Curriculuma egokitzea: ikasleen aniztasunari erantzuteko tresna

Argitaratua: Tuesday, 9 September 2025, 10:01 AM
Changing teaching practices using curriculum differentiation to respond to students’ diversity

Changing teaching practices using curriculum differentiation to respond to students’ diversity liburuak curriculumaren egokitzapena aztertzen du bost ataletan, irakasleek ikasle guztien beharrei erantzuteko tresna gisa. Ikasleen ezaugarriak ulertzeko estrategiak aurkezten dira bertan, hala nola aurre-ezagutzak, interesak eta ikas-estiloak. Irakas- eta ikas-estrategia desberdinak biltzen dira, esate baterako, maila anitzeko jarduerak edo taldekatze malguak egitea (talde osoa, talde txikiak, bikoteka, interes-taldeak edo elkarlanean aritzeko aditu-taldeak).   

Zer da curriculuma egokitzea? 

Curriculuma egokitzea da irakaskuntza ikasleen interes, gaitasun eta beharren arabera moldatzea. Ikasle bakoitzak bere erritmoan eta moduan ikas dezan, irakasleek edukiak, prozesuak eta ebaluazioak molda ditzakete, eta alor horietan dagozkion egokitzapenak egin: 

  •     Edukia: testuak, galderak edo jarduerak egokitzea; adibidez, galdera osagarriak eginez. 
  •     Prozesua: ikasteko moduak aldatzea eta bakoitzak  bere gaitasun, nahi eta beharren arabera nola ikasi nahi duen erabakitzea; hau da, informazioa biltzeko eta aurkezteko hainbat teknika hartzen dira kontuan (input moduak). Adibidez, irakasleak zenbait material eskain dezake edo ikasleek beraiek bil dezakete informazioa. Gainera, trebetasunen bat praktikatzeko metodoak eta jarduerak presta daitezke bakoitzaren gaitasunen arabera (output  moduak). Esaterako, ikasleek hauta dezakete beren zeregina nola egin nahi duten (idatziz, hitz eginez, marraztuz edo antzeztuz). 
  •     Produktua: ebaluazio-moduak moldatzea; adib., autoebaluazioa, koebaluazioa, behaketa, portfolioak…). 
Ikasleen interesetara egokitutako irakaskuntza 

Irakasleek ikasleen aurre-ezagutzak eta interesak ezagutu behar dituzte, ikasle bakoitzaren curriculuma egokitzeko. Horretarako, honako hauek erabil daitezke: 

  •     KWL taula: “Zer dakit?”, “Zer jakin nahi dut?” eta “Zer ikasi dut?” galderekin osatutako hiru zutabeko taula da, eta zutabe bakoitzean ikasleen erantzunak idazten dira.  
  •     Behaketa, interesen zerrendak eta elkarrizketak

Behin informazioa jasota, irakaskuntza egokitu daiteke: 

  •     Maila anitzeko jarduerak: talde osoari zailtasun-maila desberdinak eskaintzea. 
  •     Ikaskuntza-guneak: ikasleen interesetara egokitutako espazioak sortzea. 
  •     Ikaskuntza-hitzarmenak: ikasleekin adostea beren lan egiteko modua.  
  •     Taldekatze malguak: beharren arabera, modu dinamikoan antolatzea talde heterogeneoak edo homogeneoak, ikasle guztien parte-hartzea eta motibazioa sustatzeko. 
Irakaskuntza inklusiborako ebaluazio-estrategiak 

Ebaluazioa ez da amaierako proba bakarrik, baizik eta ikasprozesuaren parte, eta honako ebaluazio-estrategia hauek balia daitezke: 

  •     Behaketa: ikasleen portaera eta trebetasunak ikusteko. 
  •     Hasierako maila identifikatzea: ikasleen aurre-ezagutzak jakiteko.  
  •     Akatsak aztertzea: ikasleek beren lanetan egiten dituzten akatsen ereduak identifikatzeko.  
  •     Portfolioak eta egunkariak: ikasleen aurrerapenak jasotzeko. 
  •     Errendimenduaren ebaluazioak: ikasleek zeregin bat burutzea, kontzeptu edo trebetasun bat ulertzen dutela erakusteko. 
  •     Ikasleen hitzaldiak: ikasleek hitz egiten dute euren aurrerapenak autoebaluatzeko, bai eta irakaslearen nahiz ikaskideen feedbacka jasotzeko ere. 
Irakasleentzako aholku praktiko batzuk 
  •     Erabili KWL taula ikasleak ezagutzeko. “Zer jakin nahi dut?” galderari emandako erantzunak erabil ditzake irakasleak jarduerak diseinatzeko. “Zer ikasi dut?” galderari erantzuten diote ikasleek jarduera amaitu ondoren, eta autohausnarketa sustatzeko balio du.  
  •     Sortu interesen zerrenda, zer ikasi nahi duten jakiteko. Irakasleek beren zerrendak sor ditzakete galdera irekiak edo “bai” eta “ez” erantzunak erabiliz, ikasleen interes-arloak zehazteko.   
  •     Antolatu ikaskuntza-guneak lankidetza sustatzeko; adib., elkarlanean aritzeko aditu-taldeak (jigsaw). Talde txikiei gai bera ematen zaie, baina talde bakoitzeko ikasle bakoitzari gaiaren zati bat ematen zaio; kide bakoitzaren ardura da bere zatia ikastea eta “aditu” bihurtzea.  
  •     Erabili ebaluazio-estrategiaren bat (behaketa, portfolioak), ikasleen aurrerapena neurtzeko. 
Laburpen-taula: estrategiak eta adibide batzuk 

Praktika inklusiboak

Helburua

Adibide praktiko bat

KWL taula eta interesen zerrendak 

(1. atala, 22.or.)

Ikasleen ezagutzak eta interesak identifikatzea

KWL taula: Zer dakit? Zer jakin nahi dut? Zer ikasi dut?

Ikaskuntza kooperatiboa 

(2. atala, 44.or.)

Talde heterogeneoen bidez ikastea

Jigsaw elkarlanean aritzeko aditu-taldeak: 

ikasle bakoitzak gai baten atal bat lantzen du, eta bakoitzak berea taldeari azaltzen.

Taldekatze malguak 

(2. atala, 49.or.)

Taldeak motibazioaren arabera antolatzea

Interes-taldeak (gai bereko zaletasunak dituzten ikasleak elkartzea).

Denboraren kudeaketa 

(2. atala, 50.or.)

Ikaskuntza-erritmoa egokitzea

Saio laburrak, jarduera dinamikoak eta atsedenak

Maila anitzeko jarduerak 

(3. atala, 61.or.)

Zailtasun-maila desberdinak eskaintzea

Irakurmen-ariketa: testu bera, baina galderak maila desberdinetan (errazak, ertainak eta zailak).

Maila anitzeko ikaskuntza-guneak (3. atala, 62.or.)

Interesetara eta beharretara egokitutako guneak

Guneak: hiztegia lantzeko jolasak, ahozko jarduerak, irakurketa, idazketa…

Ikaskuntza-hitzarmenak 

(3. atala, 64.or.)

Ikasleak bere ikaskuntza aukeratzea

Ikasleak aukeratzen du nola egin bere lana: ahozko aurkezpena, posterra, marrazkia edo idatzizko txostena




Erreferentzia bibliografikoa
 
Perner, D. (2004). Changing teaching practices: using curriculum differentiation to respond to students' diversity. Unesco. https://unesdoc.unesco.org/ark:/48223/pf0000136583.