Didakteka
"Enseñanza de idiomas e inclusión. La discapacidad sensorial en el aula" liburua (Beatriz Reverter)
Argitaratua: Wednesday, 11 December 2024, 8:49 AM
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Bisitak: 183
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Enseñanza de idiomas e inclusión. La discapacidad sensorial en el aula liburuan, zentzumen-desgaitasuna duten pertsonei hizkuntzak nola irakatsi aztertu du Beatriz Reverter irakasleak.
Liburua zortzi ataletan banatzen da:
- Irisgarritasuna eta hezkuntza inklusiboa. Bertan, funtsezko gaiak eta kontzeptuak aztertzen dira, hala nola irisgarritasuna, guztiontzako diseinua edota hezkuntza inklusiboa, baita desgaitasuna duten pertsonek historian zehar hezkuntza inklusiboa lortzeko bizi izandako aroak ere.
- Zentzumen-desgaitasuna duten ikasleak. Atal honetan, hezkuntzan berariazko premiak dituzten eta entzumen- eta ikusmen-desgaitasuna dutenen ikasleen profilak eta ezaugarriak zehazten dira. Horrekin batera, hautu terminologikoa ere argitzen du egileak: desgaitasuna duten pertsonak ala aniztasun funtzionala dutenak?
- Hezkuntza inklusiboa atzerriko hizkuntzen irakaskuntzan. Herritar guztiek dute hizkuntzak ikasteko eskubidea XXI. mendean. Hortaz, kapitulu honetan, atzerriko hizkuntzak irakasteko metodo eta ikuspegien irisgarritasuna aztertzen da (gramatika-metodo, estruktural, humanista, komunikatibo eta abarrenak), baita Europako Erreferentzia Marko Bateratua (EEMB) eta EEMBaren Liburu osagarriarenak ere.
- Ikasgela inklusiboan ikus-entzunezko testuak baliatzeko material-motak eta proposamen metodologikoak. Ikasgela inklusiboan hizkuntzak irakasteko funtsezko ikuspegiek eta metodoek dituzten oztopoak erakusten ditu egileak, eta ikus-entzunezko material didaktikoak aukeratzeko nahiz sortzeko irizpideak ematen, baita zenbait estrategia metodologiko ere. Era berean, ikus-entzunezko testuen erabilera didaktikoa ere lantzen du: bikoizketa, azpitituluak, etab.
- Zentzumen-desgaitasuna duten ikasleen hezkuntza-beharrak. Desgaitasuna dutenekin lan egiteko gomendioak edo aholkuak ematen dira, eta ikusmen- nahiz entzumen-desgaitasunen bat duten ikasleen hezkuntza-beharrak ere erakusten. Esate baterako, desgaitasunen bat duen ikaslea besteen aurrean ez identifikatu, baldin eta berak horretarako baimena ematen ez badu, edota ikasleei formatu desberdinetako materialak erraztu beharren arabera.
- Laguntza teknikoak eta hezkuntza-baliabideak. Adibidez, entzumen-desgaitasuna duten ikasleentzako audifonoak eta bestelako aparatuak, baita ordenagailurako softwareak ere (Skype Translator, Whatsapp Transcriber, azpitituluak…). Ikusmen-desgaitasuna duten ikasleentzako bada ONCE erakundearen gida bat eta laguntza teknikoa eskaintzen duten ordenagailurako softwareak ere bai, hala nola irakurgailuak eta halakoak (euskaraz ere bada “Irakurle Digitala” , irakurtzeko arazoak dituzten ikasleei laguntzeko).
- Zailtasunak eta mugak hizkuntzen irakaskuntza inklusiboaren ikasgelan. Helduen irakaskuntzan, zailtasun zenbait aurkezten ditu Beatriz Reverter ikertzaileak, eta etorkizunerako erronka gisa ikusten ditu gabezia horiek, ikasleen hezkuntza inklusiboaren eskubidea bermatzeko. Era berean, baliabide didaktikoak eta laguntza teknikoak aztertzen ditu irakasleen lanaren lagungarri, askotan ez baitakite nola jokatu, ikasgelan zentzumen-desgaitasunen bat duten ikasle helduei irakastean.
- Ondorioak. Oraindik ere hezkuntzan dauden zailtasunei eta arazoei buruzko hausnarketa gehitzen du egileak berak bukaeran, eta etorkizunean hezkuntza inklusiboa errealitate izan dadin egin daitezkeen ikerlanak zerrendatzen ditu.
Erreferentzia bibliografikoa
Reverter Oliver, B. (2023). Enseñanza de idiomas e inclusión: la discapacidad sensorial en el aula. Universitat de València. https://omp.uv.es/index.php/PUV/catalog/book/357.
Show comments