Hizkuntzen irakaskuntza EEMBarekin lerrokatzea (eskuliburua)

Published: Wednesday, 1 July 2026, 9:59 AM
eskuliburuko eranskina
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Area of knowledge:
  • Author of the introduction:
    • Villoslada Fernández, Iñaki
  • Visits: 224
  • Comments: 0
  • Favorites: 0

Aligning Language Education with the CEFR ehun orrialdera iristen ez den eskuliburua da irakaskuntza, ebaluazioa, curriculumak eta materialak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko (EEMB) mailekin eta irizpideekin nola lerrokatu azaltzen duena. Eskuliburua 2022an argitaratu arren, 2026ko martxoan eguneratu da. Cervantes institutuak 2024an eman zuen argitara jatorrizkoaren gaztelaniazko bertsioa.

O'Sullivan-en (2020, apud British Council et al, 2024, 15. or. ) ikuspegiaren arabera, edozein ikaskuntza-sistemaren arrakasta funtsean oinarritzen da orain arte bereizita ulertu izan diren elementuen arteko lerrokatze sendoan: curriculuma, irakaskuntza- eta ikaskuntza-materialak, irakaskuntza-metodologiak, irakasleen prestakuntza eta ebaluazioa.

Argitalpenak lerrokatzeko funtsezko bost urrats zehazten ditu:

  1. familiarizazioa (familiarization);
  2. zehaztapena (specification);
  3. estandarizazioa (standardization);
  4. estandarrak ezartzea (standard setting);
  5. balioztatzea (validation).

Dokumentuak bitartekotzaren eta gaitasun eleaniztunaren garrantzia ere nabarmendu ditu. 

Helburu nagusia hizkuntzen irakaskuntza-sistemen koherentzia bermatzea eta hizkuntza-gaitasunen kalitatea zein gardentasuna sustatzea da. Testuak, halaber, lerrokatze-prozesua gidatzeko jarduera praktikoak, erabaki-hartzeak eta txostenak egiteko jarraibideak eskaintzen dizkie irakasle, materialgile eta arduradunei.

Lerrokatzearen esparrua zabaltzea

Lerrokatzea, askotan, hizkuntza-azterketei soilik lotu izan zaien arren, eskuliburu honek prozesu hori hezkuntza-sistemako beste elementu batzuetara zabaltzen du:

  • Ez da soilik testetara mugatzen; politikak, curriculumak, ikasmaterialak eta testuliburuak markoarekin lerrokatzeko jarraibideak ematen ditu.
  • Ikaskuntza Sistema Integrala sustatzen du, non curriculuma, irakaskuntza-metodoak eta ebaluazioa elkarren artean koherenteak izan behar duten.

Lerrokatze-prozesua burutzeko bost urrats nagusi definitzen ditu, baina egoera modernoei egokitutako berrikuntzak ere jasotzen ditu:

  • Lineako prozedurak: estandarrak finkatzeko saioak modu birtualean edo online egiteko aukerak eta erronkak aztertzen ditu.
  • Hizkuntzen arteko lerrokatzea: hizkuntza desberdinetako proben arteko konparagarritasuna bermatzeko metodo berritzaileak proposatzen ditu.
  • Adimen Artifiziala (AA): berrikuntza nabarmen gisa, AA bidezko kalifikazio-sistemak dituzten testak lerrokatzeko beharra eta horien balioztapenerako gomendioak ematen ditu.
Balioztatzearen ikuspegi dinamikoa

Liburuaren ekarpen interesgarrienetako bat balioztatzeari buruz egiten duen hausnarketa da. Egileek azpimarratzen dute balioztapena ez dela baliabide edo jarduera baten ezaugarri intrintsekoa, baizik eta erabileraren araberakoa den prozesua. Horrela diote:

Ez da posible baliabide bat berez baliozkoa dela baieztatzea. Jarduera bat baliozkoa izan daiteke soilik helburu jakin batekin eta testuinguru jakin batean erabiltzen denean. Helburuan edo testuinguruan egiten den edozein aldaketak lotura-argudioak baliozkotzeko ebidentzia berriak eskatuko ditu. Beraz, baliozkotzea zuzenean lotuta dago jarduera testuinguru jakin batean erabiltzearekin.

