"Ongi etorri euskararen mundura. Harrera jardunaldiak" Gasteizen: bertan esandakoak eta ondorioak.

Argitaratua: Monday, 21 October 2024, 1:29 PM
HARRERA jardunaldiak

Aitor Aldasoro Hizkuntza eta Kultura Politikako sailburuordeak eman zuen harrera-hitzaldia Ongi etorri euskararen mundura jardunaldietan. Jardunaldiok urriaren 10ean eta 11n izan ziren Gasteizko Europa jauregian, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako HPSk antolaturik. Bertan parte hartu zuten hizlari eta adituek migratzaileak euskararen mundura erakartzeko bideak aztertu zituzten. Horretarako, harrera-protokolo orokor bat behar dela ikusi zen, tokian tokiko berezitasunak kontuan hartuz. 

harrera

Eguzki Urteaga soziologoaren eta Arkaitz Fullaondo Ikuspegiko ikerlariaren arabera, etorkinek gizartean integratzea dute xede, eta, integraziorako bide horretan, euskara gakoa da. Etorkinen eta bertakoen arteko elkarguneak bilatzea ezinbestekoa da bai hezkuntza formalean, bai ez-formalean.

Ondoren parte hartu zuten lau emakume etorkinek elkarbizitza horretarako euskara garrantzitsua dela esan zuten, baina ez dela erraza, ekonomia baita etorkinen lehentasuna. Era berean, euskarak ate asko irekitzen dizkietela ere aitortu zuten.

Bestalde, bestelako topagune batzuk sortzeko beharra nabarmendu zuten, euskara obligaziorik gabe ikasteko; esate baterako, euskara musikaren bidez goxo sartzen zaiela aipatu zuten. Haien esanetan, euskara ikasteko motibazio edo arrazoietako bi honako hauek dira:  

  1.     Herritarrekin harremanak izatea.
  2.     Hizkuntza minorizatua babestea. 

Xabier Aierdi Begirune Fundazioko presidenteak 50-70 hamarkadetako immigrazioaren prozesu historikoaren azterketa egin ondoren, geldiune bat egin eta gogoetarako tartea egin behar dela esan zuen. Izan ere, gaur egungo migrazioaren erronka hizkuntza-aniztasuna da (120 hizkuntza omen daude Euskal Herrian), kontuan hartuta, XX. mendeko migratzaile espainiarrek ez zituztela oraingo etorkinen ezaugarri berak.

Leire Amenabar Larrañaga EHUko gizarte-psikologoak harrera-herri euskalduna izateko gako batzuk eman zituen, berak egindako ikerketa oinarri. Egungo etorkinen ezaugarri eleaniztuna kontuan hartu behar da, eta tokian tokiko azterketa zehatzak egin, kulturen arteko ezagutza izateko. Gizarte eleaniztun hori euskaldunak gidatu behar luke, gutxiengoen arteko aliantzak bilatuz, euskara hizkuntzen arteko zubi izateko.

Aize Otaño herri-ekimeneko euskaltegien ordezkaria ere jardunaldietan izan zen, eta helduen euskalduntze-alfabetatzea ardatz bilakatzeaz mintzatu zen. Alde batetik, euskaltegietan ez matrikulatzearen arrazoiak aipatu eta HABEk eskatuta SIADECOk egindako txosten bateko datuak eman zituen; laburbilduz, ez matrikulatzearen arrazoiak beharra, kontziliazioa eta euskaltegietako eskaintza (ordutegia, prezioa...) dira.  Beste aldetik, euskaltegietako matrikularen beherakada azpimarratuz, bertako jende askok gizartean oro har ez duela beharrik euskara ikasteko eta hori ere badela oztopo bat etorri berri direnak euskalduntzeko adierazi zuen. 

Halaber, Aize Otañok nabarmendu zuen gizartea euskalduntzeko eta informazio ezari erantzuteko funtsezkoa dela harrera-protokoloetan euskara ikasteko aukeren nahiz euskal kultura eta bertako egoeraren berri ematea. 

Jardunaldiei amaiera emateko, Kontseiluko lehendakari Idurre Eskisabelek ondorioztatu zuen euskararen biziberritzeak immigrazioa ezinbestean kontuan hartu behar duela.

Show comments
  • Ainara Maya UrrozAinara Maya Urroz - Wed., 13 Nov. 2024, 12:04 PM
    Jardunaldietako hitzartzeak online ikusteko aukera zabaldu dute, ondorengo estekan: https://www.youtube.com/playlist?list=PLR4x7IzAA0Pzv2upy74sknDZRXKcauPnt.