Hizkuntzen irakaskuntzan eta erabileran genero-ikuspegia txertatzeari buruzko gogoeta: euskararen kasua

Argitaratua: Tuesday, 9 April 2024, 1:35 PM
María Silvestre Cabrera

Artikulu honetan, gogoeta egiten da hezkuntzan genero-ikuspegia txertatzeari eta euskararen erabilera ez-sexistari buruz. Artikuluan, genero-ikuspegia irakaskuntzan eta ikerketan txertatzeko gida bat aurkezten da. Gida hori Deustuko Unibertsitatean koordinatu du artikulugileak, eta arreta berezia jarri du irakaskuntzan eta genero-ikuspegiaren ezarpenari jarraipena egiteko adierazleetan. Gai hori hizkuntzen eta, zehazki, euskararen irakaskuntzan izan dezakeen eraginarekin lotzen da, eta, beraz, irakasleen komunikazioan hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiltzeari ere erreparatuko zaio.

https://doi.org/10.54512/SCBP3447

Show comments
  • Ainara Maya UrrozAinara Maya Urroz - Thu, 11 Apr 2024, 12:42 PM
    Testu anitzetan, ‘jendarte’ hitza ‘gizarte’-ren sinonimo gisa erabiltzen da, ‘gizarte’ ustez sexista eta baztertzailea ordezkatzeko, baina adibide batzuen bidez ikus dezakegu horien arteko desberdintasuna. Testuinguru batzuek zalantza eta eztabaida sortzen dute, eta horiek argitze aldera, ikus ditzagun Euskaltzaindiaren Hiztegiko hitz horien adierak:
    - Jendarte. iz. Leku agerian dagoen jendea; jendea, jende multzoa.
    - Gizarte. iz. Giza lagunartea, gizadia elkartetzat hartua; lege eta erakunde berberen azpian bizi den gizaki multzo iraunkorra.
    - Lagunarte. iz. Toki batean gertatzen diren lagunen multzoa
    Hiru hitz horiek, esanahiari dagokionez, sinonimoak izan daitezke, baina neurri batean. Ez dute esanahi bera zehazki, eta testuinguru desberdinetan darabiltzagu: 'gizarte' modu orokorrago edo publiko batean eta era abstraktuan aipatzen dugu, eta 'lagunarte', hitzak berak dioen moduan, lagun arte pribatuan edo modu intimoan. 'Jendarte' terminoa aurreko bi horien artean kokatzen da; izan ere, Ipar Euskal Herrian orain gutxira arte 'jendarte' erabiltzen baita gehienbat eta ez 'gizarte'.

    Hego Euskal Herrian ere, azken hamarkadetan genero-ikuspegia dela eta, 'jendarte' hobetsi da testu askotan. 'Gizarte' baztertu da, hitzaren barnean 'giza-' erroa dagoelako, uste delako erro horren azpian 'gizon' dagoela. Horren arabera, honako hitz hauek ere baztertu beharko genituzke: ‘gizabide’, ‘gizadi’, ‘gizabanako’, ‘gizeraile’ eta zerrenda luze bat.

    Baina 'giza-' erroak bere barnean ez du 'gizon', baizik eta 'izaki humanoa' edo 'pertsona abstraktu', eta beraz, ezin erran 'gizarte' hitzak gizon-talde bati egiten dionik erreferentzia.

    EUSKALTZAINDIAREN GOMENDIOA
    Bukatzeko, erdarazko 'sociedad' edo 'société', maila formal, abstraktu eta orokorrean aipatu nahi denean, ‘gizarte’ hitza da euskaraz hobestekoa euskara batuan, euskalkiak euskalki; 'jendarte' jende-talde bat bilduta dagoenean; eta 'lagunarte' lagun-talde bat dagoenean.

Beste eduki interesgarriak

ezer ez eta festa podcasta

Zer da hizkera sexista?

Euskaldunen hizkera sexistaz mintzo dira Irene Arrarats eta Maialen Berasategi BERRIAren "Ezer ez eta festa" podcastean. Honako galdera hauekin abiatzen dute podcasta: “Nola neurtzen da hizkuntzen zama sexista? Hizkuntza bat sexista izan daiteke ala hiztunak gara sexistak?“.