Irakasbil
Didakteka
Ikaskuntza kooperatiboaren ebaluazioa: "3-2-1" teknika
- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Author of the introduction:
- Mungia Idarreta, Alex

- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Author of the introduction:
- Mungia Idarreta, Alex
- Visits: 910
- Comments: 0
- Favorites: 0
HABEk 2024an eman zuen argitara Itzulpen Saila bildumako 59. zenbakia (Ikaskuntza kooperatiboa gogoetaren ikuspegitik). Ikaskuntza kooperatiboa hezkuntza-metodologia bat da, irakasleen eta ikasleen arteko lankidetzaren onurak maximizatzeko, kooperazioa eragozten duten oztopoak gaindituz. Izan ere, kooperazioak arrazoi ugarirengatik egin lezake estropezu: batzuetan, lankidetzan jardun nahi izaten da, baina ez dakigu nola egin, eta, beste batzuetan, konfiantzarik edota puntu komunen kontzientziarik ez izateak eraman gaitzake porrotera.
Sarrera honetan, liburu horretako 4. kapitulua oinarri, ikaskuntza kooperatiboaren ebaluazioarekin lotutako zenbait teknika, tresna eta irizpide azaleratuko dira, baita egileek hausnarketarako proposatzen dituzten galdera batzuk ere, interesa duten euskara-irakasleek metodologia honetan sakontzeko aukera izan dezaten.
Askotan, irakasleak gehiegi luzatzen dira eskoletan, eta ikasleei ez diete aukerarik ematen informazioa prozesatzeko, informazio hori jada buruan dutenarekin lotzeko eta informazioan sakontzeko. Horregatik, saioaren bukaeran (azken bost minutuetan, esaterako) komenigarria izan liteke jarduera kooperatibo azkar bat egitea. Denbora labur horretan, “3-2-1” teknika erabili lezakete ikasleek eta irakasleak, zenbat ikasi duten jakiteko eta hurrengo saioan zer egin jakiteko.
Launaka —zerbait irakurri, entzun edo ikusi ondoren—, ikasle bakoitzak gogoratu nahi dituen 3 informazio edo ideia idatziko ditu; ulertu ez duen zerbaitetan edo gehiago jakin nahi duen horretan oinarritutako 2 galdera, eta ikasitakoa erabiltzeko modu 1 (denboraz larri ibiliz gero, bertsio murriztua bideratu liteke: 3-2-1 teknikaren ordez, 1-1-1).
- Ikasleek ikaskide batekin trukatuko dute beren 3-2-1, eta, irakurri ondoren, eztabaidatu egingo dute, gelan edo elektronikoki.
- Etxeko lan modura, ikasle bakoitzak iruzkin bat edo gehiago egingo du ikaskidearen 3-2-1ari buruz. Iruzkinetan, bi ikasleen 3-2-1en artean dauden antzekotasunak eta desberdintasunak zerrendatu ditzakete, labur-labur, edo ikaskidearen galderei erantzuten saiatu, edo erantzunak non bilatu ditzaketen aipatu, eta ikaskidearen 3-2-1etik zer ikasi duten adierazi.
- Zer iruditzen zaizu "3-2-1" teknika? Inoiz egin al duzu antzekorik?
Portfolioaren bertsio murriztua bideratu nahi izanez gero, soilik bi elementu sar litezke, seihileko bereko garai desberdinetakoak, edo lan beraren bi zirriborro, eta, berriro ere, ikaskideek elkarri lagun diezaiokete.
Ikaskuntza kooperatiboaren alorrean eta sumatibo/formatibo continuumean, ikaskideek elkarri lagundu diezaiokete ebaluazio sumatiboak prestatzen. Izan ere, aldamioaren ikuspegitik begiratuta, ikaskideen rolak aldamioarena egiteko prozesuaren osagaitzat har litezke. Hasieran, aldamioa irakasleek irakasten dute, gero ikaskideek jarraitzen dute elkarri lagunduz eta, bukaeran, ikasleak gai dira beren kabuz jarduteko. Ebaluazio formatiboaren kasuan, ikaskideek batak bestearen lana ebaluatzen parte har dezakete.
- Bizi izan al duzu inoiz portfolioaren ebaluazioaren antzeko zerbait, ikasle nahiz irakasle gisa?
- Jabetu al zara zure ikasleak elkarren aldamio izan direnik? Hala bada, zer nolako laguntza eman diete beren ikaskideei? Eman al diezu inoiz aldamio izateko moduarekin lotutako iradokizunik?
Nork ebaluatzen du?
Ikaskuntza kooperatiboak eskaintzen duen abantaila ugarietako bat da lankidetza-taldeetan ikastean ikasleek feedback gehiago eta azkarrago jaso dezaketela. Jarraian, ikaskideen arteko ebaluazioaren eta autoebaluazioaren alde onak aipatuko ditugu:
- Irakasleek argi utzi behar dute zer ebaluatu behar den, zer-nolako ebaluazio-irizpideak erabiliko diren eta adibideak eskainiko dituzte. Zuzenketa-lanari ekin aurretik, ebaluatzaileen entrenamendua egin behar da, denek era bertsuan bideratu dezaten zuzenketa.
- Ikaskideen arteko ebaluazioa irakasleen ebaluazioa baino azkarragoa izan daiteke.
- Ikasleen ebaluazioak datu garrantzitsuak gehitzen dizkio irakaslearen atzeraelikadurari.
- Ikaskideen lana ebaluatuz, ikasleak gehiago jabetzen dira ongi egindako lanaren ezaugarriez.
- Ikasleek, berez, beren lanaren autoebaluazioan aplika dezakete kontzientzia hori.
- Ikasleek beren eskumenekoak diren arloei buruzko feedbacka eman dezakete, eta, horri esker, irakasleek ikasleen eskumenetik kanpo —oraingoz— dauden arloei erreparatu ahal izango diote.
- Ikasleek ikaskideen arteko ebaluazioa egitea espero al duzu? Zertan oinarritzen zara iritzi hori izateko?
- Autoebaluazioa eta hausnarketa loturik daude. Zure ikasleek askotan egiten al dituzte hausnarketa-jarduerak?
Ikaskuntza kooperatiboak eta, oro har, ikaslearengan ardaztutako ikaskuntzak ebaluazioa egiteko aukera berri asko zabaltzen ditu. Irakaskuntzaren helburu nagusietako bat da ikaslearen autonomia bultzatzea; besteak beste, irakaslearekiko mendekotasunetik askatzea. Irakasleek ikas-inguruak diseinatzen dituzte, materialak eta jarduerak prestatzen dituzte eta ikasleak ikasprozesuan barrena gidatzen dituzte. Nolanahi ere, ez da ahaztu behar ikasleena dela ikaskuntzaren ardura, eta ikasprozesuetan parte hartu behar dutela. Ikasleen ikasteko gaitasuna piztea da erronka; azken batean, barruan daramaten irakaslea aurkitu behar dute. Atxikimendu sakonek mendekotasuna eragiten dute, baina lotura sakonek askatasuna.
- Probatu al duzu inoiz ikaslea ardatz duen irakaskuntza? Zer moduzkoa izan zen esperientzia?
- Nola animatzen dituzu ikasleak beren ikaskuntzaz ardura daitezen?
- Ikasleak beren ikaskuntzaz ardura daitezen motibatzeko, zein dira erronkak?
- Nola gainditzen dituzu erronka horiek?
Irudia: Alexa, Pixabay
