"Autoras que desafían el canon: subtitulación didáctica, su efecto en el aprendizaje de lenguas y en la conciencia de género" (Tinedo Rodríguez. A.J.) liburuaz

Published: Wednesday, 29 January 2025, 4:00 PM
Autoras que desafían el canon: subtitulación didáctica, su efecto en el aprendizaje de lenguas y en la conciencia de género (Tinedo Rodríguez. A.J.) liburuaz

Antonio Jesus Tinedo Rodriguez irakaslea da honako liburu honen egilea: Autoras que desafían el canon: subtitulación didáctica, su efecto en el aprendizaje de lenguas y en la conciencia de género. Liburu honetan, ikus-entzunezko itzulpen didaktikoa ardatz gisa planteatzen da, hainbat testuren bidez, emakumezko autore ezagunen bizitzak eta obrak hizkuntzen ikasgelara eramateko. Gainera, egileak nabarmendu egiten du testu literarioek eta  zinematografikoek zeharkako trebetasunak eskuratzen laguntzen dutela, baita gai sozialei eta generoari buruz kontzientzia pizten ere.

Itzulpen pedagogikoa tresna metodologiko gisa erabiltzen da, helburu nagusia hizkuntza-gaitasunak garatzea izanik. Egileak gogorarazten du itzulpen pedagogikoa EEMBaren Liburu osagarrian bitartekotzaren atalean jasotzen dela, bitartekotza-gaitasuna hobetzeko itzulpen-jarduera gisa, hala nola idatzizko testu bat ahoz itzultzea (ikus EEMBaren Liburu osagarriaren 3.4.1.1. puntua “idatzizko testuak itzultzea”). 

Egileak azpimarratzen du itzulpen pedagogikoaren modalitate aztertuena azpititulatze pedagogikoa dela, eta jardueren marko orokor bat ere eskaintzen du. Marko horretan, sekuentzia didaktiko baterako honako jarraibide hauek proposatzen dira:

a) Berotze-ariketak egitea (5-10 minutu): ikasleek jarduera nagusian aplikatu beharreko egitura eta lexiko berria ezagutzeko ariketak egingo dituzte. 

b) Bideoa ikustea (gehienez, 5 minutu): hautatutako bideoaren zati laburra ikusiko da (2 minutukoa), ikasleek ikuspegi kritikoa landu dezaten.

c) Ikus-entzunezko itzulpenaren jarduera (30 minutu inguru): ikasleek proposatutako bideo-zatiaren minutu bat azpititulatu, bikoiztu edo bestelako itzulpen-lan bat egin beharko dute (itzulpen intralinguistikoa, interlinguistikoa, itzulpen sortzailea...). 

d) Finkatze-jarduera (gehienez, 15 minutu): ikasleek jarduera idatziz edo ahoz gauzatu beharko dute, aurrez eskatutako moduan.


Beraz, liburu honetan ikus-entzunezko itzulpen pedagogikoaren garrantzia aztertzen da. Modalitate honen barruan, arreta jartzen zaio azpititulatze intralinguistikoari, eta oinarrizko protokoloak eskaintzen dira azpititulatze didaktikoa bideratzeko, itzulpen-teknika eta –estrategia batzuekin batera.


HABE liburutegian.



Erreferentzia bibliografikoa:
  • Tinedo Rodríguez, A.J. (2024). Autoras que desafían el canon: subtitulación didáctica, su efecto en el aprendizaje de lenguas y en la conciencia de género. Albolote: Comares.