Online ikastaro bat planifikatu eta garatzeko jarraibideak

Argitaratua: Thursday, 16 May 2024, 9:08 AM
Itzulpen Saila 58

Itzulpen Saila 58. zenbaki moduan argitaratu zuen HABEk 2024an Teknologiak bideratutako hizkuntzen irakaskuntza. Justizia sozialetik adimen artifizialera (AA) erreferentziazko liburuaren euskarazko bertsioa.

Sarrera honetan, Marta González-Lloret hizkuntzalaritza aplikatuko katedradunak idatzitako "Curriculumaren plangintza eta garapena ingurune birtualetan" izenburupeko 2. kapituluaren ideia nagusi batzuk nabarmenduko dira. Izan ere, online ikastaroak, jardun bikoak edota teknologiaren osagaia duten ikastaroak planifikatu eta garatzean kontuan hartzeko jarraibideak eskaintzen ditu kapitulu honetan. Gaia irakurlearen interesekoa bada, arretaz irakurri kapitulu osoa, merezi du-eta.


Eraginkorra izateari begira, hasieratik azpimarratzen du egileak funtsezkoa dela plangintza argia izatea eta metodologia sendo batean oinarritutako garapena bideratzea. Ondorioz, aintzat hartu behar dira bai testuingurua, bai ikastaroko parte-hartzaileen ezaugarriak, bai programaren helburuak eta ahalmenak (giza baliabideak eta teknologikoak). Metodologia aukeratzean, garrantzizkoa da hizkuntzak eskuratzeari buruzko teoriak ezagutzea eta metodologia horrekin bat datorren programa bat garatzea, baita online ikastaroak sortzeko ereduak ere ezagutzea.

ADDIE eredua

Diseinu-eredu erabilienetako bat da ADDIE (Analysis-Design-Development-Integration-Evaluation), eta bost fase ditu: 

  1. analisia;
  2. diseinua; 
  3. garapena; 
  4. inplementazioa;
  5. ebaluazioa.

Analisia

Ikastaro birtual bat diseinatzean, funtsezkoa da zehaztea erakundeak zer-nolako inbertsio-mota egingo duen, ikastaro oso baterako denbora, ezagutzak eta lan egiteko prest dauden langileak behar baitira; beraz, argi izan behar dira proiektuak dituen baliabideak eta mugak. Era berean, argi izan behar dira hartzaileen ezaugarriak eta horiek teknologiekin duten irisgarritasuna eta alfabetatze digitalaren nolakoa. Ikastaroa amaitzean, xedea izango da jakitea ikasleek zer zeregin bete beharko dituzten ikasgelatik kanpo.   

Atazetan oinarritutako curriculum bat planifikatuz gero, informazio hau izan behar da: ikasleek egin behar dituzten atazak, hizkuntza (adb., gramatika, lexikoa), arau soziokulturalak eta erabiliko den teknologia. Atazak zehazten du teknologia, eta ez alderantziz.

Diseinua eta garapena

Diseinuaren etapan erabakitzen da zer plataforma eta zer teknologia txertatu, eta, horrekin batera, ikasleei ikasten laguntzeko jarduerak diseinatzen dira. Garapen-etapan, edukiak sortu, horiek plataforman kokatu eta funtsezko erabakiak hartzen dira: zenbat eduki sartu, zenbat denbora izango duten jarduerak egiteko, zer erritmotan egingo den ikastaroa eta zenbat denbora eskainiko dion irakasleak ikastaroari.

Atazetan oinarritutako metodologia baliatzean, hasierako analisian identifikatutako jomugako jardueretatik abiatuta ateratzen dira ereduzko atazak. Adibidez, ikasleek txango, jatetxe edo hotel baterako erreserba bat egiten ikasi behar badute, ataza horiek ereduzko ataza baten barruan sar daitezke: “erreserba bat egitea”. Azkenik,  amaierako atazak egitera ailegatzeko, zenbait ataza pedagogiko egingo dituzte (lexikoa, gramatika…). Ataza horiek elkarreraginerako aukerak eskaini behar dituzte (binaka, taldeka), eta modu koherentean sekuentziatu behar dira.

