Bideoaren erabilera helduen euskalduntzean ForVid ikerketaren argitan

Argitaratua: Wednesday, 23 August 2023, 1:23 PM
Daniel Cassany, Iñaki Murua eta Marc Urrutia

Hizkuntzen hezkuntzan bideoaren erabilerari buruzko inkesta digital baten emaitzak laburbilduko ditugu artikulu honetan; euskara, katalana, gaztelania edo galegoa bigarren hizkuntza edo hizkuntza gehigarri gisa ikasten ari diren helduen esparru ez formala izan da aztertutakoa. 1.658 irakasle izan ditugu informatzaile guztira; 327 izan dira horien artean euskararen eremukoak. Bideoa erabiltzeko oinarrizko hiru modu hartu dira aintzat: eskolan besteren batek grabatutako bideoak ikustea, ikasleek bideoak grabatzea eta irakasleek bideoak grabatzea. Euskararen eremuko emaitzek erakutsi dutenez, irakasleen % 94k ikusten dituzte bideoak eskolan baina ikasleen % 13k eta irakasleen % 11k baino ez dituzte bideoak grabatzen. Emaitza horiek, oro har, bat datoz beste hizkuntzen lortutakoekin, baina badago desbideratzerik. Eskolako praktikarik prototipikoena azaleratzen du modalitate bakoitzaren azterketa zehatzak, helburuak, edukiak, ebaluazioa, ikasgelako dinamika (elkarreragina, idazketa) edota erabilitako bideo-mota barne. Halaber, eskolan gero eta modalitate, genero eta praktika berri gehiago ari direla sartzen nabarmentzen dute emaitzek. Interesaturik dagoenak e-Hizpide aldizkariaren 9. monografian du euskararen esparruko ikerketari buruzko informazio zabalagoa; ForVid proiektuaren webgunean bertan, berriz, gaztelaniari eta katalanari dagozkien txostenak.

https://doi.org/10.54512/YPYC9696

Show comments
  • 2019anIñaki Murua - Mon, 28 Aug 2023, 1:50 PM
    Irakurle baten galderari erantzuna: artikuluan ageri den "hizkuntzartekotze" erabili dugu translanguaging edo trasnslingüismo hitzaren itzulpen gisa, dagoeneko Irakasbilen bertan eta beste argitalpenen batean egin den bezala, erreseina honetan esaterako.

Beste eduki interesgarriak

ForVid

Bideoaren erabilera aztertzeko ForVid ikerketa helduen euskalduntzean

Eskoletan bideoaren erabilera aztertzea da ForVid ikerketaren helburua; Daniel Cassany da proiektuaren ikertzaile nagusia. Helduen euskalduntzeari dagokionez, HABE ere partaide da proiektuan. Hala, borondatez eta era anonimoan erantzuteko online galdetegi bat iritsiko zaie laster helduen euskalduntzean ari diren euskara-irakasle guztiei.
Daniel Cassany - Iñaki Murua - Marc Urrutia

ForVid ikerketa: bideoaren erabilera helduen euskalduntzean_Monografiak 9

Hau adierazten du ForVid-ek: “bideoa ikasteko tresna gisa ikastegiaren barruan zein kanpoan”. Espainiako gobernuak finantzatutako ikerketa-proiektu bat izan da Pompeu Fabra Unibertsitateak kudeatua, 2020ko martxoaren 1etik 2022ko irailaren 30era. Daniel Cassany izan da ikertzaile nagusia. Bideoaren erabilera eskolan aztertu da eta bi zati nagusi izan ditu. Lehendabizikoan, Kataluniako Bigarren Hezkuntzan gertatzen dena aztertu da. Bigarrenean, aldiz, esparru ez formaleko helduen hizkuntzen ikas-irakaskuntza izan da ikerketarako eremu (bigarren hizkuntza edo hizkuntza gehigarria) eta lau izan dira hautatutako hizkuntzak: gaztelania, katalana, galegoa eta euskara. Azken esparru honetako emaitzak aurkeztuko dira monografiko honetan. https://doi.org/10.54512/WXEQ9467