Desmotibazioa eskolan

Argitaratua: Tuesday, 20 December 2022, 1:39 PM

Desmotibazioa edo motibazioa galtzea izan dute hizpide Francisco Herrerak eta Alacanteko Unibertsitatean irakasle den María Méndezek ELEdeLengua podcastaren 148. emanaldian: La desmotivación en el aula de ELE.

Lehenik eta behin, senetik harago joateko, espainierazko eskoletan motibazio ezari buruz egungo ikerketek eta ingelesaren irakaskuntzaren esparruan alderdi horiei buruzko bibliografiak zer dioten izan dute abiapuntu. Hizkuntza horren ingurukoak dira argitalpen gehienak; 2015ekoa lehendabizikoa eta badago HABE Liburutegian.

Kikuchi , K. (2015). Demotivation in Second Language Acquisition: Insights from Japan. Multilingual Matters.

María Méndezen esanetan, motibazioa landuago dagoen gaia da, 60. hamarkadatik baitator kezka. Desmotibazioari dagokionez, berriz, XX. mendearen bukaera arte ez zitzaion horri erreparatu. Oro har, erabat arrunta den gertaera dugu. Arazoa da zenbatetan gertatzen den jakitea, zenbat irauten duen eta zein sakontasunez. Ikasteari uztea izan daiteke desmotibazioaren ondorio zuzenetako bat eta hori kezkagarria izan ohi da maila askotan.

“Sistema dinamiko konplexuak” eredua azaldu du bigarren hizkuntza bateko ikaslearen motibazioak nola funtzionatzen duen ulertzeko. “Zurezko mugikarien” metafora erabili du sistemak irudikatzeko. Izan ere, eragile edo nodo anitz daude eta ez da erredukzionismorik egin behar. Haren ustez, ikastaro bat hasten den bakoitzean eratzen da sistema bat. Irekia da sistema gainera, osagaiak (ordutegia, tokia, irakasleak, ikasleak, metodologia…) alda daitezkeelako, baita ikastaro beraren garapenean ere (ikasle berri baten eragina, adibidez, ona zein txarra izan daiteke; “trakzio-ikasleak” badaudela aipatu da elkarrizketan, kontrakoak ere bai).

Desmotibazioaren gertuko eta elkarren artean lotutako kontzeptuak ere azaldu ditu, hala nola amotibazioa (interes eza zuzenean, ikastera beharturik egotea dena delakoagatik), birmotibazioa eta erresilientzia. Jarduteko garaian kontuan hartu beharrekoak dira.

Ikerketen emaitzen arabera azaldu digu Mariak zeintzuk diren motibazioa galarazten duten eragile nagusiak. Hala, irakaslea da aipatzen den lehendabiziko faktoreetako bat (esate baterako, aldea egotekotan nola irakasten den eta nola ikasi nahi duten ikasleek). Metodologia ere badago tartean  (ikasleek gehiago hitz egin nahi dute antza, kulturaren arabera nolako elkarreragina eskatzen den…). Beste faktore batzuk honako hauek dira, betiere behar bezala testuinguruan jarrita: hizkuntzaren balorazioa herrialde jakin batean (zertarako balio duen, norekin edo zerekin identifikatzen den hizkuntza…), ikasleek ez dutela ikasten sumatzea edota gizonen eta emakumeen arteko aldea azalpen- eta jarduera-motaren arabera.

Motibazioa galtzea sortaraz dezaketen faktoreei erantzuteko irtenbidea ez da bakarra eta, behin eta berriz aipatu duten bezala, testuingurua hartu behar da aintzat. Taldearen dinamika funtsezkoa da, eta motibazio sozialaz ere hitz egin dute. Dena den, eta Mariaren ikerketa batean jaso zen bezala, jarduera-motak aldatzeak berehala izaten du eragina desmotibazioan.

