Prestakuntza-jarduerak

Jardun bikoa helduen euskalduntzean: online ikastaroak 2023an

Argitaratua: Thursday, 1 December 2022, 2:03 PM
Jardun bikoa helduen euskalduntzean

Gero eta behar handiagoa sumatzen da helduen euskalduntzean euskara-eskolak ematen ari diren irakasleak jardun bikoan prestatzeko. Hala, 2023ko urtarriletik maiatzera bitartean elkarren osagarri diren bi ikastaro antolatuko ditu HABEk, egitasmo zabalago baten baitan.

Ikastaro hauek online eta era asinkronoan egingo dira, betiere praktika tutorizatuaren balio erantsia bermatuta. HABEko teknikari den Iñaki Murua eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasleen prestakuntzan aritutako Ana Rodriguez izango dira tutoreak. Ikastaro bakoitzak 40 orduko iraupena izango du. Funtsezko lau alderdi landuko dira: plataforma, jarraipena eta laguntza, autonomia eta ebaluazioa.

Bi atal izango ditu ikastaro bakoitzak (20 ordu inguruko iraupena ataleko):

  • 1217 ikastaroa (urtarrilaren 9tik martxoaren 5era).
    • 1217-1. Bi mundu plataformaren bitartez konektatzea. (Ingurune birtual eraginkorra, aurrez aurreko ikasprozesua, ikuspegi kolaboratiboa, era sinkrono eta asinkronoa nola uztartu).
    • 1217-2. Ikasleari bere ikaskuntzan laguntzea. (Tutoretza, feedbacka, pantaila bidezko grabazioa, bideoz emandako feedbacka).
  • 1218 ikastaroa (martxoaren 6tik aurrera).
    • 1218-1. Ikaslearen autonomia sustatzea. (Ikasleei ikasten laguntzeko estrategiak garatzeko laguntza: bai plataforma erabiltzean, bai jarduerak bakarka edota elkarlanean egitean).
    • 1218-2. Ebaluazioa ikaskuntzaren motor bilakatzea.

Atal bakoitzaren gidan daude zehaztuta nondik norako nagusiak (helburuak, tutoreak, landuko diren gaitasun profesionalak, edukiak, metodologia, ikastaroaren jarraipena, tutoreekiko nahiz gainerako partaideekiko komunikazioa, atalaren ebaluazioa, kontuan hartzeko oharrak eta ikasitako estrategiak ohiko eskoletan egikaritzeko aukerak). Irakurgai daude, dagoeneko, 1217 ikastaroko bi atalei dagozkien gidak.

Lehendabiziko ikastaroan aurrematrikula egiteko epeari dagokionez, abenduaren 1etik 16rakoa izango da. Bi ikastaroak egitea komenigarritzat jotzen da. Nolanahi ere,  ikastaroen kalitatea bermatzeko, asko jota, 25 matrikula onartuko dira.

Nagusiki jardun biko eredua landuko den arren, beste edozein irakasteredutan diharduen irakaslearentzat ere guztiz probetxugarriak izango dira ikastaro hauek, ikas-irakas prozesuetako gako didaktiko nagusiak eta horietan teknologien erabilera (Moodle plataformarena, esaterako) jorratzeko aukera izango baita.

Beste eduki interesgarriak

Jardun bikoa helduen euskalduntzean

1217 - Jardun bikoa helduen euskalduntzean (I)

Jardun biko ereduan ari diren edo arituko diren irakasleak orientatzeko helburu orokorra du ikastaro honek, horretarako estrategiak eta erremintak eskainiz. Edonola ere, bestelako ereduetan, online edo aurrez aurrekoan alegia, IKTak baliatzen direnerako ere aplikagarriak izan daitezke. Bi atal ditu: a) bi mundu plataformaren bidez konektatzea eta b) ikasleari bere ikaskuntzan laguntzea. Hala, plataforma birtual bat diseinatzeko eta erabiltzeko oinarrizko printzipioak identifikatzea eta eredu honetan ikaskuntza-esperientzia esanguratsuak sortzeko jardunbide egokiak hautatzea izango da lehenengoren helburu orokorra. Bigarrenarena, aldiz, honako hauek identifikatzea: monitorizatzeko estrategia eta protokoloa zein ikasleari ikasprozesuan era eraginkorrean lagundu ahal izateko atzeraelikadura emateko baliabideak.
Jardun bikoa helduen euskalduntzean

1218 - Jardun bikoa helduen euskalduntzean (II)

Jardun biko ereduan ari diren edo arituko diren irakasleak orientatzeko helburu orokorra du ikastaro honek, horretarako estrategiak eta erremintak eskainiz, eta "jardun bikoa helduen euskalduntzean" prestakuntza-ibilbidea osatzera dator. Edonola ere, bestelako ereduetan, online edo aurrez aurrekoan alegia, IKTak baliatzen direnerako ere aplikagarriak izan daitezke. Bi atal ditu: a) autonomia sustatzea eta b) ebaluazioa hizkuntza-eragile bilakatzea.
Jardun bikoa logoa

Jardun bikoa helduen euskalduntzean: 2023-2024 ikasturtea (2. edizioa)

Aurtengo urtarriletik maiatzera bitartean burutu da "Jardun bikoa helduen euskalduntzean ikastaroa (1. edizioa)", eta, orain, bigarrenez eskaini nahi dugu berariazko prestakuntza, helduen euskalduntzean euskara-eskolak ematen ari diren irakasleak jardun bikoan prestatzeko. Bigarren aldi honetan, 2023ko urritik 2024ko martxora bitartean gauzatuko da ikastaroa. Prestakuntza-eskaintza elkarren osagarri diren bi ikastarok osatzen dute, online egingo dira, betiere praktika tutorizatuaren balio erantsia bermatuta. Lehen ikastaroaren aurrematrikulazio-epea 2023ko irailaren 4tik 19ra bitartean izango da.