Irakasbil
Didakteka
Adierazkortasun-baliabideak antzerkiaren bitartez ikasteko proposamena
Euskera Ikerketa Aldizkarian argitaratutako artikuluak antzerkia aurkezten du euskararen ahozkotasuna eta adierazkortasun baliabideak lantzeko tresna pedagogiko eraginkor gisa. Proposamena Iruñean bizi eta ikasten duten DBHko gazteei zuzenduta dago, eta Euskal Hizkuntza eta Literatura ikasgaiaren esparruan kokatzen da. Ines Azkaratek azpimarratzen du antzerkiak aukera ematen duela hizkera informala, erregistro aldaketak eta hizkuntza-jokoak modu naturalean praktikatzeko, bereziki euskararen erabilera apala den testuinguruetan. Iruñeko erabilera-datu kezkagarrien atzean dauden arrazoiak azaldu ondoren, artikuluak nabarmentzen du erabilera apalaren atzean dagoen arrazoietako bat euskararen erabilerarako gaitasunik eza dela. Horregatik, egileak proposatzen du ikasleei naturaltasunaren eta benetakotasunaren nozioak azaltzea, baita hizkuntza-ideologiei buruzko hausnarketa sustatzea ere.
Kontzientzia metalinguistikoaren garrantzia aditzera ematen da artikuluan, gazteei askotariko ereduak eskaini eta ahozkoa modu sistematikoan lantzeko premia dagoenez, ikasleak erregistro-aldaeretan trebatzeko beharra dago, haien hizkuntza-bizipenak areagotzeko. Ikasleek hizkuntzaren formari buruz hausnartu eta hizkuntza manipulatzen ikasi behar dute. Horretarako, kontzientzia fonologikoa, morfologikoa eta pragmatikoa lantzea proposatzen da. Antzerkiaren balio hezitzailea defendatzen da. Antzerkiak ahozkotasuna, ahoskera, gorputz-adierazpena, sormena eta talde-lana garatzen laguntzen duela azaltzen da. Gainera, gazteak euskaraz aritzera motibatzeko eta kultura-erreferenteak ezagutzeko bide egokia da. Edonola, proposamen didaktikoaren helburua xumeagoa da: ikasleak adierazkortasun-baliabideekin trebatzea.
Helburuen artean daude:
- antzerki-gidoiak moldatzen ikastea;
- erregistro formal eta informalak bereiztea;
- adierazkortasun-baliabideak erabiltzea;
- ahozkotasuna eta gorputz-adierazpena lantzea;
- euskaraz hitz egiteko gozamena sustatzea.
Metodologiari dagokionez, Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza erabiltzen da: ikasleek antzezlan bat sortu, moldatu eta taularatu behar dute taldeka. Metodologia komunikatiboa lehenesten da. Baliabide gisa antzerki-testuak eskaintzen dituzten webguneak erabiltzen dira (Ganbila eta Mikel Martínez). Halaber, entseguetarako espazio egokia eta pertsonaiak karakterizatzeko baliabideak kontuan hartzen dira. Sekuentziazioa egiteko, Gora teloia! ANTZERKI GIDA (Goenaga, 2021) eta Antzerkia. Le Théâtre (Goenaga eta Barea, 2021) dira oinarri.
Erreferentzia bibliografikoa
Azkarate Etxeberria, I. M. (2026). Antzerkiaren bitartez adierazkortasun-baliabideak ikasteko proposamen didaktikoa. Euskera Ikerketa Aldizkaria, 1(71), 11-46. https://doi.org/10.59866/eia.v2026i71.327


