Didakteka
PRIMERAN! saileko B2 mailako lehen eskuliburua argitaratu da
Eskuartean dugu dagoeneko PRIMERAN! B2.1 jardun biko ikasteredurako ikasmateriala, aurrez aurreko eta gelaz kanpoko jarduerak elkarren osagarri dituena. Datorren astelehenetik aurrera, irailak 28, euskaltegi guztiek izango dute ale bana eskura. Salmentari dagokionez, Euskal Herriko saltoki nagusietan eta internet bidez izango da salgai. PRIMERAN! B2.2 materiala, berriz, 2021eko urtarrilerako egotea da aurreikuspena.
Primeran! B2 egitasmoa
HABEren egitasmoa da PRIMERAN! B2; AEK eta ELKARekiko elkarlanean ari da garatzen.
PRIMERAN! B2 eskuliburuek, jardun biko ikastereduan eta ekintzara bideratutako metodologian oinarrituta, ikasibilbide egituratua eta gidatua eskainiko diote euskara-ikasleari, B2 mailako gaitasun komunikatiboa lor dezan. Ikasmaterial honek aukera tematiko zabala, jarduera eraginkorrak, euskal kulturako testu eredugarriak eta egoera komunikatibo ugari biltzen ditu. Edonola ere, metodo irekia eta malgua du.
200 ikastordu proposatzen ditu, ikasgelan (% 45) eta ikasgelatik kanpora (% 55) gauzatzeko, taldean (% 55) zein bakarka (% 45). Bi ataletan dago banatuta: B2.1 eta B2.2. Bakoitzak 10 ikastunitatez osatutako ibilbide didaktikoa proposatzen du eta horietako bakoitzak 10 ikastordurako jarduerak eskaniko ditu. Horietan jasotzen dira une didaktiko guztien prozedurak, euskarriak eta erreferentziak, gelan nahiz gelaz kanpo, bakarka nahiz taldean gertatuko direnak.
Eskuliburu honek, jardun biko ikasteredua garatzeko gela irauliaren metodologia ahalbidetzen du, irakaslea gidari dela; alegia, ikasesparruak irauli edota malgutasunez konbinatzeko aukera ematen dio irakasleari. Horiek horrela, komunikazio- eta elkarreragin-gunetzat hartu da ikasgela, eta bertan garatuko dira mailari dagozkion ekintza komunikatiboak. Gelaz kanpokoa, aldiz, lan autonomoa garatzeko esparrua izango da eta ikasgelako saioen aurreko jarduerak zein ondorengoak izango ditu.
Argitalpenaren euskarriak
Ikaslearen liburua izango da PRIMERAN! B2ren euskarri nagusia. Arestian esan bezala, bi liburu argitaratuko dira eta bakoitzak 10 ikastunitate izango ditu. Horrez gain, ikus-entzunezkoen transkripzioak eta erantzun-orriak jasoko ditu, baita landutako edukien aurkibide zehatza ere.
Ikaslearen liburuaren diseinu grafikoak ikastunitatearen egitura ez ezik jarduera bakoitzaren barne-egitura ere argi ikusten laguntzen du: jarduera bakoitzak autonomia osoa du, baina, era berean, osotasun baten parte da, eta ondo bereizita ageri dira elkarri eusten dioten aurrez aurreko nahiz gelaz kanpoko jarduerak, eta bakarka egitekoak nahiz taldekakoak direnak.
Baina ikaslearen liburua ez da izango euskarri bakarra, baliabide gehiago baitaude. Osagarri guztiak www.primeranb2.ikasbil.eus atarian daude eskuragarri (Primeran! B2.2ko materiala, urtarriletik aurrera):
- Primeran! B2 Irakaslearen liburua, PDF formatuan.
- Entzungai, bideo eta testu osagarriak, ikastunitateka multzokaturik.
- Moodle Primeran! B2 ikastaroa: honen bidez, gelaz kanpoko elkarreraginerako jarduerak zein ebaluazio-saioak egin ahal izango dituzte ikasleek eta irakasleek.
Informazio zabalagorako, ikus erantsitako fitxategia: Primeran! B2 irakaslearen gidaliburua (sarrera).