Didakteka
"Duela" eta "orain dela", esapide fosilduak ote?
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Hizkuntza-arloa:
- Linguistics
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Hizkuntza-arloa:
- Linguistics
- Bisitak: 952
- Iruzkinak: 5
- Gogokoak: 1
Euskara Batuaren Eskuliburuan, fosildutzat joak zeuden duela / orain dela erako denbora-esapideak, eta, beraz, formaz aldagaitzak zirela aipatzen zitzaigun. Ikuspegia irauliz, adizki pluralekin eta postposizioekin erabiltzea ere zuzena dela ikusiko dugu. Horrezaz gain, EGLU VI.enean aipatzen zen hura gezurtatuko dugu, gramatika berriaren argitan. Zera esaten baitzen, bere garaian, EGLU VI hartan (124. or.): “Orain dela forma, berriz, mendebaldean erabiltzen da batez ere, aditz-laguna berekin duela betiere”. Ezagun da Euskararen Gramatika-n malguago jorratzen dela gaia aurreko gramatiketan baino, nahiz erabilera batzuk, nolabait ere, beste batzuk baino hobesgarriago jo. Azter dezagun xeheago kontua.
Duela / orain dela denborazko esapideak
Izenburu honen pean dagoen segidako guztia erositako prezioan saltzen dut, gramatika berritik hitzez hitz baitago ekarria. Azpimarratze batzuk baizik ez ditut egin, akabuko gogoetari bidea urratzekotz.
35.2.4i “Duela – orain dela + denbora IS zenbatzaileduna” egiturako esapide adberbialak hizketa unetik atzera kontatzen du denbora, gertakaria kokatzeko; hala, esate baterako, [Duela – orain dela ] hamar egun etorri zen laguna dioenak hamar egun egiten du atzera lagunaren etorrera han kokatzeko.
Izen sintagmaren zenbatzailea zehatza (duela hamar egun; orain dela bost urte) nahiz zehaztugabea (duela zenbait egun; orain dela urte batzuk) izan daiteke; izenordain zenbatzaileak bete dezake izenaren lekua, eta esapideak ematen dio denbora-balioa: {duela – orain dela} gutxi; {duela – orain dela} aspaldi esapidean, berriz, aspaldi-k berak darama zenbatzailea bere esanahian (denbora luzea). Modifikatzaileak ere eraman ditzake esapideak: {duela – orain dela} + {hamarren bat egun – ia hamar egun – hamar egun-edo – hamar egun pasatuxe – hamar egun inguru – anixko urte – aspalditxo - xuxen zortzi egun – aspaldi-aspaldi – laster urtebete).
35.2.4j Osagarri hauek aditza lagundu ohi dute ([Duela – orain dela] bi urte gertatu zen)}, baina izena ere lagundu dezakete, eta esapideak –ko atzizki adnominala darama ([Duela – orain dela] bi urteko gertaera). Denbora-adierazpena zehazten duten postposizioak ere onartzen ditu esapideak: duela hamar egunetik hunat; orain dela hamar egunez geroz; duela hamar egun arte… eta horrelakoetan iraupenekoa izan ohi da predikatua: [Duela – orain dela] hamar urtetik hona ez dugu bakerik izan.
Duela aldaerako forma Iparraldekoa da batez ere, gaur egun erabilera zabalagoa badu ere*. Hizketa unea seinalatzen duen orain adberbioa aurretik duela erabiltzen da maiz: (orain) duela hamar egun. Du adizkia inpertsonala da, subjekturik gabea, eta esapide adberbial honetan finkatua dela esan daiteke: haren objektua – izen sintagma zenbatzaileduna – esanahiz plurala denean ere ohikoa da singularreko forma erabiltzea, goiko adibideetan ikusten den moduan, nahiz zenbaitek, analogiaz-edo, dituela hamar egun gisakoak erabili zenbaitetan; Jean Etxepare medikuak erabiltzen ditu inoiz horrelakoak. Eta anaforiko moduan erabiltzen denean ere – hau da, zenbatzearen hasierako unea iraganean ezarria denean ere – ez da ohikoa zuela adizkia erabiltzea, ezinezkoa ez bada ere: Hogei urte zuela egin zutenaz oroiturik (Axular); Iaz hartu zuen zuela hiru urte bidali zioten gutuna. Ohikoagoa da hiru urte lehenago bidali zioten gutuna gisakoak erabiltzea, eta duela ere erabiltzen da inoiz: Aita hila zuten, duela ordukotz hamar urte (J.B. Etxepare).
Dela aldaerako forma, berriz, mendebaldekoa da, eta ohikoa du honek ere esapidearen lehen buruan adberbioa eramatea. Da singularra erabiltzen da maiz sintagma zenbatzailea esanahiz plurala denean ere (orain dela hamar urte), baina plurala erabiltzea ez da debeku, batez ere sintagma aditzaren aurrean doanean (orain hamar urte direla). Iraganeko adizkia ez da ohikoa forma honetan, baina ez da ezina: hala, ezezko perpausetan ageri da inoiz (artean denbora asko ez zela).
35.2.4k Aditzik gabeko orain hamar egun gisako esapideak ere erabiltzen dira: Orain ehun urte hasi zen gerra; Orain urteak gertatu zen hori. Ikusten denez, esapidean ageri direnak abiapuntua adierazten duen orain adberbioa eta sintagma zenbatzaileduna dira.
Ebaluazioaren gaineko gogoeta
Orain hurrena aurreratu genuenez, “bi aldiz neurtu eta behin ebaki”, horixe da ebaluatzaileon egitekoa. Beste edozein arlotan nola, euskararenean ere zabaltzen dira uste okerrak forma edo esapide jakin batzuen zuzentasunaren inguruan, eta, asmo txarrik gabe hedatuagatik, berebiziko indarra hartzen dute.
Hobetsitakoa irakasteak badu zentzurik, hori esan gabe doa, baina ebaluatzea besterik da. Horregatik azpimarratu ditut xehetasunen edo zehaztasunen berri ematen duten hitz gako horiek guztiak, ezik sarri, norberak tentuz irakurri ezean, ahoz aho ibili eta ñabardurak deseginda iristen zaizkigulako.
Euskaltzaindiaren azken gramatikak berak biderik zuhurrena, eta ez beti zidorrena, hartua duela dirudi, eta nago ispilu ona dela gure langintzarako ere.
Oharra:
*Propio de la tradición septentrional, se encuentra desde Axular (que lo empleaba en tiempo pretérito); lo usan también algunos autores alto-navarros y Villasante (s.v. izan [duela])