Irakasbil
Didakteka
Hizkuntza-probak eraikitzeko eta aplikatzeko eskuliburua
- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Author of the introduction:
- Villoslada Fernández, Iñaki

- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Author of the introduction:
- Villoslada Fernández, Iñaki
- Visits: 294
- Comments: 0
- Favorites: 1
ALTEk (Association of Language Testers in Europe) hizkuntza-probak eraikitzeko eta aplikatzeko eskuliburuaren bertsio berritua argitaratu du. Helburu nagusia da Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuarekin (EEMB) bat datozen ebaluazioak diseinatzeko eta aplikatzeko jarraibide zehatzak eskaintzea.
EEMB Liburu Osagarriaren argitalpenak eskuliburua harekin estu lerrokatzea eskatzen zuen, batetik, eta, bestetik, eskuliburuaren aurreko bertsiotik gertatu den (2011) teknologia digitalen hedapen azkarrak, bereziki adimen artifizialaren (AA) erabilera gero eta handiagoak, alea berritu behar zela iradokitzen zuen.
Eskuliburuak hizkuntza-probak eraikitzeko eta aplikatzeko prozesuaren funtsezko printzipioak eta prozedurak laburbiltzen ditu eguneraturik. Probak eraikitzea ez da galdera-multzo bat sortzera mugatzen: prozesu zikliko eta iteratiboa da, non etapa bakoitzeko emaitzek aurreko faseetan hartutako erabakiekin lotura zuzena duten. Ziklo osoaren kudeaketa koherentea beharrezkoa da urrats bakoitzaren kalitatea bermatzeko. Eskuliburu berrikusi honen helburu nagusia da prozesuaren osotasuna eta kalitatea bermatzea, teknologia berriak (adimen artifiziala barne), dibertsitatea eta datuen babesa kontuan hartuta.
Testatze-zikloa
Hizkuntza-proben garapena prozesu zirkular gisa ulertzen da eskuliburuan, non faseek –diseinua, eraikuntza, administrazioa, kalifikazioa eta berrikuspena– elkar elikatzen duten eta feedback jarraitua sortzen duten.

Eskuliburuaren egitura
- kapitulua: Hizkuntza-gaitasuna, baliotasuna, fidagarritasuna, ekitatea eta justizia.
- kapitulua: Probaren zehaztapenak garatzea — testaren konstruktuaren definiziotik hasita, behin-behineko formatua, itemak eta ebaluazio-irizpideak barne.
- kapitulua: Itemen idazketa, testen eraikuntza eta edukien kudeaketa.
- kapitulua: Testen administrazioa — aplikazioa, erregistroa eta materialen kudeaketa; baita online administrazioa, urruneko zaintza (remote proctoring) eta datuen kudeaketa ere.
- kapitulua: Zuzenketa, kalifikazioa eta emaitzen txostena — zuzenketa-prozesuak, automatizazioa eta giza ebaluazioa, eta ebaluatzaileen prestakuntza eta kalitatearen monitorizazioa.
- kapitulua: Jarraipena, berrikuspena eta eguneratzea — testaren funtzionamenduaren jarraipen sistematikoa eta etengabeko hobekuntza.
Kontzeptu berriak eta gakoak
Komunikazio-moduak
Probak egiten dituzten erakundeek kontuan hartu beharko lukete EEMB Liburu Osagarrian azaltzen den ereduan elkarreraginari eta bitartekotzari ematen zaien garrantzi handiagoa, eta aztertu beharko dituzte beren test‑konstruktuetan dituen ondorioak.
Genuinoa vs autentikoa
Testu bat genuinoa da mundu errealetik (AA barne) datorrenean; autentikoa izatea, berriz, hautagaiak testu horrekin duen interakzioari dagokio. Alegia, benetakotasuna testuaren jatorriari lotzen zaio, eta autentikotasuna, berriz, erabilerari eta testuinguruko erantzunari.
Adimen artifizialaren (AA) erabilera
AA erabil daiteke testuak sortzeko edo promptak diseinatzeko, baina beti giza gainbegiratuarekin eta interes-taldeei behar bezala jakinarazita.
Datuen babesa
Datuen minimizazioa, segurtasuna eta pribatutasun-eskubideak bermatu behar dira, GDPR araudiarekin bat. Hautagaien baimena ezinbestekoa da datuak ikerketarako edo baliozkotze-prozesuetarako erabiltzeko.
Dokumentazioa eta ebidentziak
Dokumentazioa da proba-ziklo osoaren ardatza. Erabakiak, prozesuak eta emaitzak modu sistematikoan jasotzeak baliozkotasun-aldarrikapenak babesten ditu eta proba ikusgarri, auditagarri eta justifikagarri bihurtzen du. Gainera, jarraitutasuna bermatzen du erakundeetan talde-aldaketak gertatzen direnean ere, eta etengabeko hobekuntza ahalbidetzen du.
Ekitatea eta alborapena (bias)
-
Berdintasuna: hautagai guztiek aukera bera izan behar dute gaitasuna erakusteko.
-
Irisgarritasuna: premia bereziak dituzten pertsonentzako egokitzapenak aurreikusi behar dira.
-
Gai sentikorrak: erlijioa, indarkeria edo drogak bezalako edukiak saihestu behar dira zenbait testuingurutan; azterketari gaztetxoekin ere zuhurtziaz jokatu behar da zenbait gai lantzerakoan.
Autoebaluaziorako galderak
Eskuliburuaren kapitulu bakoitzaren bukaeran, autoebaluaziorako hainbat galdera dakartza prozesuaren gaineko hausnarketa sorrarazteko oso erabilgarriak, tankera honetakoak:
- Zein da testaren helburua eta nola lerrokatzen da interes-taldeen beharrekin?
- Nola bermatzen da bertsioen arteko baliokidetasuna?
- Nola babesten dira datu pertsonalak?
- Zein ebidentziak sostengatzen du puntuazioen interpretazioa?
- Nola detektatu eta zuzentzen da alderdikeria (bias)?
Erreferentzia bibliografikoak
ALTE. (2014). Hizkuntza‑probak eraikitzeko eta aplikatzeko eskuliburua. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/eusk_hizkuntzen_irakaskuntza/es_def/adjuntos/Hizkuntza_probak_eraikitzeko_eta_aplikatzeko_eskuliburua.pdf
ALTE. (2026). New revised Manual for Language Test Development and Examining. Association of Language Testers in Europe. https://www.alte.org/resources/Documents/ALTE_MLTDE_FINAL_08042026.pdf
Europako Kontseilua. (2005). Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta autoebaluaziorako Europako Erreferentzia Markoa HABE eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. (Jatorrizko argitalpena: 2001). https://doi.org/10.54512/EEMB-2005
Europako Kontseilua. (2022). Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua: ikaskuntza, irakaskuntza, ebaluazioa - Liburu osagarria. HABE. Jatorrizko argitalpena: 2020). https://doi.org/10.54512/EEMBLO-2022


