Parekoen behaketaren bidez komunikazio-gaitasuna ebaluatzen: zer dute nahiago ikasleek, errubrika tradizionala ala bideo-behaketa

Argitaratua: Thursday, 5 November 2020, 8:03 AM
Hormaetxe & Iruskieta

Lan honen helburua ikasmaila ezberdinetako ikasleek euren parekoen ahozko komunikazio-jarduna eta -estrategiak nola ebaluatzen dituzten aztertzea da. Horretarako, bi tresna ezberdin erabili ditugu: bata, bideo-etiketa bidezko behaketa (Video Enhancing Observation, VEO tresnarekin) eta, bestea, errubrika digitala. Aztertu ditugun ikasle-taldeak bi hauek dira: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasle-taldea eta unibertsitateko ikasle-taldea. Ondoren, bi tresnen erabilerarekin lortu diren emaitzen inguruko hausnarketa egin da, horretarako ikasleei inkesta bidez galdetuta. Bukatzeko, ikasleen esperientzia oinarri hartuta, horien parte-hartzea deskribatu da eta, komunikazioko arloari erreparatuz gero, arreta handiena non jarri duten aipatu: errubrika bidez egindako ebaluazioan ala bideoan oinarritutakoan. Emaitzen arabera bai unibertsitateko ikasleek bai DBHko ikasleek uste dute egokiagoa dela bideo-etiketa bidezko behaketa, ahozko jarduna hobetzeko eta horri buruzko atzeraelikadura emateko.

https://doi.org/10.54512/LALI2532

Beste eduki interesgarriak

Jaume Batlle

Parekoen behaketa irakasleen garapen profesionalean: Video Enhanced Observation (VEO) sistemarekin egindako esperientzia praktiko bat

Parekoen behaketa gero erabiliagoa da ikastetxeetan irakasleen garapen profesionalerako praktika gisa. Gogoeta egitea barne hartzen duenez, irakasleek eskolan egin duten lanari eta izan duten jokabideari buruzko gogoeta egin dezakete behaketa modu honi esker, ikasgelan gertatu dena behatuz eta eztabaidatuz. Hala ere, sarritan, irakasle askok ez dute era horretako prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi izaten, behatuak izateak beldurra edo erreparoa ematen dielako. Parekoen behaketaren ezaugarriak analizatzea da artikulu honen xedea, irakurleak sakonago ezagutu ahal izan dezan zer esan nahi duen eta zer eskaintzen dion irakasleen garapen profesionalari. Halaber, parekoen behaketaren ezaugarriak jorratu ondoren, Video Enhanced Observation (VEO) aurkeztuko da. Ikasgelako saioak bideoan grabatzeko aplikazio mugikor bat da, klasean zehar gertatzen diren elementuak eta ezaugarri bereziak etiketatzeko aukera ematen duena, behaketa-prozesua eta, batez ere, behaketaren ondorengo eztabaida, errazagoa, arinagoa, malguagoa eta zehatzagoa izan dadin.
Arriola-Goikoetxea-Iruskieta

Hizkuntza-teknologiak hizkuntzen ikas-irakaskuntzan: zenbat aukera, hainbat erronka

Hizkuntzen ikas-irakaskuntzan hizkuntza-teknologiak egin dezakeen ekarpena azaltzea da artikulu honen helburua. Horretarako, hizkuntzalaritza konputazionala zer den eta eskolan zelan erabil daitekeen landuko da alde batetik. Beste alde batetik, testuinguruari eta nazioarteko esperientziei gainbegirada orokorra emateaz gain, euskararen esparruan garatu diren baliabideei eta egiten ari diren ikerlanei ere errepara-tuko zaie, etorkizuneko bideak eta erronkak alde batera utzi gabe.