Irakasbil
Didakteka
Ez zait gustatzen nola hitz egiten duzun: glotofobia eta hizkuntza-aurreiritziak
"Ez zait gustatzen nola hitz egiten duzun" esatean, hizkeraz ari gara ala hiztunaz? Galdera horretatik abiatzen da María del Carmen Méndez Santos hizkuntza-aldaerei, azentuei eta hitz egiteko moduei egozten dizkiegun balioak aztertzeko. Hor kokatzen dira glotofobia eta harekin lotutako beste hainbat kontzeptu, hala nola azentuagatiko diskriminazioa, language shaming (hizkuntzagatik edo hizkeragatik lotsaraztea), estigmatizazioa, hizkuntza-profilatzea edo hizkuntza-ideologiak.
Egileak Deustuko Unibertsitatean emandako hitzaldiak begirada eguneroko ingurunera zabaltzen du, aurrez aurreko harremanetara nahiz eremu digitalera. Nola hitz egiten dugun ez ezik, hitz egiteko moduaren arabera nola sailkatzen gaituzten eta guk geuk besteak nola sailkatzen ditugun jartzen du auzitan. Begirada intersekzionaletik, gainera, hizkuntza-diskriminazioa bestelako diskriminazioekin gurutza daitekeela gogorarazten du.
Azentua, aldaerak eta prestigioa
Ez dago azenturik gabeko hiztunik. Aldea ez dago, beraz, azentua izatearen edo ez izatearen artean, azentu batzuei eta besteei ematen diegun balioan baizik. Hizkera batzuk neutrotzat edo prestigioduntzat hartzen ditugu; beste batzuk, berriz, markatutzat edo desegokitzat. Horri lotuta dago indexikalitatea: hizkuntza-ezaugarriak gizarte-ezaugarriekin lotzeko joera. Azentua, lexikoa edo ahoskera hiztunaren jatorri geografiko edo sozialarekin lotzen ditugu, eta hortik hiztunari berari buruzko bestelako balorazioetara igaro gaitezke.
Hitzaldian, liburuan ez bezala, euskararen egoerari ere erreparatu zitzaion. Hitzaldiaren harira, euskara batuaren eta euskalkien inguruko balorazioak eta hizkera batzuei egozten zaien prestigioa agertu ziren aztertzeko gai gisa. Horrek aukera ematen du glotofobiaren inguruko hausnarketa gure testuingurura ekartzeko, euskararen egoera soziolinguistikoaren berezitasunak aintzat hartuta: estandarra erreferentzia izatea kontu bat da, eta gainerako hizkerak okerragotzat jotzea beste bat. Zer dago "hori ez da benetako euskara" edo "hemen ez da horrela esaten" gisako iruzkinen atzean?
Hiztun «natiboa» eredutzat?
Hiztun "natiboaren" auzia ere azentuarekin eta prestigioarekin lotuta dago. Zer esan nahi du hizkuntza bat "natibo batek bezala" hitz egiteak? Zein hiztun eta zein aldaera hartzen dugu eredutzat? Hizkuntzen irakaskuntzan galdera garrantzitsuak dira, hizkuntza-gaitasuna eta hiztunaren jatorria nahasteko arriskua baitago.
Hausnarketa kasu erreal batera eramateko aukera eskaintzen du Noticias de Navarra egunkariak gaztelaniaz argitaratutako “El profesor de euskera y castellano que llegó de Pakistán” albisteak. Shahid R. Mehasiren hizkuntza- eta irakasle-ibilbidea du ardatz. Galdera ez da albisteko irakaslea epaitzea, geure aurreikuspenak aztertzea baizik: zer irudi datorkigu burura euskara-irakasle bat irudikatzean? Zein ezaugarri lotzen dizkiogu hizkuntza-gaitasunari eta zein aldez aurretik hiztunaz osatutako irudiari?
Glotofobiatik eskolara
Méndezek hitzaldian erabilitako terminologia-jarduera izan daiteke gaia eskolara eramateko abiapuntu. Ez dago, ordea, definizioetara mugatu beharrik. Mailaren arabera, egoera eta hizkuntza-jarrera zehatzak ere landu daitezke. Ikus ditzagun adibide batzuk.
