Hiru arotan sailkatzen du McLuhan-ek gizakion historia, komunikazioari dagokionean. Aro hauetako bakoitzaren ezaugarri nagusia media desberdin batzuren gailentzea izan da, eta media horiexek ematen diote sasoi bakoitzari berezko duen jite berezia.
Lehenengo aroan, antzinateko zibilizazio idazmenik gabekoak kokatzen dira. Garai honetan, mezua aho-belarrizko kanalean hedatzen da eta konkretuaren mailari egokitzen zaio gehienbat. Bigarren aroak errotiko aldaketa batean du oinarri, idatziaren agerpenean, alegia. Aro honetan, ikusizko kanalak berebiziko garrantzia bereganatzen du; mezua leku eta denboran zehar garraiatu bait daiteke izkribuaren bidez. Idazmenak intelektuaren gaitasun guztiak bersailkatu beharra ekarri zuen berekin: pentsamenduak beste era batera kodatu behar honek igorri beharreko ideian bertan ere eragiten zuen eta.
Hirugarren aroa teknologia berrien eskutik datorkigu. Aro honetan, bigarrenean bezala, espazioaz eta denboraz garraiatu daiteke mezua. Oraingoan, ordea, entzutezko kanalaz gain ikusizkoaz ere balia gaitezke. Jakina, aro baten etorrerak ez ditu aurreko mediak deuseztatzen, bereganatu egiten ditu baizik. Gizonak, mezuak idazteko eta irakurtzeko gai bilakatu zenean, ez zion hitzegiteari utzi; eta media elektronikoak azaldu zirenean ere idazten jarraitu zuen.
Hezkuntza ardatz bilakatu da Informazioaren Gizartean eta aztergai da zer nolako eragina izan eta izango duten IKTek ikas-irakasprozesuetan. Cesar COLLen hitzetan, ohiko eszenategiak eraldatu dituzte teknologiek eta lan-marko berriak sortu irakasle eta ikasleen arteko harremanetan, non informaziora iristea edota sarbidea izatea ez den ikasketaren sinonimo.
COLL, C. (2004) Psicología de la educación y prácticas educativas mediadas por las tecnologías de la información y la comunicación. Una mirada constructivista. Revista Electrónica Sinéctica, 25, 1-24
IKTen erabilera orokortu eta areagotu egin da gizartean, eta zenbait aldaketa ekarri ditu hainbat eta hainbat jarduera bideratzeko orduan. Ibilbide horretan, Hezkuntza eta Prestakuntza ez dira salbuespen izan.
Bideokonferentzia bidez ematen ditugun saioak, WebEx Meetings1 erabiliz esaterako, edo Skype2 baliatuta, urrun, lanpetuta edo haien ordutegia antolatzeko arazoak dituzten ikasleen egoera konpontzeko bidea baino gehiago dira. Irakasleen gaitasun digitalei esker, eskolak emateko modua gaur egunera molda dezakegu, ahaztu gabe aurrez aurreko eskolen osagarri izan daitezkeela.
Artikulu honetan, eskola hauen ezaugarrien, ohiko arazoen, eta irakasleen zereginen eta rolaren azterketa egin ez ezik, geure eskarmentuaren araberako zenbait ondorio ere azalduko ditugu.
Azken urte hauetan, aipatzen da oso garrantzitsua dela ekintzara bideratutako ikuspegia lantzea, zertarako-eta garatzeko bai ikasleen autonomia, baita Life Long Learning kontzeptua edo bizitza osorako ikaskuntza ere. Ikasgelaren barruan eta kanpoan ikuspegi hori erabiliz lan egiten badugu eta ikuspegi hori web-tresnak baliatuz ezarriz gero, komunikazio- gaitasun digitala ahalbidetuko duten ikaskuntza-estrategiak sustatu eta ikasle autonomoen eta prosumirtutzaileen (kontsumitu + produzitu + elkarri eragin) kontzeptua garatu ahal izango dugu, atzerriko hizkuntzen ikaskuntzan. Artikulu honetan, Gaztelania Atzerriko Hizkuntza Gisa proiektu digitalen bidez (gure kasuan, podcast-en bidez) ikasteko prozesuen aldeko arrazoiak eman nahi dira.
Lankidetzak eta talde-lanak garrantzi handia dute prestakuntza-prozesuetan. Horregatik, web 3.0 tresnek ahalbidetu eta areagotu egiten dute talde bateko partaide izatearen sentsazioa, eta, horrenbestez, komunikatzeko gaitasuna aro digitalean.
Ekintzara bideratutako ikuspegia ikasgelara eramateak eta planteamendu hori zeregin digital bidez osatzeak ikuspegi zehatzagoa eman diezaguke irakasleon eta ikasleon prestakuntza-prozesuetan esku hartzen duten gaitasunez, jarrerez, prozesuez, trebetasunez eta jakintzez.
Gero eta ugariagoak dira ordenagailuak, gero eta indartsuagoak. Eta, gero eta gaitasun handiagoa dute datuak biltzeko unitateek, CD-ROMak esaterako. Baliabide guztiak bateratzen dituzten tresna bihurtu dira jada. Horrela, irudia, argazkia eta hotsa batera ekarriz, multimedia izena eman zaie komertzioaren munduan eta, artikuluan zehar ikusiko dugunez, historiaren haritik, hipermedia edo elkarreraginezko multimedia izena beharko luketen komunikabide bilakatu dira.
Internet sareak ia hogeita hamar urte ditu, izen bat baino gehiagorekin bada ere. Gerra hotzaren garaian sortu zen. Hain menta handian dagoen Internet zer den, zer-nolako baliabideak dituen eta horietaz nola balia gintezkeen hizkuntzen irakaskuntzan aztertzen du artikulu honek.
Gero eta garrantzi handiagoa dute informazio eta komunikazioko teknologiek gure gizartean, eta hala berean hezkuntzan ere.
XXI. mendearen atarian hizkuntzen ikasgeletan teknologia berrien erabilera aintzat ez hartzea lehenean ainguratuta geratzearen pareko litzateke eta ez ginateke aurreratuko ikasle-irakasleoi bizitzea egokitu zaigun teknologi aroak agintzen duen martxan.