Realia edo benetako gauzak eskolan

Argitaratua: Tuesday, 10 September 2024, 12:28 PM
Realia (eltpics)

Realia terminoa ez da berria. Honako hau agertzen da 1987ko Glotodidaktika Hiztegian "benetako gauzak" sarreran (objetos reales edo realia gaztelaniaz):

"Esanahia hobeto argitzeko edota egoera esanguratsuagoa bihurtzeko, ikasgelara eramaten diren objektu errealak, hala nola jostailuak, janariak, mapak, etab.".

Rol-jokoei egiantza ematen asko laguntzen dute.Inoiz ere agertu da HABEk egindako argitalpenetan, adibidez, Zutaberen 13. zenbakiko "Hizkuntz eduki berriak nola aurkeztu klasean" artikuluan. Kasu honetan, arestian emandako azalpenarekin bat dator, realia horretan gauzen gain pertsonak sartu arren. Askoz geroago, e-Hizpideren 95. zenbakian, Sergio Troitiñok idatzitako "Materialak lexikoaren ikuspegitik sortzearen inplikazioak" artikuluan, "testu autentiko"ekin lotzen du realia hitza.

Ez dago definizio bakarra. Álvarez Menuttok (2012) batzuk jaso zituen, objetu errealez ari dela nabarmenduz, eta, aldi berean, ELE eskoletarako baliotsuak direla adieraziz. Budden-en arabera, eskolara bizitza eramateko asmoz ikasgelan erabil dezakegun edozein objektu erreali egiten dio aipu; A2 mailan zehazten du proposamena). López Himburen lanean ere (2022) badugu definiziorik Cervantes Institutuaren Diccionario de términos claves de ELE-n, ez du definiziorik ematen eta "benetakotasuna" terminora bideratzen du bilaketa. 

Kanaria Handiko Las Palmasko Unibertsitateko Juan Rosa Suárez-Robaina dugu gai honen inguruan ari den adituetako bat. "Realia con escritura" da haren ekarpenetako bat, alegia, testu idatzia ere duten objektuak. Idatzi dituenen artean, 2022ko otsailean argitara emandako "¿Es posible aprender lengua con un envase de yogur, una caja de zapatos o una taza? sarrera dugu. Hala, eskolarako lau material-mota bereizten ditu: 

    • ad hoc deritzenak, prestakuntzarako xede didaktikoz propio sortuak: testuliburuak, lan-koadernoak, liburuarekin batera doazen ikus-entzunezko materialak...
    • "benetako" materialak; hizkuntzaren lagin biziak dira eta irakasleak material pedagogiko bihurtzen ditu: aldizkariak, egunkariak, bidaiatzeko gidak, liburuxkak, eskuorriak... 
    • "realia" edo gauzak, benetako eguneroko objektuak baina berez hizkuntza-markarik ez dutenak: plastikozko frutak, panpinak, txanponak... 
    • "idazkia duen realia"; bestelako kode komunikatiboez gain, mezu idatzia dute: ontziak eta kutxak (gailetak, tea, botikak, oinetakoak...), dendetako poltsak, jogurt-potoak, etiketak...
Proposamen interesgarria du Suárez-Robainak: behatzea ikuspegi multimodaletik objektu horiek hausnarketa metalinguistikoa sustatzeko duten aukera didaktikoa (Suárez-Robaina, 2021). Halaber, hizkuntzak irakasteko dituzten indargune didaktiko eta komunikatiboak azpimarratzen ditu aditu horrek (Suárez-Robaina, 2024). Bat etorriko lirateke ideia hauek López Himburen ekarpenarekin (2022). 

Definiziotik harago, erabiltzen al duzu zuk realiarik eskolan? Noiz, nola eta zein helbururekin?

 



Erreferentzia bibliografikoak:


 


Irudia:

Realia used in Japanese class - everyday objects. 
Egilea: eltpics. CC lizentziapean

https://flic.kr/p/dsaSEP