Didakteka
"Dispositivos móviles y segundas lenguas: integrando herramientas y metodologías en el aula de idiomas" liburuaz (Andújar, A.)
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Gakoak:
- Bisitak: 555
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
Web 2.0arekin hasi zen gaur egungo iraultza soziala, eta, horren ondorioz, aldaketa ere ikas-irakaskuntzan. Horren adierazgarri 2015ean IRAKASBILen argitaratutako HIZPIDE 85. zenbakiko artikulu bat: "Piztu eskukoa, hasi egingo da eskola" (Rodriguez Martin, J.R. eta Torres Morillas, R). Sakelako telefonoekin hasi zen dena eskuragarriago izaten, eta euskaltegietan ere ekin zioten komunikatzeko eta irakasteko modu berri hori erabiltzeari. Artikulu horretan azaltzen den bezala, edukien hartzaile izateaz gain, sortzaile ere bilakatzen hasi zen pertsona bakoitza, eta gaur egun Interneta etengabeko elkarrizketa bilakatu da. Horrek guztiak irakaslearen rolak nolakoa izan behar duen galdeginarazten digu: zer egin behar du irakasleak berdinen arteko komunikazio horretan?
Handia da XXI. mendean gertatzen ari den iraultza, eta Adimen Artifizialaren inguruan ikerketa gehiago egin beharko liratekeela dio Alberto Andújarrek Dispositivos móviles y segundas lenguas: integrando herramientas y metodogías en el aula de idiomas liburuan. Gailu mugikor batzuen —sakelakoa, tableta edota ordenagailua— erabilera aztertzen du, bigarren hizkuntza bat ikasteko eta sustatzeko.
Horrela, ikasgelan gaur egun dauden metodologiak eta tresnak aztertzen dira liburuan, edozein gailu mugikorretatik nonahiko hizkuntzen ikaskuntza aurrera eraman ahal izateko, eta horien erabileraren inguruan egin diren zenbait ikerlan kontuan harturik, tresna eta metodologia bakoitzaren alde onak eta txarrak erakusten dira. Askotariko metodologiak eta tresnak liburuko bederatzi ataletan azaltzen dira:
1. Marko teorikoa: ikaskuntza mugikorra bigarren hizkuntzetan.
Gailu mugikor horien bidez hizkuntzak ikastearekin lotutako sei esparru teoriko identifikatzen dira: a) hezkuntza mugikorraren analisi arrazionalerako markoa (teknologia mugikorra, gizakiaren ikasteko gaitasuna eta interakzio soziala bateratzen dituena), b) Affordance Model (izaera pedagogikoa, soziala eta teknologikoa bateratzen dituena), c) marko pedagogikoa, d) ikaskuntza kokatuaren teoria, e) esperientzia bidezko ikaskuntza eta f) multimedia ikaskuntzaren teoria kognitiboa.
2. Berehalako mezularitza mugikorra.
Gure gizartean ohikoena eta erabiliena Whatsappa dela aipatzen bada ere, beste aplikazio batzuk ere badaudela ohartarazten da era berean (WeChat, Telegram, Line eta abar), ikasgelaren muga fisikoa nahiz ikastordu formalak gainditzen dituztenak.
3. Istorioen narrazio digitala.
Hizkuntzak hobeki ikastearren —gramatika eta lexikoa—, metodo hau ikasleen arteko lankidetza eta sormena pizteko balia daitekeela aditzera ematen digu autoreak.
4. Gamifikazioa.
Classcraft, Kahoot eta TeCoLa Project aplikazioen erabilera azaltzen da; izan ere, jokoen eta ikasgelaren gamifikazioaren bitartez, hizkuntzak oharkabean ikasten direla dio liburuaren egileak eta, besteak beste, gaitasun komunikatiboa garatzeko lagungarri ere izan daitezkeela.
5. Aplikazio mugikorren azterketa hizkuntzen ikaskuntzan.
Hizkuntza batzuk ikasteko mugikorrerako aplikazio erabilienak zerrendatzen dira; esaterako, Duolingo, Memrise eta beste batzuk. Aplikazio horiez gain, hiztegi eta itzultzaile mugikorrak ere aipatzen dira, oso erabiliak direnak hizkuntzen irakaskuntzan.
6. Sare sozialak.
Ikasgelan hainbat sare sozialen erabilera aztertzen da (adib. TikTok edo/eta Instagram). Sare sozial horietan, bideo laburrak partekatu ohi dira, istorio digitalak sortu ondoren.
7. Urrutiko lankidetza.
GoogleMeet bezalako aplikazioekin egindako ikerketen berri ematen da; metodo hau ikasleen arteko talde-lana ikasgelatik kanpo ere sustatzeko erabiltzen da hizkuntzen ikaskuntzan.
8. Errealitate birtuala eta errealitate areagotua.
Hiru errealitate birtual aipatzen dira, hurrenez hurren: a) SecondLife bezalako gune birtual irekiak, b) online jokatzeko jokalari anitzeko jokoak eta c) murgiltze-ingurune sintetikoak. Bigarren hizkuntza bat ikasterakoan benetako elkarreraginean parte hartzeko aukera ematen dute.
9. Adimen Artifiziala (AA).
Adimen Artifizialaren Interneteko ChatGPT interfazearekin elkarreragina (elkarrizketa) izan dezakegula nabarmentzen digu liburuaren autoreak, eta interakzio hori kritikotasunez egin behar dela; horretarako, hezi behar direla irakasleak nahiz ikasleak, etorkizunean hizkuntzen irakaskuntzan lagungarria izan dadin.
Beraz, liburua interesgarria izan daiteke gaian interesa duten irakasleentzat, ikerlarientzat eta ikaskuntza autonomoa garatu nahi duten ikasleentzat.
Erreferentzia bibliografikoa:
Andujar, A. (2023). Dispositivos móviles y segundas lenguas: integrando herramientas y metodologías en el aula de idiomas. Editorial Comares.