Eta ondoren honako ideia hau gehitzen dute:

Ez da zentzuzkoa baliabide bat baliozkoa edo baliogabea dela pentsatzea. Hobe da baliozkotasuna ebidentzia-base baten eraikuntza gisa ulertzea; ebidentzia horien bidez erakutsi behar da EEMBarekin ezarritako loturaren aldeko argudioak sendoak, zehatzak eta fidagarriak direla.

Ikuspegi horren arabera, lerrokatzearen emaitzak ez dira "zuri ala beltz" gisa ulertu behar (baliozkoak edo baliogabeak), baizik eta bildutako ebidentzien indarraren arabera. Horregatik, eskuliburuak proposatzen du baieztapenen sendotasuna mailakatzea: ahula, sendoa edo oso sendoa. Ikuspegi dinamiko horrek balioztapena etengabeko hobekuntza- eta egiaztapen-prozesu gisa ulertzera garamatza.

2026eko eranskina

Are dokumentu laburragoa da, 22 orrialde besterik ez du eta. Arreta berezia eskaintzen die azken urteetan indarra hartu duten hiru arlori: 

  1. hezkuntza eleaniztuna eta kulturen artekoari; 
  2. EDIA (Equity, Diversity, Inclusion and Accessibility) delakoari;
  3. adimen artifizialaren nahiz hezkuntza-teknologien erabilerari.

Dokumentuak gomendatzen du AA tresnak modu arduratsu eta gardenean erabiltzea, betiere irakasleen eta adituen irizpidea ordezkatu gabe, eta EEMBak sustatzen dituen balioekin bat etorriz. Horrez gain, lerrokatzea ez dela behin betiko jarduera bat azpimarratzen du; aitzitik, etengabeko berrikuspen- eta hobekuntza-prozesu gisa ulertu behar dela defendatzen du, erabiltzaileen esperientzia eta ebidentzia berriak txertatuz.

lerrokatzearen infografia

irudia: ChatGPT bidez sortua
Erreferentzia bibliografikoak 

British Council, UKALTA, EALTA & ALTE. (2024). Manual para vincular la enseñanza de lenguas al MCER (Itzultzaileak: Marina Montero Pérez eta Elena Nieto Blas). Instituto Cervantes. https://cvc.cervantes.es/ensenanza/biblioteca_ele/marco_manual/manual-para-vincular-la-ensenanza-de-lenguas-al-mcer.pdf

British Council, UKALTA, EALTA & ALTE. (2026). CEFR alignment handbook: Supplement. https://ealta.eu/wp-content/uploads/2026/03/CEFR-alignment-handbook-layout-Supplement-Mar-2026.pdf

Europako Kontseilua (2005). Ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europak Erreferentzia Markoa. HABE eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saila (Jatorrizko lana 2001ean argitaratua). https://doi.org/10.54512/EEMB-2005

Other interesting content

Brian North

Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren Liburu Osagarria eta ekintzara bideratutako ikuspegia

Artikulu honetan, labur deskribatuko da zer den "Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren Liburu Osagarria", zer eduki dituen, zer paradigma-aldaketa sustatu nahi duen eta nola garatu den. Halaber, ekintzara bideratutako ikuspegia landuko da; ikuspegi orokorra emateaz gain, "gizarte-eragile" kontzeptua azalduko da eta, azkenik, ikuspegiaren hiru alderdi nagusiak eztabaidatuko dira: posibilitateak ("affordances"), eragiletza ("agency") eta ataza kolaboratiboak. https://doi.org/10.54512/REIX3225
ALTEren eskuliburuaren portada

Hizkuntza-probak eraikitzeko eta aplikatzeko eskuliburua

ALTEk Hizkuntza-probak eraikitzeko eta aplikatzeko eskuliburuaren bertsio berritua argitaratu du. Helburu nagusia da Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuarekin bat datozen ebaluazioak diseinatzeko jarraibide zehatzak eskaintzea.