Euskaltzaindiak, UZEIrekin lankidetzan, koronabirusari buruzko oinarrizko lexikoa atera zuen iazko apirilean, eta, horrekin loturik, uztailaren bukaeran argitara eman du telelanaren oinarrizko lexikoa. Euskaltzaindiaren webgunean, denon eskura daude COVID garai honetan egunero darabiltzagun hitz batzuk. Horrela, telelanarekin zerikusia duten 23 termino daude jada sarean, euskaldun orok erabil ditzagun.
IATEFL erakundearen barruko Testing, Evaluation and Assessment SIG taldeak irailaren 25erako antolatu duen ekitaldi baten berri eman du: 'Lessons learnt from online assessment practices under Covid-19' ("Covid-19aren garaiko online ebaluazio-praktiketatik ikasi duguna"). Doakoa izango da eta hainbat hizlarik hartuko dute parte.
Carmen Pastor Villalba doktorea izango dugu hizlari 2021ko irailaren 17an Gasteizen egingo den helduen euskalduntzearen 2021/2022 ikasturtearen hasierako ekitaldi akademikoan; Bingen Zupiria Gorostidi Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu jauna izango dugu mahaiburu. Hitzaldiaren izenburua, berriz, "Las competencias clave del profesorado de lenguas segundas y extranjeras".
Euskarari buruzko 2020ko bibliografia hautatua dokumentua prestatu dute HABE liburutegian. Euskararen didaktikari, euskararen psikolinguistikari eta Euskal Herriko egoera soziolinguistikoari buruzko bibliografiaren hautaketa bat da, duela hiru urte hasitako bideari jarraikiz.
Interakzionismo Sozio-Diskurtsiboaren (ISD) VII. Nazioarteko Kongresua izango da Donostian uztailaren 5etik 7ra, UPV-EHUren Uda Ikastaroen barruan."Mintzaira-jarduera: ikerketak eta praktikak mundu eleaniztunean" du izenburu. Kongresua, hizkuntza gutxituei eta hizkuntza-aniztasunari arreta berezia (baina ez esklusiboa) eskaintzen dioten lau ardatzen inguruan dago egituratuta. Hizlarien artean, J.P Bronckart eta Joaquim Dolz izango dira, besteak beste. Bestelako ekarpenak ere izango dira, hala nola ahozko komunikazioak, sinposioak eta posterrak. Online edo aurrez aurre (aforo-mugaren arabera) parte hartzeko aukera izango da.Izena emateko epeari dagokionez, maiatzaren 31n bukatuko da. Hala ere, entzule moduan parte hartzeko epea zabalik egongo da kongresuaren egunera arte.
"Covid eta gero, zer? Ikaskuntzak eta erronkak pandemia-egoeran" da aurtengo MoodleMoot Euskadi topaketak duen izenburua. Online izango da ekainaren 4an eta izen-ematea doakoa da.
Apirilaren 28tik 30era egingo da ALTE (Association of Language Testers in Europe) erakundeak antolatutako lehenengo nazioarteko sinposio digitala. Izenburua, honako hau: "Safeguarding the Future of Multilingual Assesment in the Post-Covid World".