"Innovación y creatividad en el aula de español. Nuevas formas de entender la enseñanza de una lengua" liburuaz (Sans, N. eta Herrera, F.)

Argitaratua: Thursday, 22 June 2023, 10:24 AM
"Innovación y creatividad en el aula de español" liburuaren azala

Liburu honetan, gaztelania irakasteko berrikuntza- eta sormen-arloko proposamenak jasotzen dira, eta hizkuntzaren irakaskuntza ulertzeko modu berriak lantzea proposatzen da.

Liburuak lau atal ditu (alderdi digitala, ludikoa, narratiboa eta literarioa, eta bisuala) eta atal bakoitzean aipaturiko ikuspegi hori lantzen dute gaian adituak diren idazleek. Francisco Herrera eta Neus Sans dira liburuaren editoreak. Editoreen iritziz, ezinbestekoa da ikuspegi horiek benetako kontzientzia kritikoz erabiltzea, ikasgelarako erabilgarriak diren proposamenak egiteko. Bestela, berrikuntza eta sormena garrantzirik gabeko kontzeptutzat hartzeko arriskua baitago.

1. Alderdi digitala:

Olivia Espejel, Maria del Pilar Concheiro, Marta González-Lloret, Ana Ozkoz eta Juan de Dios López Rael idazleek teknologiak, sare sozialek, erreminta digitalek eta ikus-entzunezko produktuek hizkuntzen ikas-irakas prozesuetan duten garrantzia eta gaur egungo egoera, joerak eta arrakasta izan duten kasuak aurkezten dituzte, lau artikulutan. Aipagarriak dira kasu praktikoen atalean nazioarteko erakundeekin elkarlanean abian jarritako esperientziak.

2. Alderdi ludikoa:

Joan-Tomás Pujolá, Christine Appel, Jaume Batlle, Olivia Espejel eta Vicente González idazleek hizkuntzen didaktikan ikuspegi ludikoa, gamifikazioa, planifikazioa eta jolas serioak nola txertatu azaltzen dute, definizio, planteamendu, irizpide eta adibideen bidez, bost kapitulutan. Azpimarragarriak dira bideojoko serioen atalean aipatzen dituzten adibideak: Rockalingua, ImmerseMe

3. Alderdi narratiboa eta literarioa:

Susana Ortiz idazlearen hitzetan Intagram, Twitter, Facebook, blogak eta podcastak mikrofikzioak eta mikrokontaketak hazteko oso lur aberatsak dira eta hizkuntzen irakaskuntzan aplikatzeko egokiak. Bide beretik, Carlos Jiménez Climent idazleak historian zehar antzerkiak eta dramatizazioak hizkuntzen irakaskuntzan izan duten garrantzia azaltzen du eta antzerkiaren bidez hizkuntza modu naturalean ikasteko Tillit proiektuari buruzko argibideak eskaintzen dizkigu.

4. Alderdi bisuala:

Xabier San Isidro, Natalia Contreras, Elena López eta Isabel Leal idazleek Design Thinking edo diseinu-pentsamendua, pentsamendu bisuala, zinemagintza, ikus-entzunezkoak, artea eta marrazketa hizkuntzen irakaskuntzan erabiltzeko adibideak biltzen dituzte, lau kapitulutan. Isabel Lealen kapitulua, e-HIZPIDE aldizkariaren 101. zenbakian argitaratu zen euskaraz: "Ikasgelan marraztea". 

HABE Liburutegian



Erreferentzia bibliografikoa:

Sans, N. eta Herrera, F.  (Ed.) (2022). Innovación y creatividad en el aula de español. Nuevas formas de entender la enseñanza de la lengua. Difusión.


Show comments
  • 2019anIñaki Murua - Mon, 28 Aug 2023, 2:08 PM
    Irakasbilen bilatzailean Joko edo jolas hitzak jartzekotan emaitza ugari jasoko duzu; hizkuntzen ikas-irakaskuntzan sarri agertzen dira.
    Difusion argitaletxearen Materia prima blogerako gaiari buruzko sarrera bat idatzi du Yolanda López Regojok: "El uso de juegos en el aula de ELE". Jokoak erabiltzeko arrazoiak aipatu ditu; hautatzeko irizpideak, adibideak eta gomendioak ere bai. Sakontzeko bibliografian, badaude liburu honetako zenbait atal.

Beste eduki interesgarriak

Isabel Leal Valladares

Ikasgelan marraztea

Hiru dira artikuluaren xede nagusiak: irakasleen sormena piztea, haurtzaroan ohikoa den marrazteko zaletasuna berreskuratzea eta, azkenik, hizkuntzen ikas-irakaskuntzan marrazketa eta zirriborroak egitea estrategia gisa ulertzea. Azken honetarako, adibideak eta aholkuak azalduko dira, besteak beste, marrazketa hizkuntz-gaitasunen garapenarekin, lexikoarekin edo gramatikarekin batera aztertuta. https://doi.org/10.54512/KKAQ1658 Jatorrizko argitalpena. Leal, I. (2022). Dibujar en el aula. In F. Herrera eta N. Sans (Ed.), Innovación y creatividad en el aula de español. Nuevas formas de entender la enseñanza de una lengua (165-180. or.). Difusión. Egilearen eta argitaletxearen baimenez itzulia, egokitua eta argitaratua.
Libururaren azala

"La gestión del aula de español. Desafíos y actuaciones" liburuaz (Herrera, F. eta Sans, N. [ed.])

"Cuadernos de didáctica" bildumako zazpigarren liburuki honek ikasgelako dinamikei eta ikasgelaren kudeaketari buruz dihardu. Liburuaren helburu nagusia irakasleei laguntzea da, ikasgela ikasteko ingurune eraginkor bihur dadin. Liburuak bost atal ditu (ikasgelak, egoerak eta dinamikak, ikasleak, irakasleak eta baliabideak/inguruneak), eta atal bakoitza gai horretan adituak diren egileen artikuluez osatua dago.