Didakteka
"Euskararen Gramatika" liburukiak (Euskaltzaindia)
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Bisitak: 1064
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Axularren garaitik hizkuntza ez dela asko aldatu esan zuen Miren Azkaratek Donostiako Euskaltzaindiaren egoitzan "Euskararen Gramatikaren ezaugarriak eta berritasunak: itzultzaileentzako gako batzuk" izenburupean emandako hitzaldi batean. Hitzaldia iaz Euskaltzaindiak argitaraturiko Euskararen Gramatikaren karietara egin da. Etorkizunean sarean jartzeko asmoa dago eta, Miren Azkaratek hitzaldiaren amaieran argi esan zuen bezala, irakurleren batek paperezko bertsioan akatsik aurkituz gero, erabat irekirik dago ekarpen eta hobekuntza proposamenetara. Izan ere, haren hitzetan, teoria hutsa baino gehiago, gramatika deskriptiboa da irakurleak liburukiotan aurkituko duena.
Lanari "Euskararen Gramatika" jarri diote izena, eta XXI. mendeko euskara deskribatzea ez ezik, XXI. mendeari dagokion moduan egitea du helburu (Euskaltzaindiaren mendeurrenaren karietara egin ziren gramatikari buruzko jardunaldien izenburuaren ildotik). Izan ere, aurreko paragrafoan aipatu bezala Axularren garaitik hona hizkuntza gehiegi aldatu ez bada ere, hizkuntza deskribatzeko modua aldatu da. XVII. mendean euskal gramatikariek eredu grekoak soilik zituzten; baina, gaur egun, euskararen gramatikak baditu mende honetan egin diren gramatika anitzen ezaugarrietako asko, eta gramatika horiek deskribatzaileak dira, eta kontuan hartzen dituzte azken urteotako ikerketa teorikoak. Horrez gain, azken hogeita bost urteotako euskarari buruzko ikerlanen emaitzak ere ekarri dituzte Euskararen Gramatika honetara, gramatika tradizionaletan ageri ez ziren kontzeptuak ere txertatuz.
Liburuaren edukiaz hitz bi
Bi liburuki mardulak estalki bakarrean bildurik daude, eta 43 atalez osaturik; 2011n bukatu zen EGLU (Euskararen Gramatikaren Lehen Urratsak) osoa, eta handik aurrera Gramatika Batzordea hasi zen pentsatzen lana nola hobetu eta gaurkotuko.
Lehen liburukiko edukiak asko aldatu dira EGLU I eta II liburuetakoekin alderatuta, baina, haiek bezala, gramatika-liburu berri hau ere ez da erabilera okerren bilduma bat. Tradizioko adibideak ematen dira eta, gramatika deskribatzailea denez, ez da araurik ematen, salbu eta Euskaltzaindiak arau garbi bat emana duen kasuetan (adibidez: **guzti honekin ez, eta bai honekin guztionekin).
Horrez gain, irakurlearentzat nabarmentzekoak diren zenbait berrikuntza daude: kapitulu mardul bat hitz-ordenaren gainekoa da. Informazio-egituraz eta sintaxi-egituraz zabal ari da, eta ordena neutroaz eta markatuaz ere bai. Galdegai eta mintzagai terminoez gain, ukagaiaz ere ari da; ezeztapenaren fokuaz, alegia (ezezko perpaus horrek aldez aurretik esandako baieztapen bat ukatzen du).
Gai berriez gain, edukiari dagokionez, zenbait termino egokitu beharra ere ikusi da. Esaterako:
- Sintagmen eraketa eta burua azkenean jartzea zergatik gertatzen den azaltzea.
- Trantsitibo, adjektibo, adberbio, aldi... bestelako hizkuntzetako gramatiketan hedatuago dagoenera hurbiltzea.
- Deklinabide hitzaren ordez postposizio sistema hautatzea.
- Trantsitibitatea eta intrantsitibitatea beste modu batera definitzea.
- Argumentuak definitzea: aditzak bere rol tematikoak adierazten ditu, hala nola agentea, kausa, esperimentatzailea, lekua, gaia.
- Adizki alokutiboak xehekiago aurkeztea.
- Perpaus osagarrien atala beste modu batera egokitzea.
- Izan, ukan, *edin,*ezan aditzek biziki islatzen badute ere euskararen aditz sistema, gaia arindu dute: ez da adizki-taularik ageri.
- Diskurtso markatzaileen bi kapitulu eranstea.
- Determinatzaile mugatzaileen artean -a, -o, bat eta -ik sartzea.
Erreferentzia bibliografikoa:
Gramatika Batzordea. (2021). Euskararen Gramatika. Euskaltzaindia.