Ikaskuntza kooperatiboa: “eztabaida akademikoaren teknika”

Argitaratua: Tuesday, 19 November 2024, 8:35 AM
Ikaskuntza kooperatiboa gogoetaren ikuspegitik liburua
Ikaskuntza kooperatiboa gogoetaren ikuspegitik liburua argitaratu du HABEk. Liburu horren zazpigarren kapituluaren izenburua “Bateratze-lana: ikaskuntza kooperatiboa eta irakaslearen hausnarketa hizkuntzen irakaskuntzan” da, eta bertan aurreko sei kapituluetako ideiak laburbiltzen dira bost ikasgai praktikotan.  

Hain zuzen ere, sarrera honetan, zazpigarren kapitulu horretarako bigarren ikasgai praktikoan jorratutako edukiaren laburpena egingo dugu. Ikasleek eztabaiden bidez landu ditzakete mintzamena eta entzumena eta, aldi berean, hausnarketa konplexuak egin (gogoan izan HEOCak eztabaida aipatzen duela B2 eta C1 mailetan landu litekeen testu-genero gisa,  ahozko ulermenean nahiz elkarreragineko ekoizpenean trebatzeko).  

Ohiko eztabaida batean, ikasleek iritzi bat aukeratu behar dute eztabaidatu beharreko gaiari buruz, eta iritzi hori defendatu eztabaida osoan. Adituen hitzetan, ohiko eztabaidek interdependentzia negatiboaren sentimendua bultzatzen dute, iritzi bat bestearen gainetik jartzen delako, eta, horrela, batzuek irabazi eta beste batzuek galtzen dute. Liburuaren kapitulu honetan, “eztabaida akademikoaren teknika” deritzona garatu dute autoreek, eta ikasgelan eztabaida-mota hori lantzeko plangintza eskaintzen dute zazpi urratsetan azaldua:  

  1. Ikasleak lauko taldetan banaturik, bi bikote egiten dira talde bakoitzean. Eztabaidagai bati buruzko bi iritzi posible egongo dira; ondorioz, bikote bat alde egongo da eta bestea kontra.  
  2. Txandaka, bikote bakoitzeko kide batek esleitu zaien ikuspuntua azaltzen du, eta beste bikotekideak denbora kontrolatu, entzun eta oharrak hartzen ditu.  
  3. Txandaka, aurreko urratsean beste aldeak planteatutakoa gezurtatzen du pertsona bakoitzak.  
  4. Une honetan, “eztabaida akademikoa” hasiko da. Bikoteek iritziak trukatuko dituzte, eta proposamenaren alde hitz egin duen bikotea aurka mintzatuko da (1. eta 4. urratsa berdinak dira, baina jarrerak aldatuta).  
  5. Ikuspuntua aldatuta, 2. urratsean bezalaxe.  
  6. Ikuspuntua aldatuta, 3. urratsean bezalaxe.
  7. Ohiko eztabaiden eta eztabaida akademikoaren arteko aldearen erakusgarri da. Azken urrats honetan, banaka lan eginez, ikasleek benetako iritzia azaldu eta taldeko adostasuna lortzen saiatu beharko dute. Azkenik, laukote bakoitzeko kide batek ausaz taldean adostutakoa aurkeztu beharko du, edo, adostasunik egon ez bada, taldekideen iritzi guztiak eman. 
Beraz, eztabaida lantzeko ikasgai honetan, liburuaren bigarren kapituluan azaltzen diren ikaskuntza kooperatiboaren zortzi printzipioak biltzen dira: eztabaida akademikoaren teknikaren bidez “interdependentzia positiboa” lortuko da, denen ikuspegia aintzat hartuko delako; “erantzukizun indibiduala” ageri da, bakoitzak bere lana egin behar duelako; bestalde, “parte hartzeko aukera-berdintasuna" baliatuko dute ikasleek, denek baitute beren ideiak azaltzeko aukera;  bi kideko taldeek kideen arteko interakzioan “berdinen arteko interakzio gorena” nabarmentzen da; “taldekatze heterogeneoa” egiten da, taldeetako kideek aurrekari desberdinak dituztelako, eta, hortaz, aukera gehiago daude hainbat ikuspuntu entzuteko; “talde-autonomiak” taldeen barruan beste aukera bat dute ikasleek laguntza eskatzeko, irakasleari galdetu gabe; azken batean, eztabaidek argi gehiago eta su gutxiago sortzea nahi badugu, funtsezko trebetasuna izan daiteke iritzi desberdinak modu onean adieraztea, hau da, “kooperazio-trebetasunen irakaskuntza”. Funtsean, “lankidetza balio gisa” duen i(ra)kaskuntza da ikaskuntza kooperatiboa, eta hori aurkitzen da ikasgai praktiko hauetan guztietan. 



Erreferentzia bibliografikoa:

Jacobs, G. M., Lie, A. eta Tamah, S. M. (2024).  Ikaskuntza kooperatiboa gogoetaren ikuspegitik. HABE.



  

Beste eduki interesgarriak

Itzulpen Saila 59

Ikaskuntza kooperatiboa gogoetaren ikuspegitik

"Ikaskuntza kooperatiboa gogoetaren ikuspegitik" da Itzulpen Saila bildumako 59. zenbakiaren izenburua. George M. Jacobs, Anita Lie eta Sita Mina Tamah dira egileak. 2022koa da jatorrizko argitalpena ("Cooperative Learning through a Reflective Lens"). Hitzurun izan da itzultzailea.
Ikaskuntza kooperatiboa gogoetaren ikuspegitik

Ikaskuntza kooperatiboaren zortzi printzipioak

Itzulpen Saileko "Ikaskuntza kooperatiboa gogoetaren ikuspegitik" liburuaren 2. kapituluan, ikaskuntza kooperatiboaren zortzi printzipio biltzen dira. Printzipio hauek guztiak elkarrekin erlazionatuak daude eta helduen irakaskuntzan ezagunak zaizkigu, hein handi batean: