DOI identifikadorea e-Hizpide aldizkarian

Argitaratua: Friday, 17 December 2021, 12:30 PM
DOI

Aldaketa bat eman da e-Hizpide aldizkariaren edukietan itxi berri den 98. zenbakian. Izan ere, bai aldizkariak berak, bai 98. zenbakiak , bai argitara eman den artikulu bakoitzak DOI identifikadorea dute, matrioxken antzeko egitura hartuz. Are: artikulugileentzako irizpideetan, erreferentzien arloan eta APA ereduari jarraikiz, DOI duten objektuak aipatzen dira aspalditik. Horregatik, zenbaki honen aurretik argitara emandako artikuluetan ikus daitezke horrelakoak. Zer da DOI delako hori, baina?

Funtsean, edozein eduki digital (liburu bat, liburu baten kapitulu bat, aldizkari bat, aldizkari baten zenbaki bat, aldizkari baten artikulu bat…) modu iraunkorrean identifikatzeko modua da. Ondorioz, bakarra da eduki jakin baterako eta ezin da errepikatu. Halaber, azpian zenbait metadatu daude.

Web-orrialdeetarako erabiltzen diren URLen formatu bera dute, baina horiek ez bezala, estekak ez dira desagertzen edo hausten, edukia lekuz aldatu arren. Azken finean, eduki hori beti eskuragarri egotea ziurtatzen du DOI identifikadoreak, nahiz eta URLa aldatu.

Joan den mendearen bukaeran jarri zen sistema hau abian, zenbait erakunderen ekimenez. Urteetan zehar aldaketak egin badira ere, hauxe da egungo adibide erreal bat:

 https://doi.org/10.54512/JOGA7583

 Beraz, hiru atal ditu egun DOI delakoak;

  • Hasiera. Finkoa. Hauxe da egungo era: https://doi.org
  • Editoreari dagokion atala edo “aurrezenbakia”. Editore bakoitzaren kasuan ez da aldatzen, edukia edozein izanda ere. Esaterako, hauxe da HABErena: 10.54512
  • “Atzizkia”: eduki digital jakin bati dagokion konbinazio alfanumerikoa; artikuluetan, behintzat, “lausoa” edo zehaztasun handirik gabekoa izatea aholkatzen da une honetan. Emandako aurreko adibidean: JOGA7583

Informazio osagarria (ingelesez):

Show comments
  • 2019anIñaki Murua - Fri, 22 Jul 2022, 10:06 AM
    e-Hizpideko artikuluez gain, Irakasbilen argitara eman diren bestelako edukiei ere DOI identifikadorea ematen hasi gatzaizkie, liburuak esate baterako.

Beste eduki interesgarriak

APA Style

APA, aipuak eta erreferentzia bibliografikoak egiteko jarraibideak

Lan akademiko bat egitean erabilitako iturriak aipatu behar izaten dira horrelakoak aurkezteko dauden arau jakinen bitartez. Jarraibide hori egokia da, oro har, sortzen dugun edozein testutarako. Gaur egun, aipuak eta erreferentzia bibliografikoak egiteko arau-mota ugari badaude ere, APA estiloa da erabilienetako bat erakunde akademikoetan, aldizkari zientifikoetan eta argitaldarietan. Horri erreparatzen diogu, besteak beste, e-Hizpiden eta Irakasbilen oro har.