Ikastaro hau euskara-irakasleei zuzenduta dago, eta Euskaltzaindiaren arau gramatikalak betetzetik harago, edozein ekintza komunikatibotan hizkuntza kalitatez erabiltzeko gaitasun estrategikoa landuko da: hitz-ordena, testu-antolatzaileak, lexikoa, puntuazioa…
Gero eta garrantzitsuagoa da ikerketan sorturiko datuak erakustea, are ikerketaren fidagarritasuna edota gai berean interesa duten ikerlariekin partekatzea ere, itxi gabeko ikerketa-ildoak garatzeko. Hori horrela, Humanitate Digitalen esparrutik eta ikerketa-azpiegiturak erabiliz, hizkuntzen irakaskuntzan datuetan oinarrituriko ebaluazioan urratsak emateko asmoz egin dugu lan hau. Lan honetan zinezko gizabanakoek benetako azterketatan ekoitzitako testuak aztertu dira, B2 eta C1 mailakoak. Lan hau HABEren eta Ixa Taldearen (UPV/EHU) elkarlanari esker burutu izan da. Egindako azterketa-lanaz gain, zenbait tresna eta bitartekoren berri ematen da eta etorkizunean horiek hizkuntza-gaitasunen ebaluazioan zein azterketan zenbaterainoko laguntza ekar lezaketen hausnartu da. Testu-zuzenketaren etiketatze-mailan "Markin" tresnarekin erabiltzeko etiketa-zerrenda ere proposatzen da eta hori baliatuta testuetako erroreak B2 eta C1 mailetan deskribatzeko saiakera ere egiten da, hein batean, halako ekimenek aurrera begira ekar ditzaketen onuren isla eskainita. Egindako irizpenak zein baliatutako datu gehienak eta bitartekoak arloko komunitatearen esku uzteko erabakiak lanaren zein jarduera esparruaren helburuekin bat egiten du, EuDat datuen azpiegitura europarra erabili dugu xede horretarako.
https://doi.org/10.54512/HLFA9295
Denborazko perpausetan, zuzena da “orain hamar egun” gisako esapideetan aditza ezkutatzea. Denbora-neurri finkatuetan, aditzaz gainera, izena bera ere utzi daiteke isilpean, “gaur zortzi” gisako egiturak eratuz. Honelakoek, denboran aurrera zein atzera egiteko parada ematen dute. Dena den, adberbioak berak baino ez du finkatzen denboraren noranzkoa?
"Euskararen Atlas Prosodiko Interaktiboa (EAPI) " izenburua duen artikuluaren egileek EAPI euskararen prosodiaren lehen tresna multimedia eta interaktiboa aurkeztu nahi izan dute. EHUko EUDIA ikerketa-taldeak sortutako datu-basea du oinarri atlas horrek, eta prosodiari buruz egindako azterketak erakusten ditu: azentuaren kokapena euskararen aldaera eta silaba guztietan; oinarrizko perpausen intonazio-eredu esanguratsuenak, bai euskara batuarenak bai euskalkienak; eta bidea irekitzen du bat-bateko eta irakurritako testuen analisi prosodikoa egiteko. Atlas honen bidez, prosodiaren alorrean garatutako beste hizkuntza batzuekin parekatzen da euskara nazioartean.
Artikulu honek helburu du euskara-irakasleei gogoeta eragitea, euskararen ahoskerari eta prosodiari buruz, eta, aldi berean, gaitasun prosodikoa garatzeko jarraibide eta argibideak ematea. Bide hori egiteko, Axularren Gero maisu-lanaren “Irakurtzaileari” deritzon atalean oinarrituta, “Irakasleari” aitzinsolasean azaldu da aferaren muinaren jatorria. Ondoren, zer-nolako ibilbide urri eta malkarra izan duen ahoskerak euskararen irakaskuntzan, eta, berrikiago, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOC) nolako isla daukan alderdi fonologikoak gaitasun fonologikoaren barruan; ebaluazioan ere azaltzen da mailaz maila. Ahoskerak ere izan du Euskaltzaindiaren arreta, eta EBAZ arauaren berri ematen da: euskara batuaren ahoskera zaindua. Aurrerago ahoskeraren eta prosodiaren inguruko proposamenak eta ikerlanak berbabide, hauxe garatzen da: Txillardegiren euskal azentuaren inguruko proposamena eta hari buruzko artikuluaren aitzindaritasuna azalduz; ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek egindakoa, eta, ahoskeraren gaineko oso lan interesgarria. Azkenik, teoria guztia praktikan ipintzeko, proposamen curricular eta didaktikoa egiten da, gaitasun prosodikoa HEOCean txertatu eta hari buruzko jakintza eta kontzientzia zabaltzeko.
https://doi.org/10.54512/KRLR9470
XXI. mendeko "Euskararen Gramatika"-ren bi liburukiak argitara eman zituen iaz Euskaltzaindiak. Duela gutxi eman du gaiaz hitzaldi bat Miren Azkaratek. Teoria hutsa baino gehiago, gramatika deskriptiboa da irakurleak liburukiotan aurkituko duena, eta erabat irekirik dago ekarpenak eta hobekuntzak egitera. Oraindik ez daude sarean, baina jartzeko asmoa dago.
"Pedagogical Translanguaging" liburua plazaratu zuen 2021eko abenduan Cambridge University Press argitaldariak. Eleaniztunek beren hizkuntzak komunikazio-sistema integratu gisa erabiltzeko prozesuari deritzo "translanguaging". "Translanguaging pedagogikoa"k dituen onurez eta arriskuez mintzo zaizkigu liburuan; besteak beste, gurea bezalako hizkuntza gutxitu bat ikasteko orduan eleaniztasun horrek izan ditzakeen eragin positiboak aipatzen dira. Argitalpena ingelesez badago ere, EHUko bi irakasle dira egileak: Jasone Cenoz eta Durk Gorter. Azken urteotan euskal esparruan translanguagingaren inguruan egindako ikerketak aipatzen dituzte, besteak beste.