"¿Cómo implicar a los estudiantes para que utilicen el feedback online?” artikuluaz

Argitaratua: Thursday, 13 June 2024, 12:17 PM
RIED

"¿Cómo implicar a los estudiantes para que utilicen el feedback online? da Anna Espasa-Rocak eta Teresa Guasch-Pascualek idatzitako artikulu baten izenburua. Ezagunak ditugu bi egileak; besteak beste, Menos corregir y más acompañar en el aprendizaje: el poder del feedback ikastaroko irakasle izan ziren eta antzeko gaia landu zuten Decálogo para la mejora de la docencia online liburuaren kapitulu batean. Online unibertsitate bateko esparruan egindako ikerketa baten berri ematen dute artikuluan baina geure esparrurako ere ideia baliagarriak daude bertan.

Diotenez, unibertsitateko testuinguruan ez da oraindik benetan gauzatzen ebaluazio jarraitu eta formatiboaren aldeko apustua; hala ere, marko horretan, feedback-prozesuak ikaskuntza erraztu dezaketela uste dute; azken finean, era horretako ebaluazioak ikaskuntza hobetzen lagundu behar du. Gainera, ikaslearen rol aktiboa ezinbestekoa da ebaluazio formatibo edo hezitzailean. Hori horrela, feedbackak berebiziko garrantzia du ikuspegi horretan.

Egindako beste ikerketa batzuen arabera, ikasleek ez dute atzeraelikadura ikaskuntza hobetzeko baliatzen. Izan ere, ez dute erabilgarritzat jotzen. Zenbait arrazoi daude ez erabiltzeko edo ez inplikatzeko, hala nola ez dutela ulertzen, ez dela une egokian iristen edota ez diela hobetzen laguntzen.

Artikuluaren sarreran azaltzen dutenez, bilakaera izan du atzeraelikaduraren kontzeptuak azken hamarkadetan, bi paradigma baitaude. Antzinako paradigma transmisiboaren ikuspegitik, monologikoa eta norabide bakarrekoa da, alegia, ikasleei informazioa eta iruzkinak ematea. Paradigma dialogiko edo modernoaren arabera, aldiz, prozesu zikliko eta dialogikoa da, elkarreraginean ardaztua eta ikaskuntza sustatzeko ekintzak jasotzen dituena. Honako hiru urrats hauek izango lituzke:

  1. atzeraelikadura hartu eta ematea (irakasle batek zein ikaskide batek emana, edo nork bere buruari emandako barneko feedbacka; automatikoa ere izan liteke);
  2. atzeraelikadura ulertzea eta ikaskuntza hobetzeko erabakiak hartzea;
  3. erabaki eta hobekuntzak inplementatzea.

Horregatik, lana berregiteko estrategian oinarritutako atzeraelikadurari erreparatu nahi izan diote Espasa eta Guaschek. Emaitzen arabera, feedbackarekiko inplikazioa handiagoa da lana berriz egiteko aukera dagoenean. Bestalde, ikerketetan sumatu duten beste gertakari bat: ikasleek ez dute feedbackaz elkarrekin mintzatzeko ohiturarik (ezta lana berregin dutenak ere).

Aipatutako materialez gain, badaude Sarean aditu hauen feedbackaren inguruko ekarpen gehiago, adibidez Feed2Learn taldeko webgunean edota UOCeko Blogs dels Estudis de Psicologia i Ciències de l’Educació blogean dauden sarrera hauetan (biak pandemia-garaikoak):



Erreferentzia bibliografikoa

Espasa-Roca, A., eta Guasch-Pascual, T. (2021). ¿Cómo implicar a los estudiantes para que utilicen el feedback online?. RIED-Revista Iberoamericana de Educación a Distancia, 24(2), 127–148. https://doi.org/10.5944/ried.24.2.29107

Show comments

Beste eduki interesgarriak

Anna Espasa

1225- Menos corregir y más acompañar en el aprendizaje: el poder del feedback / Gutxiago zuzendu eta laguntza handiagoa eman ikaskuntzan: feedbackaren indarra (bideo-laburpena)

"Menos corregir y más acompañar en el aprendizaje: el poder del feedback / Gutxiago zuzendu eta laguntza handiagoa eman ikaskuntzan: feedbackaren indarra" ikastaroa eman zuen Anna Espasak 2023ko uztailaren 3an, 4an, 5ean eta 7an online.