Didakteka
Aditzik gabeko denbora-esapideak
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Hizkuntza-arloa:
- Linguistics
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Hizkuntza-arloa:
- Linguistics
- Bisitak: 993
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Denborazko perpausetan, zuzena da “orain
hamar egun” gisako esapideetan aditza ezkutatzea. Adberbioa eta sintagma
zenbatzaileduna soilik ageri dira halakoetan, elipsi-egituran. Denbora-neurri
finkatuetan, aditzaz gainera, izena bera ere utzi daiteke isilpean, “gaur
zortzi” gisako egiturak eratuz:
“Gaur [dela] zortzi [egun]”
Adibide asko daude era horretakoak:
“Gaur zortzi izan zen partida”
“Hegiaphalia sute ikaragarri batek irentsi du gaur hamabost" (Etxaide)
Goiko adibideetatik ageri denez, aurrera
ez ezik, denboran atzera egiteko parada ere ematen du “gaur zortzi (hamabost)”
esapideak. “Atzo zortzi” edo “etzi hamabost” bezalakoetan, adberbioak berak
finkatzen du denboraren noranzkoa —ez adberbioak soilik,
beheraxeago ikusiko dugunez—, baina “gaur zortzi” bezalakoen kasuan aditzak argitzen du esapidearen iluna:
"Gaur zortzi etorri zen" [orain
astebete]
"Gaur zortzi etorriko da" [hemendik astebetera)
Euskararen Gramatika-n horrela ageri bada ere, badirudi “atzo zortzi” bezalakoetan ere, denboraren noranzkoa adberbioak bakarrik finkatze hori ez dela bere horretan egia oso-osoa (bitxitasun gisa, aipa dezadan Euskaltzaindiakoei jakinarazia dagoela gorabehera eta gramatikaren on-line argitalpenerako kontuan izango dutela egin zaien oharra). Horren erakusgarri, azter dezagun Orotarikoaren adibidetegitik ateratako beste hau:
“Ni atzo [adberbioak atzera] hamabost Tolosara joango naiz [aditzak aurrera]” (Azpiroz, 167)
Adberbioak atzera egiten badu, aditzak aurrera. “Atzodanik kontatzen hasi eta bi astera, Tolosara joango naiz”, esaldia dago hor isildua. Aditzak ekintzaren edo gertakariaren denbora ("joango naiz") du zehazten, eta adberbioak, berriz, sintagma zenbatzailedunaren noizdanikoa edo erreferentea, nire uste apalean. Bi alderdi horiei sintagma zenbatzailedunaren balioa ("zortzi", "hamabost") erantsi behar, jakina. Azpirozen adibidean, bi aste. Hortaz, esan liteke, ez soilik adberbioa orainaldikoa delarik, baizik iraganaldikoa denetan ere suma daitekeela orainaldiko adberbioetan aipatzen zen nolabaiteko anbiguotasun hori. Eta hori hala bada, uste izatekoa da adberbioa etorkizunekoa denean ere, beste hainbeste gerta daitekeela, Orotarikoan adibiderik ez topatuagatik. Alegia, “bihar zortzi etorri zen” bezalakoak ere izan daitezkeela zuzenak eta aditz-esapideok uste baino askeagoak, hortaz…
Lehen aurreratu dugun Etxaideren adibidea ere ohargarria da: aditza orainaldian dago, baina iragana adierazian, aspektu burutuari esker. Badirudi “bart” ("bart lo ona egin dut") bezalako denborazkoekin edo antzekoekin gertatzen dena gertatzen dela hor. Alegia, lehenaldiko zein orainaldi burutuko aditzak ametitzen dituela, adiera aldatzeke baina diskurtsoa hizketa-unera gehiago hurbilduz…
Sintagma zenbatzailedunak zortzikoak edo hamabostekoak izatea, itxura guztien arabera, abiapuntu den eguna (noizdanikoa) kalkuluaren barruan sartzen delako da. Alegia, "hemendik zazpi egunera" = "gaur zortzi." Zergatik? Bada, astearte batean esaten bada, asteartea bera ere zenbatu egin delako.
Aipatu esapideak eta ebaluazioa
Gogoratu dezagun, beraz, aditzik gabeko
denbora esapideok iduri lezakeen baino malguagoak direla ebaluatzeko garaian.
Areago: adberbioekin ez ezik, inesiboko postposizioa ondotik dutela ere
agertzen ohi direla:
“Igandean zortzi gelditua zen etxean” (Zerbitzari)
“Larunbat honetan hamabost, senide-bazkaria daukagu”
“Hilabete honen hamarrean, etzi zortzi, Donibane-Garazin festa baten egitera doaz" (Hiriart-Urruti)
Euskararen gramatika-n, denborazko perpausen atalean, duzue ikusgai azaldu berria, hala aurrekotasuna adierazten duten osagarri adberbialen atalburuan (1577.or. / 35.2.4k puntua), nola ondokotasunaren berri ematen duenean (1581-2. or. / 35.2.5i puntua).