Ondoren, zenbait aholku eta estrategia birmotibatzaileren berri eman du (edo gutxiago desmotibatzearekin, gutxienez):

  • Lehendabiziko egunetik klasearen kudeaketari erreparatzea, izenak edo datu pertsonalak ezagutzetik harago: hizkuntza ikasteaz ikasleak zer espero duen jakiteko ahalegina egitea, zer gustatzen zaion, zer den bere ustez zailagoa edo errazagoa, zein den hizkuntzen ikasketan duen eskarmentua… Honelakoak taldean ere komenta daitezke, edo bakarka adierazi irakasleari. Eta ahal den neurrian azaldutakoari erantzuteko ahalegina egingo dela jakinarazi.
  • Hasieratik giro ona sustatzea eta horri eusten saiatzea (umorearen erabilera, taldearen "istorioak" eta "gertakariak" gogoraraztea...).
  • Alderdi afektiboari erreparatzea, tentsiorik ez sortzea. Adibidez, ikasleak ustekabean harrapatzera ez joatea, lotsak ekiditea, ondo egiteko aukera ematea… Azken finean, enpatia izatea; alderdi hau landu daitekeela dio eta horretarako era bat honelako hausnarketa izan daiteke: ni ikaslea banintz eta irakasleak hori egingo balu?
  • Aukera irekiak eman, ahal dela, gustu desberdinei erantzuteko modua baita. Jarduera-motei dagokienean ere bai.
  • Jarduera luzeak ekiditea, ikasleak asper ez daitezen.
  • Klase-bukaeran ikasitakoaren laburpena egitean, denen artean, eta irakasleak oinarrizkoa dena azpimarratzea.
  • Lor daitezkeen helburuak ezartzea, adieraztea eta gogoraraztea. Aldi berean, diskurtsoa errealista izatea: izan ere, erraza dela esateak ez du laguntzen ikaslearen nolakotasunaren arabera eta frustraziorako bide izan daiteke.
  • Irakaslearen rola animatzaile gisa ere ulertzea. 

Arestian aipatutako liburuaz eta 2017an Thailandian espainolaren irakaskuntzari buruzko artikulu batez gain, hark esan duenez, oraindik orain testu berezitu askorik ez dagoenez, irakaskuntzan desmotibazioaz orokorrean dagoena ere irakur daiteke.

Maria Méndezek gai honetaz idatzitako artikuluak Diigo-n jaso dituzte LdeLenguan. Dena den, hona hemen erreferentziak, baten bat interesaturik badago:

Méndez Santos, M. C. (2018). Gestión de dinámicas de grupos en la enseñanza de ELE a adultos en contextos de instrucción formal: una pieza más del complejo fenómeno del aprendizaje. RILE, Revista Internacional de Lenguas Extranjeras, International Journal of Forein Languages, 2(9), 31-54. https://doi.org/10.17345/rile9.2508

Méndez Santos, M. C. (2019). Estudios sobre la desmotivación del alumnado en el aprendizaje formal de lenguas extranjeras : estado de la cuestión. Études romanes de Brno, 40(1), 99-122. https://doi.org/10.5817/ERB2019-1-7

Méndez Santos, M. C. (2020a). La desmotivación de los estudiantes adultos de ele: un acercamiento desde los sistemas dinámicos complejos. The Demotivation of Adult Students of SFL: An Approach from the Complex Dynamic Systems Theory. Culture Crossroads, 15. https://doi.org/10.55877/cc.vol15.183

Méndez Santos, M. C. (2020b). Aproximación a la amotivación y la desmotivación en el aprendizaje de contenidos a través del inglés como medio de instrucción (EMI) en la enseñanza superior en una universidad española. Hesperia, 23(1). https://doi.org/10.35869/hafh.v23i0.2768

 

 


ERREFERENTZIA

 

Herrera, F. (esataria). (2022, abenduaren 18a). LdeLengua 148, la desmotivación en el aula de ELE. [Podcasta]. L de Lengua. https://eledelengua.com/ldelengua-148-la-desmotivacion-en-el-aula-de-ele/

Beste eduki interesgarriak

La desmotivación en el aula de lenguas adicionales

"La desmotivación en el aula de lenguas adicionales" liburua

Era labur bezain zorrotzean landu du María Mendez Santosek desmotibazioaren gaia atzerriko hizkuntzen edo hizkuntza gehigarrien eskolen eremuan. Xede nagusia da irakasleei aldagai indibidualen fenomenoari era gogoetasu eta praktikoan erantzuten laguntzea, horrelako ikasleen desmotibazioa ekidin dezaten.