Paradigma-aldaketa hezkuntza-teorian eta horren eragina ebaluaziogintzan

Argitaratua: Monday, 18 June 2018, 10:36 AM
Fuensanta Puig

Ebaluazioaren inguruko audio/bideo-emanaldiak

Orokorrean ez omen dago kontzientzia nahikoa eta ez omen dago behar bezain argi zer rol betetzen duen ebaluazioak ikas-irakasprozesuetan; ekintza eraldatzailetzat  hartu beharko bailitzateke  jarduera didaktikoan. Informazio bilketa sistematikoa eskatzen du, ondoren erabakiak hartzeko. Tresna baliodunak eta fidagarriak beharko ditu ebaluatzaileak, eta hizkuntzaren teoria bat, zer ebaluatu behar den jakinaraziko duena. Alegia, hiru ardatzen inguruan arituko da ebaluazioa:

  • Informazio bilketa sistematikoa.
  • Ebaluazio-tresna baliodunak eta fidagarriak.
  • Hizkuntzaren teoria bat, datu-bilketaren oinarri bilakatuko dena.

Eta ardatz horiek dira, hain zuzen, kontzeptuaren bilakaera ahalbidetu dutenak.

Kontzeptu honen inguruan zenbat eta ikerketa gehiago eta sakonagoak izan, orduan eta nabariago ageri da gaiaren konplexutasuna, besteak beste, prozesu baten baitan bideratzen delako, irakaskuntzarekin, ikaskuntzarekin eta irakasten den hizkuntza-ereduarekin uztarduna zuzena duena. Izan ere, ikas-irakasprozesuaren osagai guztietan eragiteko ahalmena du ebaluazioak eta horien eragin zuzena jasotzen du.

60ko hamarkadan hizkuntzari buruzko ezagutza ebaluatzen zitzaion azterketariari, kodeari buruzkoa. Ez, ordea, hizkuntza erabiltzeko gaitasuna, estrukturalismoa baitzen nagusitzen zen ikuspegi metodologikoa.

70ko hamarkadan, berriz, presentzia handiagoa du komunikazioak eta probak bost eremu aztertzera izan ziren bideratuak: lau trebetasun hartzaileak eta sortzaileak, eta gramatika eta hiztegia elkarturik. Garai honetakoa da Europako Kontseiluak  argitara emandako Atalase-maila.  Ikuspegi nozional-funtzionala proposatzen du eta bertan azaltzen zer irakatsi eta zer metodologia erabili.

80ko hamarkadan gaitasun komunikatiboaren aldarria egiten dute Canalek eta Swainek, lau gaitasunen ondorio dena: gaitasun gramatikala (kodea), Gaitasun diskurtsiboa (koherentzia eta kohesioa), gaitasun soziolinguistikoa (komunikazio-egoerara egokiera) eta gaitasun estrategikoa (komunikazio-mugak gainditzeko ahalmena). Ondoren erantsiko die Swainek gaitasun soziokulturala (hizkuntza-komunitatearen erabilera-ezaugarriak). Garai honetan hizkuntzen irakaskuntzak hizkuntza-erabileraren irakaskuntza eskatuko du, gizarteak egunerokoan gauzatzen dituen komunikazio-ekintzak. Erabilera bilakatuko da ardatz eta ebaluazio-probetan bizitza errealean gauzatzen diren diskurtsoak islatzen dituzten jarduerak bideratuko dira.  Swainen hitzetan, horrek eskatuko du:

  • Ebaluazio-probak garatzeko marko teoriko bat izatea. Zehaztapenak.
  • Hizkuntzaren izaerari buruzko teoria zehaztea. Edukia.
  • Jarduera komunikatiboa eta ikasleak eman lezakeen onena ahalbidetuko duten ebaluazio-probak osatzea. Tresnak.
  • Probek eguneroko dinamikan sortaraz dezaketen errebote-ondorioa dela-eta, irakasleen inplikazioa ebaluazio-prozesu osoan. Prestakuntza.
  • Ebaluazio-irizpideak adostea modu objektiboan bideratu ahal izateko. Gizarteratzea.
  • Probaren baliotasuna bermatzea. Koherentzia.

Aldaketak prozesu osoan, bere baitan landu eta garatu nahi den hizkuntza-eredua ere bete-betean harrapatzen dutenak. Aldaketak, azken batean,  ikasgela-dinamikan bizi eta bideratu beharko direnak. 

90ko hamarkadan tentsioa da nagusi, ikas-irakasprozesuetan bi ereduak elkarrekin direlako, eta, ondorioz, bi ebaluazio-eredu indarrean.  Ebaluazio-sisteman gauzatzen diren aldaketak gizartean emandakoen erantzun edota isla dira. Erabiltzailearen ikuspegia gailentzen da kontsumo-kulturan eta eragin zuzena du ebaluazio-prozesuetan: botere-transferentzia. Irakaslearen erabakitzeko ahalmena ahuldu egiten da eta ikaslearena ahaldundu. Ikasprozesuaren ardura hartzea eskatuko zaio, zer ikasi, nola ikasi, noiz ikasi… Arazoak ekarriko ditu ikuspegi aldaketa honek: irakaslearen aldetik, zailtasunak egoera berrira egokitzeko, ohituta baitago erabakiak berak hartzera; ikaslearen aldetik, berriz, kultura berrira etorri beharra. Horrela, hausnarketak hartuko du bere biziko indarra ikas-irakasprozesuak bideratzeko garaian.

Beste eduki interesgarriak

DVD 35

H141 - Cambio de paradigma en la teoría educativa actual y sus implicaciones en el campo de la evaluación

Fuensanta Puigek hitzaldi bat eman zuen 2004an HABEk antolatutako Ikastaroen barruan, "Cambio de paradigma en la teoría educativa actual y sus implicaciones en el campo de la evaluación" izenburupean. Bideo honetan, hitzaldi osoa duzue entzungai.