Didakteka
Kalean da "PRIMERAN! C1.2" materiala
HABEk, Elkar argitaletxearekin elkarlanean, PRIMERAN! C1.2 materiala plazaratu berri du, 2023ko maiatzean argitara eman ziren lehen liburukiari eta web-atariari jarraipena emanez. Aurrekoa bezala, HEOCaren ildo metodologikoei jarraikiz jardun biko ikasteredurako egin da. Honako hauek dira euskarri nagusiak;
- Ikaslearen liburuak;
- Moodle PRIMERANC1 ikastaroa;
- web-ataria.
Aurkezpen-saioa
Argitalpenaren izaera eta helburu didaktikoak zein diren azaltzeko aurkezpen-saioa prestatu du HABEk, Amaia Arrese-Igor eta Itziar Etxabe eskuliburuen egile-taldeko kideen eskutik.
Irailaren 25ean izango da, 12:00etan, online (Teams bidez) eta bi ordu inguruko iraupena izango du.
Parte hartu nahi duenak aurrez izena eman beharko du, inprimakia betez.
Jardun biko ikasteredurako ikasmateriala eta azpiegitura
PRIMERAN! C1.2 eskuliburuak, jardun biko ikastereduan eta ekintzara bideratutako metodologian oinarritutakoak, ikas-ibilbide egituratua eta gidatua eskaintzen dio euskara-ikasleari, C1 mailako gaitasun komunikatiboa lortzeko. Aukera tematiko zabala, jarduera eraginkorrak, euskal kulturaren baitako testu eredugarriak eta egoera komunikatibo ugari biltzen ditu.
Bi liburutan dago banatuta: C1.1 eta C1.2. Bakoitzak 8 ikastunitate, hiru idazmen-proba, hiru mintzamen-proba eta proba bakoitzaren eredu bat eskaintzen ditu. Proposatutako ibilbidean, une didaktiko guztien prozedurak, euskarriak eta erreferentziak jaso dira, gelan nahiz gelaz kanpo, bakarka nahiz taldean gertatuko direnak.
Primeran! C1ek 300 ikastordu proposatzen ditu, ikasgelan eta ikasgelatik kanpo gauzatzeko, eta ikastunitate bakoitzak 12-15 ikastordurako jarduerak eskaintzen ditu.
Eskuliburu honek jardun biko ikasteredua garatzeko gela irauliaren metodologia ahalbidetzen du, irakaslea gidari delarik, ikas-esparruak irauli edota malgutasunez konbinatzeko aukera ematen baitu: Ikasgela komunikazio- eta elkarreragin-gunetzat hartu da, eta bertan garatuko dira mailari dagozkion ekintza komunikatiboak. Gelaz kanpokoa lan autonomoa garatzeko esparrua izango da.
Ikaslearen liburuez gain, www. primeranC1.ikasbil.eus ataria
dago. Bertan, eskuliburu bien osagarri guztiak daude:
- entzungai, bideo eta testu osagarri guztiak (ikaslearen liburuetan QR kodeen bidez daude denak atzigarri)
- irakaslearen liburuak, pdf formatuan.
Halaber, gelaz kanpoko elkarreraginerako jarduerak eta ebaluazio-saioak egin ahal izateko behar den azpiegitura eskainiko duen Moodle PRIMERAN! C1 ikastaroa jarriko da abian. PRIMERAN! C1eko 1-20 unitateak hartuko ditu bere baitan eta 2024ko irailaren bukaeran ikusgai egotea aurreikusten da.