"Pedagogical Translanguaging" liburua (Cenoz, J. eta Gorter, D.)

Argitaratua: Wednesday, 6 April 2022, 1:09 PM
Pedagogical Translanguaging

Pedagogical Translanguaging liburua plazaratu zuen 2021eko abenduan Cambridge University Press argitaldariak. Eleaniztunek beren hizkuntzak komunikazio-sistema integratu gisa erabiltzeko prozesuari deritzo translanguaging. Translanguaging pedagogikoak dituen onurez eta arriskuez mintzo zaizkigu liburuan; besteak beste, gurea bezalako hizkuntza gutxitu bat ikasteko orduan eleaniztasun horrek izan ditzakeen eragin positiboak aipatzen dira.

Argitalpena ingelesez badago ere, EHUko irakasleak dira egileak: bata, Jasone Cenoz DREAMeko ikerlaria, eta bestea, Durk Gorter IkerBasqueko kidea. Azken urteotan euskal esparruan translanguagingaren inguruan egindako ikerketak aipatzen dituzte, eta ikertzaileek bi mota bereizten direla azaltzen dute: bat-bateko translanguaginga eta translanguaging pedagogikoa. Bat-bateko translanguaginga ikasgela barruan zein kanpoan ikasle elebidunen hizkuntzaren erabilera malgua eta naturala litzateke; pedagogikoa, aldiz, estrategiatzat har daiteke, irakasleak berak ikasgela barruan planifikatutako hainbat jarduera gauzatzen dituelako, bi helburu lortzeko:

  1. Eskolako hizkuntzak eta eduki akademikoak garatzeko;
  2. Eleaniztunek dituzten baliabideak erabiliz, hizkuntza gutxituen edota gutxi hitz egiten diren hizkuntzen irakaskuntza bultzatzeko.

Aipatzekoa da termino hori behin aipatzen dela Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren Liburu Osagarrian; "hizkuntzartekotzea" da euskarazkoa bertsiorako hautatu den itzulpena. Edonola ere, "eleaniztasun" kontzeptura bildu ei dira horrelako hitzak azken boladan.

Liburuaren edukia

Argitalpen hau azken urteotan hezkuntzan erabiltzen den terminoarekiko hurbilpen bat da, eta eskoletan translanguaging pedagogikoa estrategikoki nola erabil daitekeen azaltzen da 58 orrialdeetan. Horietatik 13 orrialde luze erreferentzia bibliografikoz beterik daude, gaian gehiago sakondu nahi duenarentzat. Liburua bera doan eta online dago eskuragarri Cambridge University Press webgunean eta aurkezpen-bideoa ere badago Sarean. Sei atal nagusi ditu liburuak.

1.       Sarrera

EHUko bi irakasle horien helburua da eskola-testuinguruetako gaitasun linguistikoak eta edukizkoak hobetzea, ikaslearen errepertorio linguistiko osoa baliatuz. Autoreen arabera, hiztun eleaniztunen baliabideak aktibatu behar dira, eta bizpahiru hizkuntza inplikatzen dituzten jarduerak planifikatu. Horrela, eskoletan ikasleek euskaraz irratsaio bat ekoitzi dezakete, gaztelaniaz egunkariko erreportaje bat egin eta ingelesez istorio digital bat. 

2.       Zer da translanguaginga?

"Translanguaging" terminoa Galesko hezkuntza elebidunetik hartua da, eta "trawsieithu" hitz gaelikotik dator. Ikasgela elebidunetan inputen eta outputen hizkerak berariaz aldatzen dituen praktika pedagogikoari egiten dio erreferentzia. Eleaniztasunean ardaztuta dago, eta kontzientzia metalinguistikoa sustatzen du.

3.       Zer da translanguaging pedagogikoa?

Translanguaging pedagogikoa irakaskuntzan oinarritutako lanketa bat da, eta, era berean, ikasleek erabiltzen dituzten hizkuntza guztien laguntza eta garapena babesten ditu. Liburu honen egileek hizkuntza gutxituak babestearen garrantzia azpimarratzen dute, eta "hizkuntzartekotzeak" hizkuntza ahulenen trebetasunak garatzen lagun dezakeela nabarmentzen dute, ikasleek bi hizkuntzetan edo gehiagotan ulertu behar baitituzte zereginak eta egitekoak.

