Irakasbil
Didakteka
Nola irakatsi gramatika
Manual de formación para profesores de Ele irakasleentzako prestakuntza-liburuko zortzigarren kapituluak gramatikaren irakaskuntzari oratzen dio, eta, bertan, José Plácido Campillo eta Juan Manuel Real Espinosaren eskutitk, gramatikaren lanketaren alderdi ezberdinak aletzen dira. Hona kapitulu horren gako nagusienak.
Bigarren hizkuntzen irakaskuntzaren testuinguruan, izugarri idatzi izan da gramatika irakasteko moduaz. Esaterako, XX. mendearen bukaeran edota XXI.aren hasieran urte askoan izan da tabua gramatika berariaz lantzea, iraganeko kontutzat hartu izan da eta hizkuntzaren irakaskuntza komunikatiborako jauzia egin ez izanaren adierazle gisa, nahiz eta ikuspegi komunikatiboaren aldeko adituen artean ere baziren desadostasunak. Nolanahi ere, gramatikak beti eduki du bere tokia ikas-irakas prozesuetan eta material didaktikoetan.
Eskolaren alderdi komunikatiboa ondo egituratua egon ohi da normalean, baina alderdi formala, aitzitik, alderdi komunikatiboari itsatsita doa, eta ez harekin bat eginda. Ohiko gramatika tradizionala izaten jarraitzen du, ez ikuspegi komunikatiboaren araberakoa eta, askotan, ez oso eraginkorra araua hedatzeari dagokionez.
Alderdi metodologikoa
Formaren eta esanahiaren arteko eztabaida dela-eta, kapitulu honetan gramatikaren ikuspegi komunikatiboa lantzeko aukerak aztertzen dira. Ikasleak inputean jasotako datuak prozesatu eta egokitzeko gaitasunean oinarritzen da bigarren hizkuntza baten gramatika bereganatzeko ibilbidea. Horrela, argi dago ekintza komunikatiboaren kontzeptua baliatuz adierazi beharko liratekeela arau gramatikalak (zer erabili lortzeko halako ondorioa), modu eraginkor (hedatu litezkeenak testuinguru gehiagotara) eta koherentean aplikatu litezkeenak ikasprozesu osoan.Testuinguru horretan, ikaslearen ekoizpena txartzat jo eta forma “zuzena” eskaintzeko ohitura zaharrak ez du urrutira eramaten: bide motza izan ohi du ikaslearentzat zentzurik ez duen zer edo zer adierazteko forma zuzena eskaintzeak, zeren eta zentzua duten forma desegokiak gailentzen baitira denbora errealean hitz egiten dugunean. Senaren bidezko logika gailentzen da. Horregatik da funtsezkoa ikaslearentzat logikoa izatea berak dioena, nolabait.
Ikasleak ulertu behar du hizkuntza orok duela bere logika, nahiz eta desberdinak izan logika horiek. Helburua ez da buruz ikastea nola esaten den zerbait, baizik eta ulertzea zergatik esaten den horrela. Kapitulu-egileen arabera, gramatikaren kontzeptua bera berraztertu beharko litzateke hiru helbururi begira, hizkuntzaren alderdi formalak esanahiaren ikuspegitik landuta:
- Gramatika kognitiboago bat lantzea: ulertuta gramatikak esanahiak erabiltzen dituela etenik gabe, eta ez formak.
- Gramatika komunikatiboago bat jorratzea: zuzenketa-helburuak baztertu eta eraginkortasun komunikatiboa bilatzen duena baliatuz.
- Gramatika operatiboago bat: deskribapen hutsetik esplikaziora jauzi eginez, logika jarrita buruz ikastearen aurretik.
Irakaskuntza-teknikak eta -prozedurak
Formatik esanahiraGramatika komunikatiboa jorratu nahi bada, lehen urratsa da forma-automatismoa ezabatzea eta gramatika ez hartzea “morfologiaren” sinonimotzat, eta ez dezala izan esanahirik gabeko kutsurik. Hurrengo adibideak (1) erakusten du nola sortzen den nahastea:
Forma-kontu hutsa da erantzun zuzena: “egiten dut” da ohiturazko aspektuari dagokiona —eta ez “egin dut” edo “egingo dut”, esaterako—, eta ez dago ezer gehiago ulertu beharrik. Morfologia gramatikaren osagaietako bat da —aspergarriena, gainera, egileen esanetan—.