- A1-A2: nola esaten duzu zuk? Gauza bera esateko hainbat molde, hitz edo esamolde aurkeztu, eta ikasleei zein ezagutzen edo erabiltzen duten galdetu: nik horrela esaten dut, beste hau ere entzun dut, ez dut ezagutzen... Helburua hizkuntza berean askotariko erabilerak daudela hautematea da, desberdintasuna akatsarekin berehala lotu gabe.
- B1: zer esango zenuke zuk? Egoera zehatz eta hurbiletatik abia gaitezke: ikasle berri batek beste leku batean ikasi du euskara eta gelakoek ez bezalako hitzak erabiltzen ditu; lagun batek euskalkian hitz egiten du; edo norbaiti, euskaraz aritzean, beste hizkuntza baten eragina antzematen zaio. Ikasleek erantzun bat aukera dezakete, adibidez, Horrela ere esaten da, Nik beste modu batera esaten dut edo Hori gaizki dago, eta hautua labur azaldu. Helburua egoera ulertzea eta norberaren iritzia modu errazean adieraztea da.
- B2: zer dago iruzkinaren atzean? "Azentu handia dauka", "hori ez da benetako euskara", "hemen ez da horrela esaten" edo "euskara zuzena erabili behar da" bezalako iruzkinak har daitezke abiapuntu. Ikasleek adierazpen horiek zer esan nahi duten aztertu eta beste era batera formulatu ditzakete. "Azentu handia dauka" esatean, esaterako, zer esan nahi dugu: ulertzeko zaila dela, hizkera ezezaguna egiten zaigula ala espero genuen ahoskeratik aldentzen dela?
- C1-C2: espero genuen euskara-irakaslea? Goi-mailetan, Noticias de Navarrako albistea jatorrizko gaztelaniaz erabil daiteke. Ikasleek testua irakurri, euskaraz laburtu eta informazio nagusia beste ikaskideei azal diezaiekete; horrela, gaia lantzearekin batera, hizkuntzen arteko bitartekotza ere landu daiteke. Ondoren, Méndezen planteamendura itzuliko gara: zer irudi genuen euskara-irakasleaz albistea irakurri aurretik? Zerk baldintzatzen zuen? Zer irizpide erabiliko genituzke hiztun edo irakasle baten gaitasunaz hitz egiteko "natibo/ez-natibo" bereizketara jo gabe?
Entzuten dugunari ematen diogun balioa
Méndezek ez gaitu hizkuntza-aniztasuna onartzera bakarrik eramaten. Eguneroko ingurunera begiratu eta normaltzat jotzen ditugun hizkuntza-jarrerak ere auzitan jartzera gonbidatzen gaitu. Hitz egiteko modua entzutean, hizkuntza-ezaugarriez gain, hiztunari buruzko usteak ere sar daitezke jokoan.
Irakasleontzat ere badago zer pentsatua: zer eskaintzen dugu eredu gisa? Zer hartzen dugu akastzat eta zer aldaeratzat? Zer zuzentzen dugu eta zertarako? Glotofobia eskolara eramatearen interesa hortxe egon daiteke: euskara gero eta egokiago eta eraginkorrago erabiltzen ikastearekin batera, hizkuntzak, hizkerak eta hiztunak baloratzeko erabiltzen ditugun irizpideez jabetzea.
Erreferentziak
Méndez Santos, M. C. (2024). No me gusta cómo hablas (o más bien no me gustás tú). Crítica de la discriminación lingüística. Pie de página.
Ochoa de Olza, J. M. (2026, urriaren 26a). El profesor de euskera y castellano que llegó de Pakistán. Noticias de Navarra. https://www.noticiasdenavarra.com/pamplona/2026/10/26/profesor-euskera-castellano-llego-pakistan-11643427.html
Universidad de Deusto / Deustuko Unibertsitatea. (2024, urriaren 31). ¿Vas a ir hablando (así) por la calle? Crítica de la discriminación lingüística. [Bideoa]. YouTube. https://youtu.be/HZrSPI9bA6I?si=9atM2QxmoEd5F3FV

