Irakasbil
Didakteka
Gramatika kognitiboaren ikuspegia hizkuntzen irakaskuntzan
International House erakundearen LdeLengua podcastaren 168. zenbakian, Francisco Herrerak elkarrizketa interesgarri bat egin dio Zeina Alhmoud irakasleari bigarren hizkuntzen irakaskuntzari aplikatutako hizkuntzalaritza kognitiboaz; nagusiki, gramatikaren irakaskuntzaz eta irudia tresna pedagogiko gisa erabiltzeaz.
Sarrera honetan, gramatika kognitiboa zer den eta nola aplikatu eskoletan ikuspegi komunikatiboaren baitan jaso dugu.
Zeina Alhmoud irakaslearen esanetan, bigarren hizkuntzen irakaskuntzan gehienetan bereizita doaz lanketa komunikatiboa eta gramatikala, eta, gramatika kognitiboak, aitzitik, ikuspegi oso bat eskaintzen du komunikazio-tresna gisa, testuinguru jakin batean lantzen baitira esanahia eta hizkuntzaren erabilera erreala —eta ez da mugatzen arau-multzo zurrun bat ematera—. Gramatika eta komunikazioa uztartzea konplexuagoa dela dio, baita egokiagoa ere, hiztunek nola erabiltzen duten hizkuntza ulertaraztera jotzen baitu.
Sekuentzia didaktikoan
Erronka da ikuspegi hau hasieratik txertatzea sekuentzia didaktikoaren atal nagusietan. Esate baterako, aurreatazako girotze-jardueran gaia aurkeztean, jakinarazi ikasleei halako egitura landuko dela; gero, ikasleak ulermen-jardueraren bat lantzean ere izan dezala bere lekutxoa egitura horrek, dagokion gogoeta gramatikala erantsita, eta, azkenik, azken ekintza komunikatiboan ere dena delako egitura erabiltzera jo liteke era askeago batean. Zeina Alhmoud irakaslearen ustez, ez da askoz ere gehiago egin behar eguneroko eskoletan txertatzen hasteko ikuspegi hau.
Ikasleen gogoeta sustatzean —esaterako, aukera anitzeko ariketa batean—, zergatik aukeratu duten X aukera galdetu liteke, atzeraelikadura “zuzen/oker” adieraztera mugatu ordez. Era berean, argi adierazten du ikasle askok oso ikuspegi tradizionala izan ohi dutela eta kontuan hartu beharra dagoela hori prozesu didaktikoak kudeatzean.
Irudien erabilera
Material didaktikoetako irudiek, oro har, apaintzeko funtzioa betetzen dute, eta, ikuspegi honen arabera, xedea da gramatikazko egituren esanahia esplikatzeko baliatzea.
Azaldu nahi bada zer alde dagoen bi egituraren artean —esaterako, “lore batzuk ikusi ditut leihorako/leihotik”—, irudi eder batek ez digu aldea ulertzen lagunduko besterik gabe. Baina jartzen badugu irudi esanguratsu bat egitura hori ulertzen lagunduko duena (pertsona bat leihoan, gezi bat...), askoz ere eraginkorragoa izango da irakaslearen azalpena.
AA bidez sortutako irudia
Gakoa da irakasleak jakitea zertan ari den, zer desberdintasun ari den esplikatzen —bai testuingururen bat zehaztuz, bai marrazkiren bat eginez arbelean, bai antzerkitxoren bat eginez edota AA erabiliz— eta, gero, eduki horiek erabilaraztea ikasleei, ahalik eta erarik egokienean.
Gramatika kognitiboaren arabera, irudiak ez dira apaingarri huts eta lagungarri izan behar dute ulertzeko zein ekoizteko unean.
Hiru aldaketa txiki
Adituaren esanetan, hiru aldaketa txiki txertatu litezke ikas-irakas prozesuan, praktikara eramaten hasteko gramatika ulertzeko era hau.
1.- Saiatu gramatika hasieratik txertatzen eskoletan, eta ez utzi azkenerako. Gramatika dena da, ez arau-multzo bat soilik. Izan ere, askotan, ikasleek arau batzuk ikasten dituzte eskoletan, gero beste zerbait entzuten dute kalean eta, ondorioz, uste izaten dute oraindik ez dutela helburua lortu. Ikuspegi honek askatasuna ematen du, baita ikasgelatik nahiz ebaluazio edota azterketa ofizialetatik kanpo ikasten jarraitzeko aukera ere.
2.- Atzeraelikadurari dagokionez, ikasleari “zuzen/oker” edota “ongi/gaizki” adierazi aurretik, pentsatu zer esan nahian dabilen ikaslea, zertaz ari den. Agian, ulertzen ari da, baina tresnak falta zaizkio, edo, beharbada, ez eta oker dabil.
3.- Eta, azkenik, irudi esanguratsuak erabili, eta ez apaingarri hutsak.
Erreferentziak
Formación International House. (2025, urriaren 4a). Gramática con imágenes: LdeLengua 168. [Bideoa]. YouTube. https://youtu.be/J_c4GcXbVwg?si=3V7ShUWtM7AjR6WO
Herrera, F. (anfitrioia). (2025, urriaren 4). Una charla con Zeina Alhmoud. [Audio podcast-atala]. LdeLengua. https://eledelengua.com/gramatica-con-imagenes-ldelengua-168/


