Irakasbil
Didakteka
"La desmotivación en el aula de lenguas adicionales" liburua (Mª del Carmen Méndez)
Era labur bezain zorrotzean landu du María del Carmen Mendez Santosek desmotibazioaren gaia atzerriko hizkuntzen edo hizkuntza gehigarrien eskolen eremuan. Izenburuan ageri denez, ikerketa, teoria eta praktika bildu nahi izan dira. Liburu irakurterraz honek hizkuntza-irakasle berriari (edo ez horren berriari) faktore indibidualei buruzko marko teorikoa, horren inguruko informazio zientifikoa eta ikaslearen indibidualtasuna aintzat hartzeko aholku praktikoak eskaini nahi dizkie, baina, batez ere, desmotibazioaren fenomenoa aurkeztu, ezezagunenetakoa delakoan. Azken finean, xedea da irakasleei aldagai indibidualen fenomenoari era gogoetatsu eta praktikoan erantzuten laguntzea, horrelako ikasleen desmotibazioa ekidin dezaten.
Hala, lehenengo atalean aldagai indibidualen kontzeptua landu du eta hizkuntzak ikasteko duten garrantzia azpimarratu. Honelakoei erreparatu die labur-labur:
- alderdi kognitiboei (gaitasuna, memoriak, ikasestrategiak eta ikasestiloak);
- sozialei (adina, generoa, familia-testuingurua, jatorria eta testuingurua, egoera legala, gizarte- eta hezkuntza-maila, erlijioa eta erlijio-sinesmenak);
- kulturalei;
- afektiboei (hitz egiteko joera eta uzkurtasuna, antsietatea, autoestimua, erresilientzia, asperdura, jakin-mina, lotsa).
Motibazioarekin lotura dutenei erreparatu zaie bereziki bigarren atalean. Izan ere, motibazioa hausteagatik dator desmotibazioa eta bi faktore horiek, dira, gaitasun linguistikoarekin batera, hizkuntza bat arrakastaz ikasteko (ala ez) funtsezko faktore iragarleak. “Amotibazio” eta “remotibazio” kontzeptuak ere azaldu dira.
Hirugarren atalean, faktore desmotibagarri ohikoenak aztertu
dira eta eskolarako gomendio zehatzak eman. Aipatutako faktoreen artean honako
hauek ditugu: sentimendu negatiboak, irakasleria, metodologia, materialak eta
jarduerak, taldea, hizkuntzarekiko edo hiztun-komunitatearekiko jarrera eta
teknologia daude.
Azkenik, ondorio batzuen bidez laburbildu du egileak proposamena eta ebazpena duten bost ariketa proposatu ditu. Halaber, bibliografia oparoa dago.

