Irakasbil
Didakteka
Ikaskuntza kooperatiboaren zortzi printzipioak
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:

- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Bisitak: 254
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
Itzulpen Saileko Ikaskuntza kooperatiboa gogoetaren ikuspegitik liburuaren 2. kapituluan, ikaskuntza kooperatiboaren zortzi printzipio biltzen dira. Printzipio hauek guztiak elkarrekin erlazionatuak daude eta helduen irakaskuntzan ezagunak zaizkigu, hein handi batean:
- Interdependentzia positiboa
Interdependentzia positiboak adierazten du taldeko kideek sentitzen dutela beren emaitzak positiboki erlazionatzen direla. Hau da, elkarrekin egiten dutela aurrera edo atzera. XIX. mendeko Dumas-en Hiru mosketariak eleberrian bezala, taldekideek bat guztiontzat eta guztiok batentzat izpirituan sinesten dute. Horrela, ikasleen artean interdependentzia sustatzeko, gutxienez, zortzi modu azaltzen dituzte liburuaren idazleek:
- Helburuarekiko: ikasleek helburu bera dute eta ikasleek horretaz jabetu behar dute.
- Baliabideekiko: pertsona bakoitzak baliabide edo informazio esklusiboak izan behar ditu eta partekatu egin behar ditu taldeak arrakasta izan dezan.
- Rolekiko: ikasleek rol esklusiboak betetzen dituzte, eta bete egin behar dituzte.
- Ingurunearekiko: ikasleak elkarrekiko interakzioan dabiltzanean nola antolatzen diren; aurrez aurrekoa, birtuala…
- Ospakizunarekiko/sariarekiko: ikasleek emaitzen arabera, puntuak ateratzen dituzte taldearentzat, eta taldeak saria ospatu egiten du.
- Fantasiarekiko: ikasleek irudimena erabili behar dute, taldea pertsona ezberdinek osatzen dutela irudikatzeko edo pertsona berberek beste garai edo leku batean irudikatzeko.
- Identitatearekiko: identitate komuna eraikitzen duten baliabideek osatzen dute (banderak, ereserkiak…)
- Kanpoko etsaiarekiko: egoera berak interdependentzia positiboko eta negatiboko sentipenak izan ditzake, aldi berean.
2. Erantzukizun indibiduala
Erantzukizun indibidualaren printzipioari jarraikiz, ikasleak taldean dagokien lana egitera bultzatzen ditugu; helburua da ikasleei presioa egitea taldean dagokien lana egin dezaten eta ez guztiek lan berdina. Honako tresnak proposatzen dituzte erantzukizun indibiduala lantzeko: rolak, baliabideak, txandaka aritzea, taldekideak ausaz deitzea eta interdependentzia positiboa.
3. Parte hartzeko aukera-berdintasuna
Parte hartzeko aukera-berdintasunaren printzipioak dagokien lana egiteko aukera ematen die ikasleei. Parte hartzeko aukera-berdintasuna ahalbidetzen duten tresnak honakoak dira: talde txikiak, hitz egiteko fitxak, gaitasun anitzeko zereginak, idatzi (hitz egin beharrean), eta ikasleen kultura- eta nortasun-desberdintasunak.
4. Berdinen arteko interakzio gorena
Berdinen arteko interakzioan kantitatea eta kalitatea hartzen dira kontuan. Kantitate gorenari eusteko ikasle gutxi batzuek ikasgela osoaren aurrean hitz egin beharrean, bikote batek beste bikote bati eman diezaioke informazioa eta horrela berdinen arteko interakzio-kantitatea bultzatu. Kalitateari dagokionez, berriz, garrantzitsua da jakitea ea interakzioa irakasleek material didaktikoetan eta abarretan ikasleei emandako informaziotik haratago doan ala ez. Hau da, jada eman den informazio bati buruzko galderak irakasleari egin beharrean, ikasleak bere bikotekideari egiten badizkio, erantzunak goi-mailako informazioa eskatzen du eta emandako informazioaz haratago doa. Horrek, noski, lan gehiago eskatzen du, eta ikaskuntza kooperatiboa berezi egiten du.
5. Taldekatze heterogeneoa
Funtsezko galdera da zein ikasle izango diren taldekide gela berean. Talde heterogeneoak osatzea izaten da ohiko erantzuna, talde bakoitza ikasgela osoko aniztasunaren adierazgarri izan dadin. Ikasleak faktore ugariren arabera taldekatu daitezkeela diote liburuaren idazleek: generoa, arraza, erlijioa, etnia, klase soziala, nazionalitatea, iraganeko errendimendua, adina, nortasuna, hizkuntza-maila….
6. Talde-autonomia
Ikaskuntza kooperatiboaren abantaila handi bat da ikasleen laguntza-sarea asko zabalduko dela. Irakasle bakarraz gain, ikasleek ikaskide ugariren laguntza izan dezakete. Laguntza horri “aldamio”· esaten zaio eta, dakigunez, berebiziko garrantzia du ikaskuntzan. Aldamioak aldebikoak dira eta ikasle guztiak elkarren “aldamio” izan daitezke eta denek ikasiko dute elkarrengandik, irakaslea gidari izanik. Hau da, ikasleek berdinen arteko laguntza nola aurkitu eta nola kudeatu jakin behar dute, betiere, berdinengana joaz eta ez irakaslearengana. Horrela, ikasleek beren laguntza-sarea zabalduko dute haien talde txikitik haratago eta talde-autonomia eskuratuko.
7. Kooperazio-trebetasunen irakaskuntza
Ikasleek etekina atera dezakete, kooperazio-trebetasunak ikasteko denbora hartzen badute. Zorionez, trebetasun horiek hizkuntza-trebetasunak ere badira. Horrela, txapel batez bi buru estaltzen ditugu, hizkuntza-eskoletan, kooperazio-trebetasunak erakusten ditugunean. Kooperazio-trebetasun asko dauden arren, hamar kooperazio-trebetasun proposatzen dira kapitulu honetan: besteek ulertzen dutela egiaztatzea, besteei eskerrak ematea, besteak goraipatzea, desadostasuna adeitasunez adieraztea, arrazoiak eskatzea eta ematea, laburpena egitea, erantzukizunak gogoratzea, osasuna aztertzea eta hausnartzea.
8. Lankidetza balio gisa
Interdependentzia positiboaren sentipena bi edo lau ikaskideko taldeetatik haratago hedatzea du xede. Hau da, interdependentzia positiboaren sentipena gure gelatik maila guztietara edo ikastetxera hedatzea esan nahiko luke. Azken finean, Bat guztiontzat eta guztiok batentzat izpiritua taldeko kide batetik haratago hedatzea.
Kapitulu honetan, azaletik aztertu ditugun zortzi printzipioak sakonago aztertzen lagunduko diguten azalpen eta adibide ugari daude.
Erreferentzia bibliografikoa:
Jacobs, G. M., Lie, A. eta Tamah, S. M. (2024). Ikaskuntza kooperatiboa gogoetaren ikuspegitik. HABE.