Primeran! saileko B2 mailako bigarren eskuliburua argitaratu da

Argitaratua: Tuesday, 2 February 2021, 9:57 AM
Primeran B2
  • Atala:
  • Egilea:
  • Dokumentu-mota:
  • Area of knowledge:
  • Irakasten-arloak:
    • Primeran metodoa
  • Bisitak: 2814
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 1

PRIMERAN! B2.2 materialaren bigarren eskuliburua argitaratu du HABEk. 2020ko irailean kaleratu zen PRIMERAN! B2.1 eskuliburuarekin batera, B2 mailako argitalpena osatzen du.  www.primeranb2.ikasbil.eus atariko edukiak ere eguneratu egin dira, PRIMERAN! B2 egitasmoaren osagai guztiak ikasle eta irakasleen esku jarriz.


PRIMERAN! B2 egitasmoa

HABEren egitasmoa da PRIMERAN! B2; AEK eta ELKARekin elkarlanean garatu dena.

PRIMERAN! B2 eskuliburuek, jardun biko ikastereduan eta ekintzara bideratutako metodologian oinarrituta, ikasibilbide egituratua eta gidatua eskaintzen diote euskara-ikasleari, B2 mailako gaitasun komunikatiboa lor dezan. Ikasmaterial honek aukera tematiko zabala, jarduera eraginkorrak, euskal kulturako testu eredugarriak eta egoera komunikatibo ugari biltzen ditu. Edonola ere, metodo irekia eta malgua da.

200 ikastordu proposatzen ditu, ikasgelan (% 45) eta ikasgelatik kanpora (% 55) gauzatzeko, taldean (% 55) zein bakarka (% 45). Bi ataletan dago banatuta: B2.1 eta B2.2. Bakoitzak 10 ikastunitatez osatutako ibilbide didaktikoa proposatzen du eta horietako bakoitzak 10 ikastordurako jarduerak eskaintzen ditu. Horietan jasotzen dira une didaktiko guztien prozedurak, euskarriak eta erreferentziak, gelan nahiz gelaz kanpo, bakarka nahiz taldean gertatuko direnak.

Eskuliburu hauek, jardun biko ikasteredua garatzeko gela irauliaren metodologia ahalbidetzen dute, irakaslea gidari dela; alegia, ikasesparruak irauli edota malgutasunez konbinatzeko aukera ematen dio irakasleari. Horiek horrela, komunikazio- eta elkarreragin-gunetzat hartu da ikasgela, eta bertan garatuko dira mailari dagozkion ekintza komunikatiboak. Gelaz kanpokoa, aldiz, lan autonomoa garatzeko esparrua izango da eta ikasgelako saioen aurreko jarduerak zein ondorengoak izango ditu.

Argitalpenaren euskarriak

Ikaslearen liburua da PRIMERAN! B2ren euskarri nagusia. Arestian esan bezala, bi liburu argitaratu dira eta bakoitzak 10 ikastunitate ditu. Horrez gain, ikus-entzunezkoen transkripzioak eta erantzun-orriak jasotzen ditu, baita landutako edukien aurkibide zehatza ere.

Ikaslearen liburuaren diseinu grafikoak ikastunitatearen egitura ez ezik jarduera bakoitzaren barne-egitura ere argi ikusten laguntzen du: jarduera bakoitzak autonomia osoa du, baina, era berean, osotasun baten parte da, eta ondo bereizita ageri dira elkarri eusten dioten aurrez aurreko nahiz gelaz kanpoko jarduerak, eta bakarka egitekoak nahiz taldekakoak direnak.

Baina ikaslearen liburua ez da euskarri bakarra, baliabide gehiago baitaude. Osagarri guztiak www.primeranb2.ikasbil.eus atarian daude eskuragarri:

  • Primeran! B2.1 eta Primeran! B2.2 Irakaslearen liburuak, PDF formatuan.
  • Entzungai, bideo eta testu osagarriak, ikastunitateka multzokaturik.
  • Moodle Primeran! B2 ikastaroa: honen bidez, gelaz kanpoko elkarreraginerako jarduerak zein ebaluazio-saioak egin ahal izango dituzte ikasleek eta irakasleek. 

Informazio zabalagorako, ikus erantsitako fitxategia: Primeran! B2.2 irakaslearen gidaliburua (sarrera).

Beste eduki interesgarriak

Primeran! B2

PRIMERAN! B2 materialaren aurkezpen-saioetan ikus-esandakoak

PRIMERAN! B2 materiala aurkezteko online saioetan zuzenean esku hartzeko aukerarik izan ez zutenentzat, otsailaren 19ko saioaren bideo-grabazio editatua eta aurkezpenean erabilitako dokumentazio osatua daude hemen eskura.
Primeran C.1.1 ikaslearen liburuaren azala

Eskuartean dugu PRIMERAN! C1.1 ikaslearen liburua

PRIMERAN! C1 euskara ikasteko metodoaren lehen liburukia argitaratu berri du HABE erakundeak. Datozen egunetan, euskaltegi guztietara ale bana banatuko da eta Euskal Herriko saltoki nagusietan izango da salgai. PRIMERAN C1.2 datorren urteko irailerako-edo prest egotea da aurreikuspena.