzultzea
  • Debatitzea
Ikuspegi integratua eta irakasleen rola

Gainerako mikro-trebetasun eta edukiekin batera, ikas-estrategiak ere modu integratuan irakats daitezke, eta irakaskuntza estrategikoa izan dadin, irakasleen egiteko nagusia da testuinguru esanguratsuak eskaintzea jarduera didaktikoen bidez, non ikasleek hizkuntza modu errealean praktikatu ahal izango duten. Horretarako, ezinbestekoa da metodologia aktiboak erabiltzea eta ikasleen autonomia sustatzea.

Didaktika integratuaren arabera, elkarri lotuta daude komunikazio-moduak, eta komeni da ikasleek modu osagarrian lantzea. Adibidez, testu bat entzun ondoren, haren laburpena idaztea edo ahoz komentatzea estrategia egokiak dira integrazio hori sustatzeko. Era berean, irakurritako testu baten edukia ahoz adieraztea edo horren inguruko eztabaida bat egiteak ikasprozesua aberasten du.

Ondorioak eta gomendio didaktikoak

Kapitulu honen arabera, komunikazio-modu guztiak koordinatuta landu daitezke, ikasleen komunikazio-eredu naturalen arabera garatzeko. Irakasleek metodologia aktiboak, testuinguru esanguratsuak eta ikasleen parte-hartze handia duten estrategiak bultzatu behar dituzte, baina ez dira besterik gabe uztartu behar komunikazio-moduak, horretarako arrazoirik ez badago behintzat.

Gomendio nagusiak honako hauek dira:

  • Komunikazio-modu guztiak elkarrekin lantzea, ez bakarka.
  • Ikasleen autonomian arreta jartzea.
  • Egoera komunikatibo errealistak sortzea.
  • Irakaslearen rola dinamizatzailearena izatea, ez soilik edukiak transmititzearena.

Laburbilduz, kapitulu honek irakasleentzako ikuspegi baliagarria eskaintzen du, euskara-irakaskuntzan trebetasunak nola garatu modu eraginkorrean ulertzeko. Estrategien ikaskuntza zutabe izan behar du prozesu didaktiko osoan, eta ikasleek parte-hartzaileak, aktiboak eta interaktiboak izan behar dute.

HABE liburutegian.



Erreferentzia bibliografikoa:
Soto Aranda, B., Penas Ibáñez, M. ª A. & Ivanova, O. (2023). Paradigmas lingüísticos en la enseñanza y aprendizaje de lenguas. Síntesis.


Beste eduki interesgarriak

Paradigmas lingüísticos en la enseñanza y aprendizaje de lenguas

"Paradigmas lingüísticos en la enseñanza y aprendizaje de lenguas" (Soto Aranda, B., Penas Ibáñez, M. ª A. eta Ivanova, O.)

Atzerriko hizkuntzen eta bigarren hizkuntzen didaktikaren garrantzia nabarmen areagotu da azken hamarkadetan. Bigarren hizkuntzak menderatzea funtsezkoa da XXI. mendeko herritarren garapen profesional eta pertsonalerako. Hori dela eta, hizkuntza-irakasleek, filologian, hizkuntzalaritzan edo itzulpengintzan adituak izateaz gain, bereziki prestatuta egon behar dute gai pedagogiko zehatzetan, hala nola metodologian, teknologia berrien bidezko irakaskuntzan, irakaskuntzaren berrikuntzan edo ebaluazio-sistemetan. Liburuaren helburua da atzerriko hizkuntzen irakaskuntzara hurbiltzea, gaur egungo ikuspegitik. Bederatzi kapituluren inguruan eraikitzen da lana, eta horietan hizkuntzen ikaskuntzaren funtsezko hainbat gai jorratzen dira; adibidez, irakaskuntza- eta ebaluazio-metodoak, gaitasun eta trebetasun espezifikoen didaktika, ikasleen profil desberdinak edo informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT).