Didakteka
Elebidunen lehen hizkuntzak (H1) idatzizko gaitasunean izan dezakeen eragina
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Trebetasunak:
- Edukiak:
- L1
- L2

- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Trebetasunak:
- Edukiak:
- L1
- L2
- Bisitak: 183
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Elebidunen lehen hizkuntzak (H1) idatzizko gaitasunean izan dezakeen eragina aztertu dute Paula Elosuak eta David Lasabagasterrek artikulu honetan, 'An analysis of the impact of the L1 on bilinguals’ writing competence', Journal of Second Language Writing aldizkarian argitaratua.
Orain arte, bigarren hizkuntzaren (H2) jabetzearen eta, bereziki, H2ren idazmenaren ikerketa-eremuetan ingelesa izan da gehienetan aztergai. Hala ere, ikertzaile ugariren iritziz, bada garaia ingelesaz bestelako hizkuntzak kontuan hartzeko, eleaniztasuna baita ohikoena eta ez salbuespena, mundu osoan. Zehazki, hizkuntza gutxituak ez dira aintzat hartuak izan H2ren idazmenari buruzko bibliografian, eta ikerlan honek hutsune hori bete nahi du.
Horretarako, euskarazko C1 mailako azterketetan parte hartu duten EAEko HABEren azterketaldietan aurkezturiko 9.767 azterketariren ekoizpen idatzia (idazlana, zehazki) aztertu dute, haien H1 euskara edo gaztelania izateak idazlanaren emaitzetan eraginik ote duen jakiteko. Hartara, jarraikako bost azterketalditatik laginak (2020tik 2022ra bitartekoak) erauzi dituzte, HABEren laguntzaz.
Ikertzaileek, beraiek dakitela, hizkuntza gutxitu baten hain lagin zabalaren ikasleen ekoizpen idatzia sistematikoki aztertzen duen lehen ikerlana dugu hau. Euskal testuinguruaren inguruabarrak azaldu dituzte artikulugileek, non euskara hizkuntza gutxitua den eta gaztelania gehiengoaren hizkuntza. Ondoren, euskararen normalizazio-prozesuaren berri ematen dute. Artikulugileek diotenez, euskara H2 dutenek berebiziko garrantzia dute hizkuntza gutxituaren biziraupenean, kuantitatiboki askoz gehiago baitira.
Idatzizko gaitasunean euskara H1 zuten parte-hartzaileek emaitza hobeak izan zituzten gaztelania H1 zutenekin alderatuta. Gauza bera gertatu zen bost ebaluazio-irizpideetan (egokitasuna, koherentzia, kohesioa, aberastasuna eta zuzentasuna), eta alderik handiena zuzentasunean ikusi zen. Irizpide horrek atalaserik handienak erakutsi zituen H1eko bi taldeetan, eta hori zailtasunaren adierazletzat jotzen da. Aberastasunaren irizpidean ere aldea nabari zen. Irizpide bietan (zuzentasuna eta aberastasuna) batez besteko balio baxuenak agertu ziren; horrek erronkarik handienak direla adierazten du.
Ikerlana egiteko erabili duten metodologia zehatz-mehatz azaltzeaz gain, neurketaren inbariantzari eman dioten garrantzia aipatu dute artikuluan, horrek bermatzen baitu idazteko jardunean ikusten diren aldeak azpiko benetako desberdintasunei egozteko modukoak direla eta ez probaren faktore espezifikoei edo taldearekin lotutakoei. Erabiltzen duten metodologiak –alignment edo neurketa-datuak egokitzeko teknika– ikuspegia are gehiago hobetzen du, nolabaiteko inbariantzarik eza (datuen egonkortasun faltari dagokiona) kontuan hartzen duelako eta, aldi berean, ikerketa sakonagoa behar duten eremuak identifikatzen dituelako.
Azkenik, ondorioetan zenbait gomendio ematen dituzte gaztelania H1 duten hiztunentzat H2ko idazle gaituak izan daitezen. Izan ere, hiztun berriak funtsezkoak dira hizkuntza biziberritzeko, azken hamarkadetan estatuan hizkuntza gutxituetako hiztunen kopurua izugarri hazi delako. Euskarari dagokionez, idatzizko gaitasunetan hobetzeko laguntza sistematikoa eman beharko litzaieke ebaluatzen diren bost irizpideetan. Lexiko orokorrari eta egitura konplexuen baitan haren erabilera zuzenari arreta gehiago jarri beharko liekete, ordea.
Esku-hartzeek euskaraz irakurtzearen garrantzia nabarmendu beharko lukete, idazteko gaitasunaren funtsezko iragarlea baita. Ezagutza metalinguistikotik harago doan irakaskuntzaren premia ere nabarmendu dute, idazketa holistikoa ardatz hartuta.
Ikerlanak, amaitzeko, hizkuntza gutxitu batek eta gehiengoaren hizkuntza batek koofizialtasuna partekatzen duten nazioarteko beste hezkuntza-testuinguru batzuetarako baliagarriak izango diren ikuspuntuak ematen ditu. Ikerlan honetan, erabilitako metodologia beste hizkuntza gutxitu batzuen testuinguruetara egokitu daiteke, oinarrizko diseinua errepikatuz: azterketaldi askotako datuak biltzea eta hizkuntza-aurrekarietan oinarritutako konparazio-taldeak osatzea. Horri esker, ikuspegi fidagarriagoak eta orokorragoak lor daitezke. Gainera, konparazio esanguratsuak bermatzen ditu, hizkuntza-aniztasunaren konplexutasunak kontuan hartuta.
Erreferentzia bibliografikoa:
Elosua, P. & Lasagabaster, D. (2025). An analysis of the impact of the L1 on bilinguals' writing competence. Journal of Second Language Writing, 67, 101182. https://doi.org/10.1016/j.jslw.2025.101182