Eleaniztasunetik ikastea: zer leku dute ikasleen hizkuntzek eskolan?

Argitaratua: asteartea, 2026(e)ko uztailaren 14(e)an, 13:26(e)tan
26.07_H1 sarrera
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Jakintza-arloa:
  • Sarrera-egilea:
    • Murua Anzola, Iñaki
  • Bisitak: 268
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0

World of Better Learning webgunean argitaratutako azken sarrera batek (Berry, 2026) berriro ekarri du mahai gainera hizkuntzen irakaskuntzan aspaldiko eztabaida bat: zer leku eman behar zaio ikasleen lehen hizkuntzari (H1) eskolan? Urte luzez, hizkuntza gehigarri bat ikasteko modurik eraginkorrena xede-hizkuntzan ahalik eta murgiltze handiena eskaintzea zela defendatu izan da, eta, ondorioz, ikasleen gainerako hizkuntzak bigarren mailan uzteko joera nagusitu zen testuinguru askotan. Azken urteotan, ordea, planteamendu hori berrikusten ari da, eta gero eta gehiago dira ikasleen hizkuntza-errepertorio osoa ikaskuntzarako baliabidetzat jotzen duten ahotsak.

Ildo horretan, Watkins-ek (2023) lehen hizkuntzaren erabilera pedagogikoaren aldeko hainbat argudio aurkezten ditu. Egilearen arabera, ikasleen hizkuntza propioa baliagarria izan daiteke hizkuntzen arteko konparazioak egiteko, hiztegia modu eraginkorragoan lantzeko, esanahiak argitzeko edota ikasleen konfiantza indartzeko. Haren iritziz, lehen hizkuntzaren erabilera ez litzateke azken baliabide hutsera mugatu behar; aitzitik, zentzuz baliatuz gero, ikaste-prozesua aberasteko tresna izan daiteke.

Berryren (2026) ekarpenak, berriz, ikuspegi praktikoagoa eskaintzen du. Egileak galdetzen du noiz izan daitekeen egokia ikasleek H1 erabiltzea ikasgelan, eta gogorarazten du erabilera horren atzean askotariko arrazoiak egon daitezkeela: segurtasun falta, ulermen-zailtasunak, egiaztapen-beharrak edo ikaskuntza-estrategiak, besteak beste. Haren ustez, irakaslearen egitekoa ez da erabilera hori automatikoki debekatzea, baizik eta egoera bakoitzean zer funtzio betetzen duen ulertzea eta horren arabera jardutea.

Galdera interesgarria da, beraz, zer dioten gai honi buruz gure erreferentziazko dokumentuek. Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumak (HEOC) ez du berariaz lantzen ikasleen lehen hizkuntzaren erabilera; alderdi estrategikoan ageri da aipuren bat. Hala ere, haren oinarri metodologikoek norabide jakin bat erakusten dute: gaitasun komunikatibora eta ekintzara bideratutako ikuspegia, ikaslearen autonomia eta komunikazio-ekintzen garapena. Ikuspegi horren arabera, helburua ez da hizkuntza-sistema bere horretan ikastea, hizkuntzaren bidez jarduteko gaitasuna garatzea baizik.

Ildo horretan, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren Liburu Osagarriak (EEMB LO) urrats esanguratsua egiten du eleaniztasunaren ikuspegia garatuz. Dokumentuaren ekarpen nagusietako bat gaitasun eleaniztun eta kulturaniztunaren kontzeptua da. Horren arabera, hiztunak ez ditu hizkuntzak eta kulturak elkarrengandik bereizitako atal isolatuetan gordetzen; aitzitik, esperientzia linguistiko eta kultural guztiek errepertorio bateratu bat osatzen dute, eta errepertorio hori komunikazio-egoeren arabera mobilizatzen da. Horrenbestez, hizkuntza gehigarri baten ikaskuntza ez da aurretik dakigunetik bereizita gertatzen; lehendik ditugun hizkuntza- eta kultura-baliabideetan oinarritzen da. EEMB LOak eleaniztasunari eta bitartekotzari ematen dien garrantziak norabide berean jartzen du arreta: ikasleen errepertorio linguistiko osoa komunikaziorako eta ikaskuntzarako baliabidetzat hartzea.

