Didakteka
Eskuartean dugu PRIMERAN! C1.1 ikaslearen liburua
PRIMERAN! C1 euskara ikasteko metodoaren lehen liburukia argitaratu berri du HABE erakundeak. Datozen egunetan, euskaltegi guztietara ale bana banatuko da eta Euskal Herriko saltoki nagusietan izango da salgai. PRIMERAN C1.2 datorren urteko irailerako-edo prest egotea da aurreikuspena.
Primeran! C1 egitasmoa
PRIMERAN! C1 egitasmoa ELKAR argitaletxeko materialgile-taldearekin elkarlanean garatu da, eta bi liburutan banatuta dago: C1.1 eta C.1.2. Liburu bakoitzak 8 ikastunitate, hiru idazmen-proba, hiru mintzamen-proba eta proba bakoitzaren eredu bat eskainiko ditu. Proposatutako ibilbidean, une didaktiko guztien prozedurak, euskarriak eta erreferentziak jasotzen dira.
Egitasmoa jardun biko ikastereduan eta ekintzara bideratutako metodologian oinarrituta dago, eta C1 mailako gaitasun komunikatiboa lortzeko ikas-ibilbide egituratua eta gidatua eskaintzen dio euskara-irakasleari. PRIMERAN! C1ek 300 ikastordu proposatzen ditu, ikasgelan eta ikasgelatik kanpora gauzatzeko, taldean zein bakarka.
Eskuliburu honek jardun biko ikasteredua garatzeko gela irauliaren metodologia ahalbidetzen du, irakaslea gidari dela, ikas-esparruak irauli edota malgutasunez konbinatzeko aukera ematen baitu. Horiek horrela, komunikazio- eta elkarreragin-gunetzat hartu da ikasgela, eta bertan garatuko dira mailari dagozkion ekintza komunikatiboak. Gelaz kanpokoa, aldiz, lan autonomoa garatzeko esparrua izango da, eta ikasgelako saioen aurreko jarduerak zein ondorengoak eskainiko ditu.
Honako hauek dira ikastunitatez ikastunitate ikasleak aurkituko dituen une nagusiak: saioak, Kontuan Hartu eta azken ekintza. Saioetan, ikastunitatearen gai orokorrarekin lotutako ertzak landuko dira; Kontuan Hartu atalean, ikasgelatik kanpora egiteko jarduerak proposatuko zaizkio ikasleari; eta, ikastunitatearen amaierako azken ekintzan, ikasleak ekintza komunikatibo bat egingo du ikasgelatik kanpo eta baita bigarren bat ere ikaskideekin elkarlanean, ikasgelan.
Primeran! C1 web-ataria
Ikaslearen liburuaz gain, baliabide gehiago ere eskaintzen dira. Osagarri guztiak www.primeranc1.ikasbil.eus atarian daude eskuragarri:
- Irakaslearen gidaliburua, PDF formatuan. Gidaliburu honetan, atalka zehaztu dira irakaslearen parte hartzeko tarteak Ikaslearen Liburuko egitekoen baitan eta ordenan.
- Entzungai, bideo eta testu osagarriak, ikastunitateka multzokatuta daude. Ikasleak oso erraz topatuko du une bakoitzean behar duen dokumentua, liburuan aurkituko duen QR kodearen bidez.