Argitalpenak
e-HIZPIDE. Artikulugileentzako irizpideak
- Atala:
- Egilea:
- Atala:
- Egilea:
- Bisitak: 5569
- Iruzkinak: 2
- Gogokoak: 1
1. 1983tik paperean argitara eman ziren ZUTABE (1983-1994) eta HIZPIDE (1995-2015) aldizkarien jarraipen digitala da e-HIZPIDE. Berezko nortasuna du aldizkari elektronikoak; izan ere, bere ISSNa du argitalpen digitalak eta DOI zenbakia, berriz, aldizkariak, zenbakiek zein argitaratzen diren artikuluek.
2. Argitalpen jarraitua da; alegia, ez dago argitara emateko data jakinik eta artikuluak ez dira aldi berean argitaratzen. Hala ere, urtean bi zenbaki plazaratuko dira, ekainean eta abenduan hain zuzen, seihileko bakoitzean agertutako artikulu guztiak bilduta.
3. Artikuluak euskaraz argitaratzen dira. Zuzendaritzak hala baderitzo, beste hizkuntzaren batean aurkeztutako edota idatzitako lanak itzuli egingo dira.
4. Creative Commons By-NC-ND lizentziapean argitaratuko dira artikuluak Irakasbil atarian eta era askean eskuratu ahal izango dira.
e-HIZPIDEren esparruak eta gaiak
5. e-HIZPIDEk, helduen euskalduntzearen alorrean diharduenez gero, berezko esparru ditu lehen hizkuntzaren eta xede-hizkuntzen ikas-irakastearekin zerikusia duten zientziak eta esparruak. Horregatik emango ditu argitara Psikolinguistika, Euskal Filologia, Linguistika aplikatu, Soziolinguistika, Andragogia, Pedagogia, IKT eta Kudeaketa Akademikoaren inguruan idatzitako artikuluak; betiere, irakurleen ezagupena sendotu eta guztion arteko eztabaida emankorra sorrarazi eta informazio esanguratsua emateko asmoz.
6. e-HIZPIDEk, nahiz eta aipaturiko jakintza-alorrei buruzko ekarpenak hobetsi, ez ditu baztertuko helduez beste gizataldeekin aritzen direnenak edota bestelako alorretakoak, baldin eta ikas-irakas egoera ezberdinetan aritzen direnentzat ere baliagarri bezain interesgarri gertatzen badira.
Luzera
7. Orientabide gisa, artikuluaren luzera 15 bat orrialde ingurukoa izango da gehienez; 2.900 karaktere (zuriuneak barne) jotzen da orrialdetzat. Artikulu luzeagoak aurkeztekotan, litekeena da zatitzea eta zenbaki desberdinetan argitaratzea, betiere egilearekin adostuta.
Artikuluaren euskarriak
8. Artikuluak euskarri digitalean aurkeztuko dira. Microsoft-eko Word testu-prozesadorearekin bateragarria den edozein testu-prozesadore erabil daiteke horretarako.
Laburpenak eta deskriptoreak
9. Hasieran, laburpena emango da, titulu eta egilearen izenarekin eta datuekin batera. Laburpenok ehun hitz ingurukoak izango dira, eta bertan era inpertsonalean emango da artikuluaren mamia. Halaber, gehienez, bost deskriptore edo gako-hitz ere proposatuko dira.
Irudiak eta grafikoak
10. Gogo onez hartuko dira artikulua irakurterrazagoa egiten lagunduko duten irudiak, grafikoak eta horrelakoak. Edonola ere, egile-eskubideak zaindu beharko dira. Erreproduzitzeko materialak kalitate onekoa izan behar du, eta, ahal dela, bereizitako fitxategian eta editatzeko moduan igorriko da.
Erreferentziak
11. Bibliografia eta erreferentziak artikuluaren bukaeran emango dira.
12. Artikuluan erabiliko diren erreferentzia bibliografikoetarako, APA (American Psychology Association) Style ereduari jarraituko zaio.
13. Aurreko arauen laburpen gisa, era honetara emango dira aipuak eta egileen erreferentziak testuaren barnean:
40 hitz edo gutxiagoko aipua
Testua komatxo artean, eta gero egilea, urtea eta orrialde-zenbakia, dena parentesi artean jarrita. Bestela, egilea eta, horren ondoren, urtea parentesi artean, testua komatxo artean eta, bukatzeko, orrialde-zenbakia parentesi artean.
40 hitz baino gehiagoko aipua
Testua bloke gisa, koskaz bereizia eta bukaeran (egilea, urtea, XX or.) jarrita.
Webgune orokor baten aipua, ez testu jakin batena
Nahikoa da URL-a edo esteka aipatzea.
14. Hona hemen aipatutako ereduaren ohiko adibideetako batzuk.
Liburua
Egile bakarra denean
Siguán, M. (1996). La Europa de las lenguas. Alianza Editorial.
Bi egile direnean eta sei baino gutxiago
Jonassen, D., eta Grabowski, B. (1993). Handbook of individual differences, learning and instruction. Lawrence Erbaulm.
Aldizkari-artikulua
Fulcher, G. (1996). Testing Tasks: Issues in Task Design and the Group Oral. Language Testing,13(1), 23-51.
Liburu baten atala
Haristchelhar, J. (1988). Le basque. Une langue résistant. In G. Vermes (ed.), Vingt-cinc communautés linguistiques en France (87-104 or.). L’Harmattan.
Linean dagoen dokumentua
Fumero, A. (2005).Un tutorial sobre blog. El abecé del universo blog. Telos. Cuadernos de comunicación e innovación, 65, 46-59. http://sociedadinformacion.fundacion.telefonica.com/telos/articulocuaderno.asp@idarticulo%3D1&rev%3D65.htm
Ruiz, F. (2014, ekainaren 15a). Cómo enviar cualquier tipo de archivo por WhatsApp. Androidsis. [Blog-sarrera]. http://www.androidsis.com/como-enviar-cualquier-tipo-de-archivo-por-whatsapp
DOI duen objektua
Adam, D. (2002). The counting house. Nature,415, 726-729. http://doi.org/10.1038/415726a
Zuzendaritzaren esku
15. e-HIZPIDEren zuzendaritzak aukeratuko du jasotako zein artikulu eta zein zenbakitan eman argitara.
Eta beste
16. Lan originalak ordaindu egingo dira, argitaratzeko unean indarrean dauden HABEk kanpoko lankidetzak ordaintzeko ezarrita dituen tarifen arabera.
17. Argitaratzen diren lanen egileak, irakurleek egin litzaketen iruzkin eta galderei erantzuteko ahalegina egingo dute, eztabaida didaktikoaren mesedetan.
18. e-HIZPIDEren zuzendaritza ez da argitara emandako iritzi edo baieztapenen erantzule.
Harremanetarako
HABE
e-HIZPIDE aldizkaria
Vitoria-Gasteiz, 3.
20018 Donostia