Didakteka
"La gestión del aula de español. Desafíos y actuaciones" liburuaz (Herrera, F. eta Sans, N. [ed.])
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:

- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Bisitak: 423
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Cuadernos de didáctica bildumako zazpigarren liburuki honek ikasgelako dinamikei eta ikasgelaren kudeaketari buruz dihardu. Liburuaren helburu nagusia irakasleei laguntzea da, ikasgela ikasteko ingurune eraginkor bihur dadin. Liburuak bost atal ditu (ikasgelak, egoerak eta dinamikak, ikasleak, irakasleak eta baliabideak/inguruneak, eta atal bakoitza gai horretako adituen artikuluez osatua dago.
1. Ikasgelak:
Begoña Montmany, Jaume Muntal, Geni Alonso eta Marta González adituek ikasgelan ohikoak diren alderdi hauen arazo eta konponbideak planteatzen dituzte: ikasgela-motak, gelako osagaiak, giroa, ikasleen kokapena, gelako materialak eta arbela. Oro har, alderdi jakinak badirudite ere, aipatutako egileen iritziz alderdi horiek ondo zehazteak berebiziko garrantzia du, irakasleak eskolak berme osoarekin eman nahi baditu.
2. Egoerak eta dinamikak:
María Cabot Cardoso, Anna Méndez, Carmen Soriano, Mila Sánchez, Amanda Canals eta Susana Ortis Pérez egileek honako alderdiak landu dituzte: ikasgelako egoerak, ikasketa indibiduala eta elkarlanekoa, ataza bidezko antolaketa, eta parte-hartzea nahiz sormena sustatzea. Elkarlaneko ikasketei dagokienez, hiru teknika aurkeztu dizkigute: puzzlea, baliabideak mugatzea eta ideia-jasa.
3. Ikasleak:
Anabel de Dios eta Sonia Eusebiok honako alderdiak landu dituzte: ikasketa-prozesuan autonomiak duen garrantzia, motibazioa eta inplikazioa, lehen hizkuntzaren garrantzia, banakako ikasketa, ikasketa-estiloak eta hizkuntza-maila desberdina duten ikasleak. Eta, zehazki, hizkuntza-maila desberdina duten taldeei dagokionez, Anabel de Dios adituak argi ikusten du irakaslearen betebeharra dela bere taldeko ikasleak ondo ezagutzea. Helburu hori lortzeko, irakasleak beharren azterketa sakona egin beharko luke, eta horrela ikasleak talde barruan, hizkuntza-ezagutzaren arabera, zein azpitaldetan dauden jakingo luke irakasleak, beharrezko neurriak hartzeko eta inor lekuz kanpo ez sentitzea saihesteko.
4. Irakasleak:
Juan de Dios López, José Luis Álvarez eta Antonio Ortak irakaslearen lekua, ahotsaren erabilera, parte-hartzearen denbora, jarraibideak ematea, feedback zuzentzailea eta irakaslearen diskurtsoa lantzen dituzte. Alderdi horiek ulertzen laguntzeko, irakasleentzako 8 jarraibide proposatzen dituen infografia ere txertatu dute. Honakoak dira jarraibide nagusiak: jarrerak planifikatu eta txandakatzea jardueraren arabera, jarrera bakoitzarekin lantzen diren helburuak hitzez adieraztea, gure ahotsa nola erabiltzen dugun kontziente izatea, ikasleen funtzio tradizionalak ikasleen esku uztea, agindu motz eta argiak ematea, zuzenketa-teknikak kontu handiz zaintzea, ikasleen mailara egokitutako hausnarketa eta ereduak aukeratzea, eta ikasgelako jarduerak grabatzea.
5. Baliabideak eta inguruneak:
Francisco Herrera, Alejandro Tinoco eta Isabel Altamiranok ikasgelako interfazeak (pantaila eta arbel digitala), irudiak (argazkiak eta infografiak), audioak eta bideoak, sare sozialen ingurune komunikatiboa, eta online ikasketak eta jardun bikoak landu dituzte. Atal honetan ere, baliabide eta inguruneei buruzko 8 jarraibide proposatzen dituen infografia txertatu dute. Hona hemen jarraibide nagusiak: arbel eta pantaila digitalei probetxua ateratzea, baliabide grafikoak ikasgelako helburuetan txertatzea, sareko ikus-entzunezko edukiei etekina ateratzea, entzumeneko jarduerak modu naturalean lantzea gainerako trebetasunekin batera, ikasleen behar eta lehentasunak aztertzea, lankidetzazko sare sozialak erabiltzea, ingurune digitalean ikasleekin lan-prozedura eta helburuak adostea, eta jardun bikoa ikasgelako plangintzan txertatzea.Erreferentzia bibliografikoa:
Herrera, F. eta Sans, N. (Ed.) (2020). La gestión del aula de español. Desafíos y actuaciones. Difusión.