Didakteka
Autoebaluazio baliagarria eta atsegina sustatzeari buruz
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:

- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Bisitak: 1514
- Iruzkinak: 2
- Gogokoak: 1
“Cómo promover una autoevaluación útil y gratificante” web-mintegia antolatu zuen Mondragon Unibertsitateak 2020ko maiatzean; Neus Sanmartí izan zen hizlaria. Didaktikan aditua dugu; Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko katedratiko izan ondoren, irakasle emeritua da egun.
Ikasteko prozesuan aurrera egiteko ebaluatzeak duen garrantzia azpimarratu zuen web-mintegian. Halaber, honako hau utzi nahi izan zuen argi: ebaluatzeak konnotazio negatiboa baldin badu, horren atzean kalifikazioan eta bukaerako notan oinarritutako irakaslearen ebaluazioa soilik dagoelako izan litekeela. Horregatik, ebaluazio horri ikaslearen ebaluazioa (autoebaluazioa) gehitzea proposatu zuen.
Neus Sanmartiren esanetan, hiru alderdi argi eduki behar dira ebaluazioa irakaskuntzarako benetan baliagarri izateko:
- zer ebaluatu behar den
- zertarako (kalifikatzeko, ikasteko)
- ikasleek zer ikasi behar duten
Halaber, interesgarria da bere ustez ikasleek gaizki egitea jarduera bat, akatsetatik ikasten delako.
Jarraian, ebaluatzerakoan zein hiru urrats ematen diren azaldu zuen:
-
Datuak biltzea.
- Horiek analizatzea edota balioestea, ikusten diren zailtasunen arrazoiak “ulertzeko” . Hainbat bide daude horretarako, adibidez, errubrikak eta irizpideen zerrendak.
-
Erabakiak hartzea. Bi alderdi daude hemen. Alderdi pedagogikotik, irakasleak egiten duen ebaluazio formatiboa nahiz ikaslearen ebaluazio hezitzailea dago. Alderdi sozialetik, berriz, ebaluazio sumatiboa edo kalifikatzailea edo egiaztatzailea dago.
Beraz, datu-bilketa egiteak zentzua du soilik aurrera egiteko erabakiak hartzen laguntzen badu; horretarako, autoebaluazioaren garrantzia azpimarratu zuen Neus Sanmartík. Bere esanetan, ikasleek ez dituzte beti erabaki egokiak hartzen; hala, irakaslearen feedback edo atzeraelikadura eraginkorra izango da baldin eta feedforward edo aurreraelikadura baterantz joaten laguntzen badu eta hobetzeko aholkuak proposatzen baditu. Feedforward kontzeptu berria erabili zuen web-mintegian; feedforward jarduera horretan, ikasleak bere buruari galdetu behar dio ea nola egiten zuen lehen eta nola orain, eta zertan egin aurrera.
Neus Sanmartiren irizpen teknikoaren arabera, hori da ikasten ikastea eta autorregulatzea, eta horretarako hiru baldintza daude:
-
ikasteko helburua ikustea (zertarako?)
-
aurreikustea eta planifikatzea
-
ebaluazio-irizpideak erakustea
Feedbackak hiru baldintza horiek erregulatzeko orientabideak eskaini behar ditu, eta ez hainbeste ongi ala gaizki dagoen esan. Izan ere, bere esanetan, ikaslea ikaskuntzan aurrera egiteko motibaturik baldin badago ikasten da benetan ebaluatzen; horretarako, hau da, norberaren bilakabideaz jabetzeko, ebaluatzen eta autoebaluatzen ikasi behar da.
Web-mintegian esandakoaren ikuspegi beretik, liburu bat idatzi zuen Neus Sanmartík: 10 ideas clave. Evaluar para aprender. Gerora, 2010ean hain zuzen, euskaraz eman zuen argitara EHUk: 10 gako ikasteko ebaluatzen. Argitalpen horretan, irakasleen eta ikasleen arteko harremana hobetzearren eta erraztearren, ebaluazio formatiborako 10 gako edo ideia berri eskaintzen dizkio irakasleari. Azken finean, emaitzak ezagutzeaz gain, ebaluazioak beste balio nagusi bat ere badu: formatiboa eta hezitzailea.
Erreferentziak:
- Sanmartí, N. (2010). 10 gako ikasteko ebaluatzen. UPV-EHU Argitalpen Zerbitzua.
- Mondragon Unibertsitatea. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea. (2020, maiatzaren 28a). Cómo promover una autoevaluación útil y gratificante. [Bideoa]. https://youtu.be/ySB_9blsoFI