Materialak diseinatzeaz gain, ikasleak ebaluatzeko tresnak ere diseinatu behar dira, formatiboak nahiz sumatiboak. Ikuspegi komunikatiboan, ikaslea jarduera bat jarioz egiteko gai den ebaluatuko da, baita ikasleen trebetasun digital-teknologikoak ere.

ADDIE ereduaren proposamena da  alfa probak egitea ikastaroa erabiliko duten irakasleekin eta, ondoren, ikasle-talde batekin gutxienez beta proba bat garapen-fasearen ostean, ikastaroa hasi eta materialak lehen aldiz erabili aurretik, bereziki oso-osorik online garatzen diren ikastaroen kasuan.

Inplementazioa eta ebaluazioa

Fase bakoitza ebaluatu behar da hurrengora igaro aurretik, baita ikastaro bera ere, hobekuntzak txertatzeko. Irakasleek online ikastaroak inplementatzean, funtsezko praktika batzuk hartu behar dituzte kontuan:

    • Babes-komunitate bat sortzea.
    • Komunikazio-moduei begira, zehaztea zer espero den irakasle eta ikasleengandik.  
    • Online ikastaroan, zenbat denbora lan egin behar duten ikasleek zehaztea.
    • Talde handitan, talde txikitan eta bakarka egin beharreko lanak tartekatzea.
    • Jarduera sinkronoak eta asinkronoak txertatzea.
    • Maiz eskatzea feedbacka, ez dabilena bideratu ahal izateko.
    • Gune birtual bat izatea mezuetarako (galderak, erantzunak, eztabaidak, hausnarketak).
    • Eduki eta baliabide digitalak erabiltzea (hiztegiak, itzultzaileak, zuzentzaileak…).
    • Ikastaroaren hasierako eta amaierako jarduera onak planifikatzea.
    • Ikasleen ikaskuntzaren ebidentziak biltzea, bilakaera aztertzeko.
    • Edukiak eta jarduerak helburuekin bat datozela ziurtatzea.
    • Edukia ongi egituratzea, argi eta eskura egon dadin.
    • Ikasleei aurrera egiten lagunduko dieten esperientziak diseinatzea.

Bukaera gisa

Egilearen arabera, nahiz eta lan zaila dirudien era honetako ikastaroak planifikatzea, abiapuntua izan daiteke unitate didaktiko laburrak, sekuentziak edo moduluak antolatzea. Gainera, taldean lan egitea gomendatzen du eta, era berean, ikasleen informazioa biltzea zenbait unetan.  

Teknologiek oso bizkor egiten dute aurrera, eta, ondorioz, puntako teknologien ikerketa egin behar da; hau da, teknologia mugikorrak, errealitate birtuala, espazio sentsorialak edo Alexa nahiz Siriren gisako laguntzaile pertsonal adimendunak ikertzea, hizkuntzen irakaskuntzan nola erabil litezkeen ikusteko.

Amaitzeko, liburu osoan bezala, bi motatako bibliografia-erreferentzia dago irakurlearen eskura: a) laburra eta iruzkindua, Irakurgai osagarriak iruzkinduta atalean eta b) osoagoa eta iruzkinik gabea, kapituluari dagokion Bibliografia atalean. Bestalde, beharren analisirako kontrol-zerrenda bat ere badago lehen eranskin moduan (88.or.). 




Erreferentzia bibliografikoa:

González-Lloret, M. (2024). Curriculumaren plangintza eta garapena ingurune birtualetan. In J. Muñoz-Basols, M. Fuertes Gutiérrez eta L. Cerezo (ed.), Teknologiak bideratutako hizkuntzen irakaskuntza. Justizia sozialetik adimen artifizialera (AA) (66.-88- or.). HABE. https://doi.org/10.54512/IS58-2024


Beste eduki interesgarriak

Itzulpen Saila 58

Teknologiak bideratutako hizkuntzen irakaskuntza. Justizia sozialetik adimen artifizialera (AA)

Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko prozesuan urteetan erabili izan diren esperientzia, egokitzapen, birformulazio eta tekniken elkartrukeak aurkezteaz gain, liburu honek Adimen Artifizialeko prototipo eta aplikazio bidezko hizkuntza-irakaskuntzaren etorkizunera bideratzen du arreta.