4.       Kontzientzia metalinguistikoa, translanguaging pedagogikoaren praktikak eta ebaluazioa

Azterlan honetan ‘hizkuntzartekotze’ pedagogikorako zenbait praktika proposatzen dira errepertorio eleaniztuna areagotzeko. Hizkuntzartekotze-prozesu horrek hainbat prozesatze-trebetasun baliatzen ditu, hala nola entzumena eta irakurmena informazioa asimilatzeko eta aukeratzeko, gero komunikatu ahal izateko idatziz eta ahoz. Hori lotu daiteke eleaniztasunarekin, bitartekotzarekin edota trebetasunen integrazioarekin, hizkuntzartekotzearen bidezko ikasketa-prozesu horren baliabide edo tresna bitartekotza delako, eta ikaslearen H1 tresna kognitibo garrantzitsutzat hartzen da, H2 edo xede-hizkuntza eraikitzeko. Ikasketa-prozesu horretan ariketa gisa hizkuntzartekotzea sartuz gero, liburu honen egileek diote ikuspegi garrantzitsu bat dela hizkuntzartekotze pedagogikoa ebaluatzerakoan kontuan hartzea errepertorio linguistiko osoa, eta ez soilik hizkuntza bakar bateko trebetasunak. Ebaluatzeko errubrikak osagai kuantitatiboa ez ezik, kualitatiboa ere izan behar du.

5.       Hizkuntza gutxituak, murgiltzea eta CLIL (Atzerriko hizkuntzen eta edukien ikasketa integratua)

2020an egindako txosten baten berri ematen zaigu liburu honetan, eta txosten horretan Bigarren Hezkuntzako zenbait ikasle taldeka jarriz ahozko nahiz idatzizko jarduera batzuk burutzen dituzte hiru hizkuntzatan. Ikerlan hori Bigarren Hezkuntzako ikasleekin egin zuten, eta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez item berriak irakurri, idatzi eta entzun ondoren, ikasleek ingelesezko testu bat landu behar zuten euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko hitz sustraikideak identifikatuz. Horrela, hizkuntzen gaineko kontzientzia hartzen zuten. Eleaniztasunaren erabileraren inguruko bideo bat badute ikerlan horren egileek –Cenoz & Gorter, 2020-, hain juxtu: Let’s Make the Most of Multilingualism.

6.       Ondorioak eta etorkizuneko perspektibak

Ikerlan honen ondorio gisa, translanguaging edo "hizkuntzartekotze" honek eragin positiboa du kontzientzia linguistikoan, eta ikasleak beren errepertorio eleaniztunaz jabetzen dira.  Horrela, ikasgelan darabilten hizkuntza oro beharrezkoak dira, eta posible da translanguaginga erabiliz hizkuntza biziberritzea, baina horretarako garrantzitsua ere bada arriskuez jabetzea eta arnasguneak babestea, nolabait ere bermatzea xede-hizkuntza ez dela erabiltzen bitartekari-hizkuntza baino gutxiago.

 


ERREFERENTZIAK:


  • Cenoz, J. eta Gorter, D. (2022). Pedagogical Translanguaging. Cambridge University Press. https://doi.org/10.1017/9781009029384
  • CUP Academic. (2021, urriaren 5a). Video Abstract: Pedagogical Translanguaging. [Bideoa]. Vimeo
  • DREAM UPV/EHU. (2018, urriaren 24a). Let's make the most of multilingualism. [Bideoa]. YouTube.

Show comments
  • Ainara Maya UrrozAinara Maya Urroz - Tue, 28 Feb 2023, 8:30 AM
    Elkarrizketa luzea eta mamitsua egin diote gaur Jasone Zenozi BERRIAn:
    https://www.berria.eus/paperekoa/1864/008/001/2023-02-28/eleaniztun-izateagatik-ditugun-baliabideak-aktibatu-behar-dira.htm
    Besteak beste, "translanguaging" edo hizkuntzartekotzea zertan datzan esaten du: "...curriculumean dauden hizkuntzek elkarri laguntzean datza. Adibidez: euskara eskola batean hiztegia lantzea hizkuntza guztien baliabideak erabiliz. Alegia, euskaraz konposatua den hitz bat erabiltzen dugu adierazteko beste hizkuntzetan ere hitz konposatuak daudela: euskaraz loradenda eta ingelesez flower shop konposatuak dira, gaztelaniaz floristeria bestelakoa da.".
  • Ainara Maya UrrozAinara Maya Urroz - Fri, 10 May 2024, 2:45 PM
    HABE liburutegian dago gai honen inguruko (translanguaging edo hizkuntzartekotzea) argitalpen berria ingelesez: "Multimodality and translanguaging in video interactions" (Multimodalitatea eta hizkuntzartekotzea bideo bidezko elkarreraginean).
    Modu kritikoan aurkezten eta eztabaidatzen du bideo bidezko komunikazioa, azterketa multimodalen eta hizkuntzartekotzearen teoria eta metodo enpirikoak konbinatuz. Covid-19ren ondoren, bideoetan oinarritutako elkarreraginak gero eta gehiago sustraitu dira bizitza pribatuan eta publikoan, eta erabat sartu dira ingurune pertsonal, laboral eta hezkuntzaren komunitate-praktika ugaritan.
    Sindoni, M. G. (2023). Multimodality and translanguaging in video interactions. Cambridge University Press.