Zer da hizkera sexista?

Argitaratua: Thursday, 23 May 2024, 9:37 AM
ezer ez eta festa podcasta

Euskaldunen hizkera sexistaz mintzo dira Irene Arrarats eta Maialen Berasategi Berriaren Ezer ez eta festa podcastean. Honako galdera hauekin abiatzen dute podcasta: “Nola neurtzen da hizkuntzen zama sexista? Hizkuntza bat sexista izan daiteke ala hiztunak gara sexistak?“.

eHIZPIDEren 103. zenbakian Maria Silvestre Deustuko Unibertsitateko katedradunak euskararen erabilera ez-sexistarako gomendioak eman ditu, eta horrekin loturik,  Berriaren podcastaren bi esatari horiek, besteak beste, galdetzen dute zer dela-eta gizarte baztertu eta jendarte erabili. Izan ere, gizarte hitza baztertu dutenek erro bereko beste hitz batzuk erabiltzen segitu dute, hala nola gizalege, giza eskubide

Jendarte hitza lausoagoa dela azaltzen dute podcastean, eta, termino hori gizarte hitzagatik ordezkatu ondoren, batzuek giza jendarte bezalako termino bat ere asmatu dute, jendarte hitzak gizartek esan nahi duena hartzen ez duelakoan. Bestalde, Ipar Euskal Herrian jendarte hitza lagunarteren edo jendaurrekoren pareko erabiltzen denez, askorentzat gizarte erabili behar izatea dakar, bi hitzek esan nahi dutena desberdina dela bereizteko.  

Zer dela-eta baztertu gizarte hitza, giza- erro ustez sexista hori duelako? Zergatik gizarte hitza gaitzetsi, eta, aitzitik, erdaretatik hartu diren humano, humanismo eta halakoak ontzat hartu sexista izateko beldurrik gabe? Podcasteko aurkezleen esanetan, askotan, euskara zorrotzago hartzen dugu erdarak baino, baina, berez, hitzak oro har ez dira sexistak; hiztunek hitzekin egiten duten erabilera da baztertzailea.

Beraz, podcastaren esatarien hitzetan, euskaldunen hizkera beste hizkuntza bateko hiztun batena bezain sexista da, ez gehiago eta ez gutxiago. Berez, hitzen erabilerak ematen die esanahia hitzei, eta, ondorioz, ez omen zaio estuki erreparatu behar hitzen etimologiari edo benetako esanahi hertsiari.
 


Erreferentzia:


Arrarats Lizeaga, I. eta Berasategi Catalan, M. (esatariak). (2024ko apirilaren 23a). Despistatuon sexua. [Audio-podcasta]. Ezer ez eta festahttps://www.berria.eus/podcastak/ezer-ez-eta-festa/despistatuon-sexua_6172909_110_S.html

Beste eduki interesgarriak

María Silvestre Cabrera

Hizkuntzen irakaskuntzan eta erabileran genero-ikuspegia txertatzeari buruzko gogoeta: euskararen kasua

Artikulu honetan, gogoeta egiten da hezkuntzan genero-ikuspegia txertatzeari eta euskararen erabilera ez-sexistari buruz. Artikuluan, genero-ikuspegia irakaskuntzan eta ikerketan txertatzeko gida bat aurkezten da. Gida hori Deustuko Unibertsitatean koordinatu du artikulugileak, eta arreta berezia jarri du irakaskuntzan eta genero-ikuspegiaren ezarpenari jarraipena egiteko adierazleetan. Gai hori hizkuntzen eta, zehazki, euskararen irakaskuntzan izan dezakeen eraginarekin lotzen da, eta, beraz, irakasleen komunikazioan hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiltzeari ere erreparatuko zaio.