Desgaitasun intelektuala. Ebaluazioa eta egiaztatzegintza.

Argitaratua: osteguna, 2024(e)ko azaroaren 14(e)an, 13:08(e)tan
HABE

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Aginduaren 28.7 artikuluan xedatzen da egiaztatzegintzan egokitzapenak egingo direla, beste batzuen artean, “ezagutzaren gaineko gaitasuna mugatzen dien desgaitasuna duten ikasleen kasuan”.

Aipatu ezaugarriak dituzten 6 azterketari aurkeztu dira lehen aldiz, B1 mailako azken hiru deialdietara. Ondorioz, irakurmen-, idazmen-, mintzamen- eta entzumen-proben egokitzapenak egin dira.

2023an eta 2024an egindako egokitzapenok hausnarketa eta lanketa baten ondorio izan dira, eta abiapuntua dira egokitzapen eta moldaketa berrietarako. Prozesu irekia da: errealitate heterogeneo bati erantzun praktiko zehatzak eman beharrak irtenbide-sorta heterogeneoa diseinatu, ebaluatu eta fintzen joateko prozesua dakar berarekin.

Abiapuntua: heterogeneotasuna

Muñozen hitzetan (2012, 16. or.),  desgaitasun intelektualaren ezaugarria heterogeneotasuna da. Izan ere, sindrome bera izan arren, baldintza hori duten pertsonek ez dute maila bera gaitasun bakar batean ere. Kasu batzuetan, gabezia handiena duen gaitasuna oroimena izango dabeste batzuetan, hizkuntza; beste batzuetan, abstrakzioa; beste batzuetan, orientazioa; beste batzuetan, arrazoitzeko gaitasuna; eta ikasteko gaitasuna. Gerta liteke guztiek defizita izatea, baina batzuetan besteetan baino gehiago. Heterogeneotasun hori dela eta, zaila da jende askori irisgarritasuna erraztuko dioten konponbide estandarizatuak finkatzea. Kasu askotan, gaitasun jakin batzuetarako irtenbide partzialez hitz egingo da, eta beste gaitasun batzuekin osatu beharko dira

Egokitzapen-arloak

Ebaluazio-probak moldatu eta egokitzeko, honako arlo hauek aztertu dira:

  1. Proben egitura
      • Ariketen tipologia.
      • Puntuazio-irizpideak.
  1. Paperean argitaratutako materiala
      • Testuak eta jarraibideak.
      • Materialaren diseinua eta maketazioa.
      • Aztertzaileentzako jarraibideak.
  1. Laguntza eta zaintza
      • Azterketariaren laguntza azterlekuan.
Paperean argitaraturiko materiala

Paperean argitaratutako osagai guztiak hautatu, egokitu eta diseinatzeko arestian aipatutako Muñozen Lectura facil: metodos de redacción y evaluación esku-liburuaren irizpide eta aholkuak hartu dira aintzat. Irizpideok idatzizko osagai guztietan -testuak eta jarraibideak- eta diseinu alorreko osagai guztietan aplikatu dira. Ulergarritasunean oztopo izan zitekeen elementu oro ezabatzea izan da xedea.

Orrikatzea eta jarraibideak

Orrikatzeari dagokionez, azpimarratzekoa da 2024ko maiatzean deialdi itxiaren barruan egindako idazmen-proba egokituan, azterketariarentzako jarraibide-orria azterketa-liburuxkatik aparte eman zitzaiola azterketariari, solte, eta azterlekuan bertan aztertzaile batek jarraibide horiek ahoz azaldu zizkiola azterketariari, honek orri hori aurrez aurre zuela. Azterketariak arreta erabat probaren egitekoan jartzea izan zen xedea.

Mintzamena: elkarreraginezko ariketa

Mintzamen-proba egokituaren kasuan, egokitzapen nagusiena elkarreraginezko ariketan egin zen: “ohiko” ereduan, azterketariak beste azterketari bat izaten du solaskide eta bi azterketarien arteko elkarreragina ebaluatu ohi da; kasu honetan, HABEko bi aztertzaileetako batek bete zuen solaskidearen tokia. 

Ildo horretatik, azpimarratzekoa da galdera-sorta luze bat prestatu zela badaezpada bakarkako ariketan eta elkarreraginezkoan, azterketariaren jarduna behar baino laburragoa izan zitekeela aurreikusita. Hiru egoera aurreikusi ziren: 

  1. azterketariak gutxi hitz egiteko berezko joera izatea
  2. probaren unean komunikatzeko interes-eza erakustea; 
  3. planteatutako mintzagaiarekiko interes-eza erakustea.

Ikasbilen eskura

Ikusgai daukazue Ikasbil atarian aurreko azterketaldiko deialdi itxirako egokitutako idazmen-proba eta mintzamen-proba.



  

Erreferentziak:

Gaiarekin lotutako beste eduki interesgarri batzuk

GIELE

Azterketen Diseinu Unibertsala (UTD): Hizkuntza-ebaluazio bidezko eta inklusiboago baten bila

Nola sortu hizkuntza-azterketa inklusiboagoak eta fidagarriagoak? Azken urteotan, gero eta gehiago hitz egiten da hizkuntza-ebaluazioetan aniztasunari eta inklusibitateari erantzuteko beharrari buruz. Cadizko Hizkuntza Eskolan azaroaren 15ean eta 16an ospatu ziren GIELEren jardunaldietan, Antonia Liberalen "Atención a la diversidad / adaptaciones" tailerrean parte hartzeko aukera izan genuen. Bertan, hizkuntza-mailen egiaztapenean Azterketen Diseinu Unibertsala (Universal Test Design, UTD) aplikatzeko gako interesgarriak jorratu ziren. Sarrera honetan, UTDk hizkuntza-ebaluazio bidezkoago bat lortzeko eskaintzen dituen printzipioak, HABEren eguneroko jardunarekin duen lotura, eta bere aplikazio praktiko nagusiak azalduko ditugu.