Irakasbilen bertan ere aurki daitezke planteamendu hori aberasten duten ekarpenak. Horietako bat da Eneko Antónek eta Jon Andoni Duñabeitiak e-Hizpiden argitaratutako artikulua. Ikerketa ugariren berrikuspenean oinarrituta, egileek erakusten dute elebitasuna ez dela bi hizkuntzatan komunikatzeko gaitasun hutsa. Aitzitik, ondorio linguistiko eta kognitibo ugari dakartza: hizkuntza berriak ikasteko malgutasun handiagoa, hitz berriak eskuratzeko erraztasuna eta hizkuntzen arteko loturak naturaltasunez ezartzeko gaitasuna, besteak beste. Halaber, ohartarazten dute elebitasuna ezin dela berez onura- edo kalte-iturri gisa aurkeztu; errealitatea konplexuagoa da. Hala ere, hizkuntza bat baino gehiago ezagutzeak komunikazio-aukerak zabaltzen dituela eta munduari ikuspegi anitzetatik begiratzeko aukera ematen duela nabarmentzen dute.

Ikuspegi hori lotu daiteke Irakasbilen argitaratutako Elebidunen lehen hizkuntzak idatzizko gaitasunean izan dezakeen eragina sarrerarekin ere (Ibarra García, 2025). Lan horretan, hizkuntzen arteko harremanek eta transferentziek ikaskuntzan duten eragina aztertzen da, eta lehen hizkuntzaren ezagutza hizkuntza gehigarri batean garatutako gaitasunekin lotzen da. Horrek guztiak iradokitzen du hizkuntzen arteko loturak ez direla salbuespen edo interferentzia huts gisa ulertu behar; sarritan, ikaste-prozesuaren beraren parte dira.

Horrenbestez, agian eztabaida ez dago lehen hizkuntza erabili behar den ala ez erabakitzeko puntuan. Galdera interesgarriagoa izan liteke beste hau: nola lagun dezake ikasleen hizkuntza- eta kultura-errepertorio osoak euskararen ikaskuntzan? EEMB LOak proposatzen duen gaitasun eleaniztun eta kulturaniztunaren ikuspegiak, elebitasunaren inguruko ikerketek eta hizkuntzen arteko transferentziari buruzko lanek erakusten dutenez, ikasleek dakizkiten hizkuntzak eta kulturak ez dira albo batera utzi beharreko elementuak; maiz, hizkuntza gehigarri baten ikaskuntzarako eta erabilerarako abiapuntu sendoenetakoak dira.

Laburbilduz, euskararen eskolan ez dirudi gakoa denik ikasleen lehen hizkuntzari lekua ematea ala ukatzea. Galdera nagusia beste hau da: nola baliatu ikasleen hizkuntza- eta kultura-esperientzia osoa euskaraz gehiago eta hobeto jarduteko? Gaitasun eleaniztun eta kulturaniztunaren ikuspegitik, hizkuntzen arteko loturak ez dira saihestu beharreko interferentziak; aitzitik, komunikazioaren eta ikaskuntzaren mesedetan mobiliza daitezkeen baliabideak dira.

Erreferentzia bibliografikoak

Antón, E. eta Duñabeitia, J. A. (2016). Elebitasuna, bi hizkuntza hitz egitea baino gehiago. e-Hizpide, 89. https://doi.org/10.54512/YLTY5400

Berry, E. (2026, ekainaren 30a). When is it OK to use students’ L1 in the English classroom?. World of Better Learning. https://www.cambridge.org/elt/blog/2026/06/30/when-is-it-ok-to-use-students-l1-in-the-english-classroom/

Ibarra García, L. (2025, otsailaren 11). Elebidunen lehen hizkuntzak (H1) idatzizko gaitasunean izan dezakeen eragina. Irakasbil. https://www.ikasten.ikasbil.eus/mod/habecms/view.php/irakasbil/didakteka/elebidunen_lehen_hizkuntzak_idatzizko_gaitasunean_izan_dezakeen_eragina

Watkins, P. (2023, otsailaren 5a). Using the learners’ own language in the language classroom. World of Better Learning. https://www.cambridge.org/elt/blog/2023/02/05/using-the-learners-own-language-in-the-language-classroom/