Komunikatiboa izan nahi badu gramatikak, esanahi-terminoetan definitu behar da, formei estuki lotutako esanahiak kontuan hartuta. Ondorioz, edozein arau gramatikal operatiboagoa izango da esanahiekin lotuta lantzen bada, eta ez forma hutsekin.
Ez daude bi forma desberdin gauza bera adierazteko eta esanahi bera dutenak. Esaterako:

Zuzentasunetik eraginkortasunera
Hutsuneak bete ariketak, esaterako, ez datoz bat hiztun baten logikarekin, zeren eta jatorrizko hiztunak sekula ez baitu ariketa hori egiteko prozedurarik baliatuko —aukera desegoki batzuen artean hautatzea egokia —. Jatorrizko hiztunak aukera zuzen batzuen artean une horretan adierazi nahi duena hobekien adierazten duena hautatzen du; alegia, eraginkortasun komunikatiboa darabil irizpide nagusi moduan eta ez zuzentasuna.
Ez da erraza irakasleek hain ezaguna eta barneratua duten prozedura tradizionala gainditzea, baina egingarria da. Horretarako, hizkuntzen erabilera erreala imitatzera jo behar da; hain zuzen ere, etenik gabe erreparatu behar zaio esanahiari. Prozedurarekin asmatzeko, ohiko edozein teknika baliatu liteke (hutsuneak bete, aukeratu forma zuzena, loturak egin...), eta, soil-soilik, eraginkortasun komunikatiboari begira jarri behar dira ariketa horiek. Adibidez, aukera batzuk eman eta sinesgarriena hautatzeko adieraziko zaie ikasleei.
Ondorioz, a) jatorrizko hiztun batek antzeko testuinguru batean egiten duenaren pareko zerbait egin beharko dute, b) adibide zuzen batzuen gaineko gogoeta sustatuko dute —alde batera utzita zuzena topatzea adibide okerren artean— eta c) ideia desberdinak adierazteko aukeren analisia sustatzen da. Batez ere, formatik esanahira aldatzen da fokua.
Deskribapenetik esplikaziora
Erraz samar bideratu liteke deskribapen-araua, zeren eta nahikoa baita testuinguruaren arabera deskribatzea erabilera bakoitza. Nolanahi ere, aditu hauen iritziz, nahiz eta erraza izan deskribapen-araua baliatzea, ez du merezi berau lantzea, ez baita batere operatiboa. Lan gehiago ematen du esplikatzen duen araua emateak, baina, helburuak lortu ahalean, eraginkortasun handiagoa lortzen da; alegia, arauak aipatu forma horrekin lotutako balizko erabileretara zabaltzeko bidea eskaintzen du, emandako adibideetatik abiatuta.
Norabide horretan, garrantzizkoena da esplikatzen ahalegintzea —eta ez deskribatzen—. Ahalegin horrek urrutira eraman gaitzake (edo ez), eta logika eta esanahia eskainiko dio ikasgelako lanari —eta, ondorioz, ikasleak ez ditu buruz ikasi beharko formak — . Izan ere, ikasten dituen forma berriak deskribatu baino, ikasleak forma hauek erabiltzeko jarraibideak behar ditu, jasotzen dituen deskribapenetatik atera ez dezan ondorio okerrik.
Ondorioa
Ikuspegi-aldaketa izugarria dakar gramatikari buruzko zortzigarren kapituluak. José Plácido Ruiz eta Juan Manuel Real-en arabera, gramatika guztiz esanguratsua da —hiztegia edo intonazioa bezalaxe, adibidez—, komunikagaitasuna lantzeko tresna bat, helburu duena eraginkortasunez adieraztea nork zer egin dion nori, zergatik eta noiz.Metodologia honen alderdi negatiboa da nonahi topatuko dugula gramatika tradizionalaren ikuspegia, baina esanahiaren araberako gramatika, aitzitik, garatzeko dagoela. Alderdi positiboa da nahikoa dela sentsibilitatea eta hizkuntzaren ezagutza izatea era honetara gramatikaren ikuspegi komunikatiboa garatzen joateko, oinarrizko hiru baldintzei erreparatuz:
- Ez erreparatu formari, baizik eta formaren esanahiari.
- Helburua ez da zuzentzea, baizik eta eraginkor komunikatzea.
- Ez mugatu erabileraren deskribapena egitera, eta saiatu erabileraren logika esplikatzen.
Erreferentzia bibliografikoa:
Jiménez Calderón, F. eta Rufat Sánchez, A. (2019). Manual de formación para profesores de ELE. SGEL.(1) Egokitua
Azaleko irudia: Pixabay

